'XVI. Eman Minutu 1 Kultura' Lehiaketea martxan

Bizkaie! 2025-10-09 10:47   Kulturea

UN Etxeak dakar eskubide kulturalak ikus-entzunezkoen bidez sustatzeko.

UN Etxea - UNESCO Sustatzeko Euskal Herriko Alkarteak aurkeztu dau Eman Minutu 1 – Dame 1 Minuto de nazinoarteko ikus-entzunezko lehiaketearen XVI. edizinoa, aurten eskubide kulturaletan oinarrituta. Lehiaketeak minutu bateko iraupena daben ikus-entzunezko piezarik onenak sarituko ditu, oinarrizko eskubide honeek defendidu, sustatu edo ikusgai jarten dituenak.

2010ean sortua UN Etxea – UNESCOren Euskal Herriko Alkartearen eskutik, lehiaketeak giza eskubideak ikus-entzunezko hizkuntzearen bidez zabaltzea dau helburu. Edizino bakotxa gai zehatz bati eskainia izaten da; azken urteetan bakea, hizkuntza eskubideak eta osasuna izan dira ardatz. 2025ean, eskubide kulturalak izango dira ardatz, gizakiaren duintasunagaz lotura estua dabenak eta Nazinoarteko tresnek autortuak, besteak beste, Giza Eskubideen Adierazpen Unibersalaeta Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Nazinoarteko Ituna.

Deialdia 2026ko urtarrilaren 31ra arte egongo da zabalik. Aditu talde batek balorauko ditu bereziki kultura parte-hartzean sakontzen daben lanak, historian baztertutako kolektiboen ikuspegitik, hezkuntza artistikoa, sorkuntza askatasuna, artistearen mobikortasuna eta eskubideak, ondarearen gozamena, genero bardintasuna eta giza eskubideen aurreko konpromisoa, besteak beste.

Kategoriak eta sariak

Lehiaketeak lau kategoria ditu:

  • Eman Minutu 1 Sari Nagusia: 18 urtetik gorakoentzat: 5.000 € dokumental bat egiteko + garaikurra.
  • Euskerazko Minuturik Onena Saria: Euskerazko piezarik onenari: 1.250 € + garaikurra.
  • Ekin eta Egin Saria: 18 urtetik beherakoentzat, bakarka edo taldean: 600 € + garaikurra.
  • UN Etxea Saria: UNESCOren mandatua ondoen islatzen dauen piezarentzat: 600 € + garaikurra.

Eskubide kulturalak, agenda internazionalaren erdigunean

Aurtengo edizinoa MONDIACULT 2025 testuinguruan kokatzen da, UNESCOk Bartzelonan antondutako Kultura Politiken eta Garapen Jasangarriaren Mundu Konferentzia; bertan, cultura garapenaren agendan helburu propio legez autortzea eskatu da. 160 delegazinotik gora ados jarri dira eskubide kulturalak politika publikoen erdigunean kokatzeko adierazpen batean eta multilateralismoa berretsi dabe erronka globalak kulturearen bidez gainditzeko bide legez.

Lehiaketeak Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen Arretarako Zuzendaritzearen, Bilbo eta Getxoko udalen eta Laboral Kutxaren babesa dau, eskubide kulturalen sustapenean konprometidutako erakndeena.

Informazino gehiago

Lehiaketaren oinarriak eskuragarri dagoz hemen

Egungo informazinoa webguneko blogean, Instagramen eta Facebooken (@dame1minutode) eta sare sozialetan jarraitu daiteke, #D1MDKultura, #D1MDCultura eta #D1MDCulture traolen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu