Mondragon Unibersidadeak 'Ume eta gazte literatura irakur gida 2024' argitaratu dau
2025-10-13 10:36 KultureaEuskeraz plazaratutako liburuak aztertu eta sailkatzea da asmoa.

Gida horretan 2024an euskeraz argitaratutak ume eta gazteentzako 294 lanak aztertu dira, formatu digitalean argitaratu barri da eta liburutegietan be eskuratu daiteke. Gida osoa esteka honen bidez deskargau daiteke: Haur eta gazte literatura. Irakur gida. 2024.
Ume eta gazteentzako literatureagaz lotutako 12 profesionalek egin dabe gidea egiteko lantaldea. Urteko argitalpenak irakurri, aztertu eta hiru kategoriatan sailkatu ditue: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Liburu asko irakurtearen eta talde-lan jarraituaren emoitzea da gidea. Gurasoei, irakasleei eta liburutegietako profesionalei liburuak kategorizetan laguntzea da bildumearen helburua. Plazaratutako azken edizinoaz arduratu dan taldearen esanetan, gideak ezin dau irakurketa zuzena ordezkatu, ezta irakurketeak sortzen dauen plazerra be.
Zortzi erakundetako kideek osatu dabe lantaldea eta horreen artean liburuzainak, eskola- irakasleak eta Mondragon Unibersidadeko adituak dagoz: hain zuzen, argitaratu dan azken gidako irakurketa-taldeko partaideak: Olga Jauregi (Aramaioko Udal Liburutegia), Laida Zubia (Bergarako Udal Liburutegia), Oskar Loiti (Eskoriatzako Udal Liburutegia), Jasone Erostarbe (Legazpiko Udal Liburutegia), Marina Etxegoien eta Arantzazu Ibarrondo (Oñatiko Udal Liburutegia), Edurne Urbiztondo, Garbiñe Txintxurreta eta Joxe Otaduy (Aretxabaletako Kurtzeberri Eskola), Ana Etxeberria (Eskoriatzako Luis Eceiza Herri Eskola) eta Nerea Alzola eta Eunate Arebiotorre (MU). Koordinatzailea, barriz, MUko Marikarmen Apraiz izan da. Amets Sanzek egin dau azalaren diseinua eta Naroa Garayar arduratu da gidea maketeteaz. Biak ala biak Lehen Hezkuntzako Graduko ikasleak dira.
Hiru sailkapen
Gidearen berbaurrean, lan egiteko modua eta liburuak sailkatzeko kontuan hartutako erispideak azaldu ditue egileek: aurreko urtean argitaratutako ume eta gazte-literaturako lanak irakurri, irakurritakoa aztertu eta hizkuntzearen erabilerea, kalidade literarioa, gaien tratamendua eta bestelakoak balioestean.
Liburu guztiak irakurri ondoren, lantaldeak hiru kategoriatan sailkatu ditu: liburu gomendagarriak, oso gomendagarriak eta zerrenda berezia. Azken kategoria horretako liburuei erreseina bat gehitzen jake.
Irakurteko edadea, orientagarria
Liburu bakotxari esleitu deutsen gitxi gorabeherako edadeari jagokonez, gidearen egileek adierazo dabe, erritmoak, umeen zaletasunak eta sailkatuezinak dirala: «gure ustez, umeen liburuak
askatasunez aukeratzea oinarrizkoa da irakurzaletasuna sortzeko», azaldu dute. Ume eta gazte literatura irakur gidea gogotsu espero izaten da; Mondragón Unibersidadearen argitalpenetatik deskargatuenetako bat izaten da urtero. Lantaldeahasia da gidaren hurrengo edizinoa atontzen.
Ume Liburu Mintegia
MUko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko Ume Liburu Mintegia 1990ean hasi zan ume eta gazteentzako liburuen gidak kaleratzen, udal-liburutegietako liburuzainen eta zenbait ikastetxetako irakasleen laguntzeagaz.
2001. urtetik aurrera argitaratutako zenbakiak sarean dagoz eskuragarri.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!