Chrysallis alkarteari emon deutso Urrezko Hirukia EHGAMek

Dabi Piedra 2017-06-28 13:01   Kulturea

Aniztasuna onartzeko burrukan bidelagun izan dauelako saritu dau ume transexualen senideen alkartea.

Imanol Alvarez, Beatriz Sever eta Jose Ignacio Sanchez | Ikusi handiago | Argazki originala

Bagilaren 28an, LGTBI kolektiboaren askapenerako nazinoarteko egunean, Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartinea emoten ditu urtero EHGAMek. Lehenengoa errekonozimenduzko izendapena da eta, bigarrena, erakunde edo personaren baten jarrerea txarrestekoa. Bilbon egindako agerraldian EHGAMeko arduradunek azaldu dabe aurten Chrysallis eta Hazte Oir alkarteak aukeratu dituela, hurranez hurran.

Gure burrukan urteotan lagun izan doguzanei emoten deutsegu Urrezko Hirukia, azaldu dau EHGAMeko kide Imanol Alvarezek. Aniztasuna autortu eta onartzeko bidean, aurten Chrysallisen lanak erakarri dau gure arretea. Ume transexualen errealidadea gizarteratzeko kanpainea egin dau alkarte horrek hileotan eta zeresana emon dau. Aldeko eta kontrako eretxiak agertu dira. Ez genduan espero kontrako erreakzino horren bortitza, dino Alvarezek.

Badira zakila daukien neskak eta bulbea daukien mutilak, hori izan da lelo nagusia. Beatriz Sever Chrysalliseko kideak dino kanpainea gaur egungo egoerearen sinbolo bihurtu dala: Une historiko baten gagoz, lehenengo aldiz ume transexualak izan badirala onartzen hasi da gizartea. Imanol Alvarezek zehaztu dau, kanpaineagaitik bakarrik ez, egunero egiten dauen lanagaitik be saritu nahi izan dabela Chrysallis.

Guraso talde txiki bat baino ez dirala azaldu dau Beatriz Severrek, euren denpora librea erabilten dabe alkartea aurrera ateratzeko. Helburua da gure seme-alabak zoriontsu izatea. Chrysallisen asko ikasi dauela azpimarratu dau, identidadearen inguruan asko ikasi dogu gure ume ausartei esker.

Trapuzko Espartinea, ostera, Hazte Oir alkarteari emon deutso EHGAMek. Ume transexualik ez dagoala aldarrikatzen izan dauen kanpainea abian ipini dau eta autobus bategaz mezu hori Espainia guztian zabaltzeko asmoa, azkenean horretarako trabak topau dituan arren. Gaur egun halako gorroto mezuak zabaltzen ibiltea larria begitantzen jaku, azaldu dau Alvarezek. Bistan da, Hazte Oir-ekoak ez dira espartinea hartzera etorri.

Larrosa koloreko espartina edo abarketa normal bat da Trapuzko Espartinea. Urrezko Hirukia, ostera, Edu Lopez artisteak egindako artelana da. EHGAMen izenean, Imanol Alvarezek eta Jose Ignacio Sanchezek emon deutsie Chrysalliseko ordezkari Beatriz Severri.

Beste alde batetik, EHGAM alkarteak 40 urte bete dituala gogora ekarri dau Imanol Alvarezek. Euskal Herriko Gay Askapen Mobimendua, beraz, Franco diktadorea hil eta gitxira hasi zan martxan. 1977an sortu eta urte haretan bertan antolatu eban lehenengo manifestazinoa, homosexualak gizarterako arriskutsutzat joten zituan legearen kontra. 1978an, Gay Harrotasunaren manifestazinoa egin eben Bilbon eta ordutik urteroko hitzordua da.

Halandabe, Alvarezek dino alkartean zalantzak izan dituela urteurrena ospatzeko orduan: Horrenbeste urte pasau eta hemen gagoz oraindino, gure lana beharrezkoa dalako, burrukan segidu behar izatea ospatzeko moduko zeozer da? Ekitaldi handien ordez, beraz, euren burrukea gogora ekarteko ahalegina egingo dabe 40. urteurrenaren harira. Helburu asko lortu doguz urteotan, baina beste batzuk ez. Memoria lantzeko ariketea be izango da urteurrena: 1978ko manifestazinoan poliziaren errepresinoa jasan genduan eta hori ez dogu ahaztu behar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu