Baraiazarrari kendu egin deutsie Itzulpen Onenaren Espainiako Saria
2016-11-04 08:30 KultureaSanta Teresa Jesusenaren testuak gaztelaniaz zirala konturatu ez, eta hasieran emon deutsien saria gero ezeztatu egin dau Kultura Ministerioak.
Eguen goizean ezagutarazo eban Espainiako Kultura Ministerioak 2015eko Itzulpen Onenaren saria Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzain eta idazle karmeldarrak irabazi ebala, Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskeratzeagaitik. Baina gauean atzera egin eta saria kendu deutsie Baraiazarrari, Ministerioak berak akatsa onartu ostean. Baraiazarraren itzulpenak ez dau beteten sariketearen baldintzetako bat: atzerriko hizkuntza batetik gaztelaniara, katalanera, galizierara edo euskerara itzulitako lanak sartzen dira sariketan eta Santa Teresa Jesusenaren testu originalak, gaztelaniaz ziran.
Eguen gauean, desengainauta dagoala adierazo dau karmeldarrak sariarena oso pozgarria egin jakolako. Edozelan be, albisteak Santa Teresa Jesusenaren lanak zabaltzeko balioko dauen itxaropena agertu dau itzultzaileak, eta bere lanari zeozelako autortzea egin deutsiela be sentidu dau.
Euskaltzaindiak uste dau Hezkuntza eta Kultura Ministeriotik jaso dan albistea ezusteko latza dala euskal letrentzat. Dana dala, Andres Urrutia euskaltzainburuak uste dau modu positiboan hartu behar dala jazotakoa. Desengainauta gagoz, jakina, batez be Aita Luisengaitik, baina, horrezaz aparte, Baraiazarraren moduko itzultzaile apartak eta horreen lana beti aldeztuko dau Euskaltzaindiak, euskal kulturearen ikusgarritasuna bermatzeko. aurrera jarraitu beharra baitago langintza horretan. Urrutiak gaineratu dau: Jazoerak jazoera, euskerazko Santa Teresaren idazlan guztien bersinoa beti izango dira erreferentzia bikaina euskal itzulpengintzan.
Baraiazarrak lau urte eta erdi emon zituan Santa Teresaren lan guztiak euskeratzen, eta 1.852 orriko liburuki bakarrean plazaratu, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herriko Karmeldarren eta Markina-Xemeingo karmeldarren laguntzinoari esker.
Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren bosgarren mendeurrenagaz batera argitaratu gura eban lana Baraiazarrak, baina ez eban lortu, gitxigatik.
Luis Baraiazarra bizkaitarra da, 1940an Meñakan jaioa. Zornotzako Karmeldarretan ikasi, 1966an abadetu, eta abuztu haretan Markina-Xemeinera joan zan. Han bizi da ordutik. Filosofia, teologia, maisu eta euskal filologia ikasketak eginak ditu. Urte askoan ibili zan irakasle. 1991ko abenduan, Hiztegi Batuko batzorde barrian batzordekide izentau eban Euskaltzaindiak, eta, 1996an, gramatika batzordeko kide. Urte berean euskaltzain urgazle izentau eben.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!