Itzulpen Sari Nazionalaren oinarriak aldatu ditu Espainiako Gobernuak

Bizkaie! 2017-06-12 09:43   Euskerea berbagai

Espainiako hizkuntza ofizial guztiak aintzat hartuko ditue aurrerantzean eta, holan, Luis Baraiazarrari jazotakoa saihestuko dabe.

Luis Baraiazarra | Ikusi handiago | Argazki originala

2016ko zemendian, Espainiako Kultura Ministerioak iragarri eban Luis Baraiazarrak irabazi ebala aurreko urteko Itzulpen Sari Nazionala. Handik ordu batzuetara, ministerioak berak azaldu eban sari hori balio barik geratu zala, Baraiazarraren lanak ez zitualako lehiaketearen baldintzak beteten. Santa Teresa Jesusenaren obrea euskerara itzuli eban meñakarrak. Baina oinarrietan esaten zan atzerriko hizkuntza batetik ekarritako itzulpenak baino ezin zirala saritu eta, kasu horretan, jatorrizko testua espainolezkoa zala.

Jazoera horren ostean, Euskaltzaindiak ministerioari eskatu eutsan lehiaketearen oinarriak aldatzeko, bidezkoak ez ziralakoan. Orain, Akademiak berak jakin eragin dau, oinarri barriak plazaratu dituela Itzulpen Sari Nazionalerako eta, era horretara, Espainiako hizkuntza ofizialen artean egindako itzulpenak be hautagai izango dira aurrerantzean, ez bakarrik atzerriko hizkuntza batetik Espainiakoren batera egindakoak. Baldintza barriokaz, Luis Baraiazarrarena lako lan bat saritu ahal izango da.

Andres Urrutia euskaltzainburua pozik dago ministerioaren erabagiagaz: Luis Baraiazarrarentzat berandu datorren arren, aldaketea ondo etorria da, Estaduko beste hizkuntza ofizialakanako errespetua erakutsi dabe orain. Araua gaurkotzeko orduan, Euskaltzaindia eragilea izan dala gogoratu dau Urrutiak.

Izan be, Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainari jazotakoa gogoan, gutuna idatzi eutsan Akademiak Iñigo Méndez de Vigo Kultura ministroari. Bertan, Itzulpen Sari Nazionalaren oinarriak aldatzeko eskatu eutsan, euskerazko itzultzaileen lana defendiduteaz gan. Arau haregaz, euskeraz, galegoz eta katalanez diharduen itzultzaileen ahalegina autortzea ezinezkoa zala esan eban Euskaltzaindiak.

Luis Baraiazarrarena Sari Nazionala eskuratuko eban lehenengo euskerazko itzulpena izango zan, gaur egungo oinarri barriak aplikau izan balira. Santa Teresa Jesusenaren obra garrantzitsuenak ekarri zituan euskerara, 1.852 orriko argitalpen baten batuta, bost urteko lanari esker. Euskaltzaindiak dino, aurrerantzean be euskal itzultzaileen lana defendiduten segiduko dauela, hizkuntzeari prestigioa eta hauspoa emoten deutsielako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu