Luis Baraiazarra ohorezko euskaltzainak irabazi dau 2015eko Itzulpen Onenari emoten jakon Espainiako Sari Nazionala

Bizkaie! 2016-11-03 16:05   Kulturea

Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskeratu ditu meñakarrak, aurtengo martian jendaurrean aurkeztu ziranak.

Ezkerretik eskumara: Julen Urkiza, Ana de Castro (BFA) eta Luis Baraiazarra | Ikusi handiago | Argazki originala

2015eko Itzulpen Onenari emoten jakon Sari Nazionala egokitu jako Luis Baraiazarra Txertudi ohorezko euskaltzainari, Espainiako Kultura Ministerioak gaur bertan jakinarazo dauenez. Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztiak euskeratzearren emon deutsie sari nagusia Meñakako semeari. Baraiazarrak lau urte eta erdi emon ditu Santa Teresaren lan guztiak euskeratzen, 1.852 orrialdeko tomo bakarrean plazaratu diranak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herriko Karmeldarren eta Markina-Xemeingo Karmeldarren laguntzinoaari esker.

Egindako lanaren mamina eta kalidadea ikusita, Euskaltzaindiak sari nazionalerako proponidu eban Luis Baraiazarra, eta beste 11 lanen artean nagusitu da berea. Baraiazarrak pozik hartu dau albistea: Nahikoa ezustea izan da niretzat holako leku batean saria jasotea, autortu dau karmeldarrak. Lau urte eta erdiko lana izan da, eta uste dot Santa Teresaren olerkiak euskeratzerakoan egin dodan ahalegina nabarmendu dabela epaileek, batez be. Egia esan, errima eta neurri bardinean itzuli nituan, eta horrek esfortzu ikaragarria eskatu eustan, gaineratu dau idazle eta itzultzaile bizkaitarrak.

Santa Teresa Jesusenaren jaiotzearen bosgarren mendeurrenagaz batera argitaratu gura eban lana Baraiazarrak, baina ez eban lortu, gitxigatik: Ahalegindu nintzan, baina apur bat beranduago amaitu neban dana. Gero, Julen urkiza lagunak hartu dau itzulpen guztia argitaratzeko ardurea. Horretan be joan da denporea, orrialde asko baitziran. Tira, egina dago eta argitaratua, eta horrek asetzen nau, azaldu dau Baraiazarrak, pozarren.

Santa Teresaren lanen berezitasunak be azpimarratu ditu itzultzaile eta bertsozaleak: Emakume handia izan zan, bere garaia gainditu ebana. Zeozer nabarmentzekotan, 'Fundazioak' eta 'Gutunak' aitatuko neukez, hortxe ikusten baita haren gizatasuna, giza-hartu-emonetarako eukan gaitasuna. Ganera, 'Fundazioak' obra gozoa da irakurteko, atsegina, abentura ugari kontetan dauelako. Beste lanak mistikoagoak dira.

Andres Urrutia euskaltzainburuak meñakarraren merituak nabarmendu gura izan ditu, labur-labur: Baraiazarra, poetikotasunetik harago, itzulpengintzearen bidez euskerearen aurrerabidea bermatu dauen gizona da.

Adolfo Arejita euskaltzainak be goraipatu nahi izan dau Meñakako idazle eta itzultzaileak eginiko lan bardinbakoa: Santa Teresa Jesusenaren obra osoa, gaztelaniaren klasiko handietariko batena, gaurko euskerara ekartea, dauen neurriagaitik eta hizkerearen denporearen joan-etorriko aldeakaitik, lan gatxa eta nekeza gertatu bide jako ezinbestean. Geldiro eta kontu handiz goldatu beharreko arloa, edozelan be, bere zazpi ahaleginak meritugarri gertatuko baziran; ereduzko itzulpena jadetsiko baeban. Bost bat urte eroan deutsozan beharleku sorra eta lorra. Euskal hizkuntzarentzat ekarri bardinbakoa, geure hizkuntzea literatura mailan hots handiko bihurtze aldera. Luis Baraiazarra idazle fina, trebatua eta segurua dogu. Nekez topauko deutsazu akatsik haren idatziei, itzultzen zein sortzen. Berbak egoki hautatzen daki beti. Erraz eta ulergarri euskeratzen daki berez gatxa eta itzulgatxa dan prosea be. 'Cum laude' gainditu dau egitekoa. Zorionik bizienak eta eskuak bete esker, egin deuskun oparia eskertzeko aina ez dira izango baina.


Santa Teresaren itzala

Santa Teresa Jesusenaren jaiotzearen V. mendeurrena gogora ekarteko asmoz, Luis Baraiazarra karmeldar eta ohorezko euskaltzainak haren idazlan guztiak euskerara itzuli zituan 2015ean.

Santa Teresa Jesusena eragin handiko personea izan zan XVI. mendeko Gaztelan, bai arlo literarioan eta bai erlijiosoan bere. Emakumeak oso gitxietsita egozan sasoian, liderra izan zan, baina ez monjen lider bakarrik, fraideen buru be izan baitzan, esan dau idazleak. Literaturan, bere sasoiko zein gaur egungo adituen goraipamena jaso dabe haren testuek eta gaztelaniaren aldi klasikoko erreferentzia nagusietako bat da.


Luis Baraiazarra Txertudi (Meñaka, 1940)

Meñakako eskolan egin zituan lehen ikasketak, 12 urte beteteko egoela Zornotzako Karmeldarren ikastetxean sartu arte. Latin eta giza zientziak Zornotzan eta Nafarroako Alesbesen egin zituan. Gasteizen, Filosofiako hiru urteak egin zituan eta Begoñako Karmelon teologiako lau urteak. 1966an abadetu zan eta 1966ko abuztuan Markina-Xemeinera joan. Ordutik, bertan bizi da.

Ohiko ziran eleiz ikasketak egin ondoren, maisutza-ikasketak egin zituan, Valladoliden 1970an titulua lorturik eta geroago euskal filologia Deustuko Unibersidadean, lizentziatu titulua 1982an eskuratuz. Hogei urtean irakasle izan da O.H.O.n. 1988ko zemendian, irakaskuntzea itxi eta 'Bostak bat' lantaldean hiztegigintzeari ekin eutson, jarduera osoan. 1991ko abenduan, Hiztegi Batuko batzorde barrian batzordekide izentau eban Euskaltzaindiak eta 1996an gramatika-batzordeko kide. Apur bat lehenago, urte berean, euskaltzain urgazle izentaua izan zan.

Baraiazarra Bizkaiko Bertsozale Alkarteko idazkari izan da urte askoan. Epaile-zeregina bete dau hainbat mailatan: Eskolartekoan, Araba-Bizkaikoan, Bizkaikoan eta Euskal Herriko txapelketa nagusian. Eskolarteko eta Bizkaiko txapelketetan ohiko epaile eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian birritan epaile eta beste behin ordezko izan da.

'Bostak bat' lantaldeko jardueraz gan, Kili-kili aldizkariaren orrazketea eta euskera batuan jartea lako lanak izaten zituan beregan. Karmel aldizkarirako artikuluak idazten ditu eta, hala behar izan ezkero, beste zenbaiten lanak orraztu nahiz itzuli be egiten ditu. Bere idazlanen artean aitagarriak dira Vatikanoko II. Kontzilio Ekumenikoa (2003) eta Santa Teresa Jesusena (2012) itzulpen lanak eta Nire sasoiko Markina-Xemein (2009) liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu