Lesbiana, Transexual, Bisexual eta Intersexualen Askapenerako Nazinoarteko Eguna da gaur

Bizkaie! 2017-06-28 10:39

Bilboko Udalak bat egin dau gaur egingo dan LGTBI + Harrotasunaren Nazinoarteko Egunagaz.

Horretarako, maiatzaren 17an egin zan homofobia, lesbofobia, transfobia eta bifobiaren kontrako Nazinoarteko Egunerako aurkeztutako kanpainea, sexu- eta genero-dibersidadea aldarrikatuz eta LGTBIfobia erabat gaitzetsiz, eguneratu dau: Udalak harro berbea gehitu deutso orduko leloari: Izan. Maitatu. Eta harro!.

Harrotasunaren Nazinoarteko Eguneko kanpaineagaz, barriro be aldarrikatu nahi da dibersidadea eta tolerantziarik ez dala izan behar homofobiaren eta transfobiaren aurrean. Helburua da Bilbon benetako bardintasuna egotea, ez konplimenduzkoa, guztiz modu normalizatuan eta aurreretxirik bakoa, pertsona guztiek izan beharko leukielako aukerea euren idiosinkrasia eta afektuak askatasunez adierazoteko, izan be, kolektibo horrek izandako lorpenak ospatzeko eguna da gaurkoa baina, batez be, izateko eta maitatzeko askatasuna aldarrikatzekoa.


Egunaren harian, Amorebieta-Etxanoko Udalak erakunde adierazpen bat adostu dau:

Lege-aurrerapen handia egin dan arren, sexu-orientazinoaren eta genero-identidadearen aniztasuna oraindino be bada diskriminazinoa, estigmatizazinoa eta gizarte-bazterketea eragiteko arrazoia. Era berean, jarrera homofoboak berpizten dagoz gure gizartean, eta jarrera horreen bidez ahaleginak egiten dira heterosexismoa berresten, azken hau aukera afektibo-sexual bakarra balitz legez.

Udal honek gogor baztertzen ditu lesbianen, bisexualen, transexualen eta intersexualen kontrako diskriminazino eta indarkeria-mueta guztiak. Horregaitik, bada, oinarrizkoa da erakunde publikoek hainbat politika eta ekintza bultzatzea pertsona homosexual eta transexualen eskubideak defendiduteko eta sexu-jazarpenari, sexismoari, sexu-erasoari eta homofobiari aurre egiteko.

Era berean uste dau oinarrizkoa eta beharrezkoa dala bai sexualidadean eta bai afektibidadean normaltasunez hezitzea, betibe pertsona guztien aniztasun afektibo-sexuala errespetauta.

Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egiten dau gay, lesbiana, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen bardintasunaren alde eta diskriminazinoaren kontra abian dan gizarte-aldarrikapenagaz. Eta, Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexualen Askapenerako Nazinoarteko Eguna danez, dei egiten deutse herritarrei bagilaren 28an antolatuko diran ekitaldietan parte hartu deien.


Beste alde batetik, EHGAMek, Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak, urtero Donostian antolatzen dauen manifestazinoa be ez ahaztu; eta Bilbokoa, Gasteizekoa, Iruñekoa zein Biarritzekoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu