Arianna Puello, Novato eta Nehor protagonista Bilbon

Bizkaie! 2026-10-07 11:58   Musikea

2026ko SGAE Fundazinoaren III. Bilbo BEAT, urriaren 29an, 19:00retan.

SGAE Fundazinoak, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluaren bitartez, III. Bilbo BEAT aurkeztu dau, kultura urbanoari dedikautako jardunaldia, Campos Eliseos Antzokia lako espazioetan ohikoak ez diran musika-proposamenak ikusarazoteko. La Basuren zuzendaritza artistikoagaz eta Arianna Puello kartelburu dala, Novato (Javier Zalacain) eta Nehor (Haritz Olaeta eta banda) euskal artistek osotuko dabe programazioa; azken hau Euskadiko SGAE Fundazinoaren II. Sariaren irabazlea izan da Bilboko VI.Villasound jaialdian. Hitzordua, Kupula Aretoan (Bertendona kalea 3 Bis, 6. pisua), datorren urriaren 29an, arratsaldeko 19:00retatik aurrera. Sartzea librea da, beti bere, aretoa bete arte.

Kontuak kontu, Dominikar Errepublikako sustraietatik abiatuta, Arianna Puello hip-hoparen erreferentzia bihurtu da Espainian. Askorentzat, emakumeen hiphoparen ahots berezienetakoa, nazinoartean entzutetsua. 1994an ekin eutson ibilbide musikalari eta 1998an diskoa atara eban, El Tentempié izenekoa. Horren ondoren Gancho Perfecto, La Fecha, Así lo Siento, 13 Razones, Despierta eta Rap Comunión kaleratu zituan. Urteetan zehar hip-hop eta rap musiketako hainbategaz alarlanean ibili izan da, besteak beste, Orishas, Kase O, Gera MX edo eta Frank T.

Lau Latin Grammy sarietarako izentapenak eta Rolling Stone eta MTV Latam lako hedabideen aitamenak jaso ditu, besteak beste. Haren musikea Vive Latino, Viña Rock edo eta Monegros lako jaialdietan entzun da. Europan, AEBetann eta Latinoamerikan zehar birak egin ditu eta bere jarduera artistikoa zinemara, film laburretara, modara edo musika-ikuskizunetara be zabaldu da; askotariko proiektuen artean Nike markeagaz egindako kolaborazinoak eta Oro Negro ikuskizunean parte hartu izana. Arianna Puellok hiru hamarkadatik gorako ibilbidea egin dau eta Latinoamerikako zein Esdatuko hip-hop kulturearen figura dala erakutsi dau.

Euskal zigilua eta etorkizuna Novato zein Nehor artisten eskutik

Novato Javier Zalacain reggae eta dancehall abeslari eta produktorearen izen artistikoa da. Urduliztarra, 20 urte baino gehiagoko ibilbideagaz, gaztelaniazko dancehall-aren eredu dogu, egile honen musikeak Jamaikako sustraia ikuspegi garaikideagaz eta berezko arte-hizkuntzeagaz buztartzen dau. Bizkaitarraren ibilbidean zehar reggae, trap, drill, basshall, dubstep eta steppa lako generoak aztertu ditu. Space Level, Minimalist, Operar edo Basic Dancehall izeneko orain arteko lanek soinu-bilakaera etenbakoa islatzen dabe. Bidaia honetan Kafu Banton, Morodo eta Lasai artistakaz be kolaborau dau.

2025ean SPORT aurkeztu eban, proiektu horregaz KAWASAKI NINJA kontzeptua sendotuz, minimalismoan, grabeetan, motorretan eta abiaduran oinarritutako lana. Gaur egun, uniberso horrek veste urrats bat emon dau F1 BAND taldea tarteko dala, hau da, banda formatuko bere azken proposamen barriagaz. Halan da be, Bilbo BEATen DJ formatuko emonaldia eskainiko dau, eta, edozelan be, bizkaitarrak reggae eta dancehall-aren berrinterpretazino moderno, minimalista eta sendoa antzezteko doeak erakutsiko ditu, inor gitxik bezala menperatzen dauen DJ formatura egokitua.

Haritz Olaetak, Nehok, Bilboko VI. Villasound jaialdian Euskadiko SGAE Fundazinoaren II. Sariaren irabazlea izanik, urban, pop alternatiboa eta autore garaikidearen kantagintzearen artean mobiduten dan proposamen artistikoa plazaratuko dau, sensibilidade akustikoa eta ondo jagondako produkzinoa buztartuz. Emaitza soinu intimo eta emozional bat da, bai grabazioetan, bai zuzenean. Bere letren zintzotasunak, moldaketen fintasunak eta egungo euskal musika eszenarekin duen loturak definitzen dituzte ibilbide hasiberri baten ezaugarri nagusiak. Bere unibertso artistikoak bat egiten du Idoia Asurmendi, Izaro, Olatz Salvador edo Gorka Urbizu bezalako izenekin.

Niagara, 2026ko bagilaren 12an argitaratua, Nehor taldearen izenburupeko lehen singlea da, eta lehen euskarri kolektiboa berarentzat be, baita kide dituan gainerako bost kideentzat be; rap melodikoa, pop urbanoa eta talde formatuko sonoridadea baterauta. Mugarri horreekaz, gaur egungo euskal musikearen testuinguruan hazten dagoan interpretea da.

La Basu, buru

Zuzendari artistiko lanak Elena Caballerok egingo ditu, akaso, gure inguruko raparen aurrendaria eta erreferentetzat hartu geinken artistea. 90eko hamarkadearen amaieran Jungla Urbana emakumez osotutako taldea bultzatu ebanetik hamarkadak igaro dira etenbako ibilbide musikala jorratuz. Bere lehen album profesionala 2015ean heldu zan Aire es Vida lelopean. Ondoren, Izotz Erregina EPa (2016) etorri zan eta, horregaz, euskera hutsezko rap disko bat argitaratu eban munduko lehen emakumea bilakatu zan. Ordutik Ni naiz izotz erregina (2017) eta Gerra (2019) diskoak kaleratu ditu, baita Lurralde Komanxe zanekoa be (2023), estilo ugari nahastuten dituan lana, hain zuzen, eta ho Fermin Muguruza, Arianna Puello bera, Dinamiin (Palestina), Naturaleza Suprema (Kolonbia) edo Masta Quba (Mexiko) lako artisten laguntzaz gozau eban.

Fermin Muguruza beragaz honen 40. urteurren-biran ibili zan igaz. Gaur egun, ibilbide artistiko propioa eta kultura urbanoaren aurreko zein euskerearen aurreko konpromisoa biziten jarraitzen dau. Bilbotarraren lanak sorkuntza musikala, irakaskuntzea, genero-ikuspegia eta aldarrikapen soziala buztartzen ditu, rap adierazpenaren eta eraldaketearen tresnatzat hartuz. Estaduko eta nazinoarteko proiektu eta agertoki ugaritan parte hartu dau, eta euskal hip-hoparen emakumezko ahots ezagunenetako bat bihurtu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu