Manel Rodríguez-Castelló eta Contrabando Argitaletxeek eskuratu dabe Etxepare - Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Bizkaie! 2025-10-10 08:28   Kulturea

Glosak·Glossar el Món liburuagaitik.

Tere Irastortza idazleak 1980. eta 2023. urteen artean sortutako poemen hautaketea da Glosak·Glossar el Món liburua. Valentziako Ediciones Contrabando zigiluak kaleratu eban igaz, katalana-euskerea edizino elebidunean, Manel Rodríguez-Castellóren itzulpenagaz. Halanda ze, liburuki horrengaitik jaso dabe Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria.

Liburuak Tere Irastortzaren (Zaldibia, 1961) 43 urteko ibilbide poetikoa jasoten dau. Haren lehen poesia-liburua, Gabeziak, 1980an argitaratu zan. Ordutik, hamar liburu gehiago kaleratu ditu. Glosak·Glossar el món bilduman, irakurleak aurreko lanetako poemen aukeraketea topauko dau, baita Irastortzaren ibilbide literarioaren atzera begirako ikuspegia osotzen daben testu argitarabakoak be.

Itzultzaileak eta argitaletxeak Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larraza eta Laboral Kutxaren ordezkari Jokin Gorritiren eskutik jaso dabe saria, Bidebarrietako Liburutegian. Tere Irastortzak eta Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak be hartu dabe parte sari banaketan.

Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu zan jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatur lan baten urteko itzulpenik onena autortzeko. Sari horrek kontuan hartzen ditu itzulpenaren kalidadea eta argitaletxeak egiten dauen sustapen-lana.

Glosak·Glossar el Món liburuari buruz epaimahaiak ondokoa nabarmendu dau: itzulpen bikaina da, jatorrizko testuari leiala. Idazleak proponidutako forma poetikoak errespetetan ditu. Gainera, euskeraz poemearen espirituari erantzuteko katalanezko urtenbide naturalak topetako ahalegina sekulakoa da

Ondoko honeek osotu dabe epaimahaia: Jokin Gorriti Laboral Kutxako ordezkaria; Imanol Otaegi Etxepare Euskal Institutuko Euskal Kultura Sustatu eta Zabaltzeko Zuzendaria; Elizabete Manterola, EHUko irakasle eta EIZIEko kidea; eta Mikel Lasa Etxepare Euskal Institutuko komunikazino arduraduna.

Saria emoteko ekitaldian, Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak itzulpenaren garrantzia azpimarratu dau, kanpoan euskerazko literatur sorkuntzea erakutsi ahal izateko: itzulpena munduari edegitako atea da: gure literatureari bidaiatzeko eta beste hizkuntza eta kulturakaz alkarrizketan ibilteko aukerea eskaintzen deutso. Gure idazleen sormena eta talentua ezagutarazoteko balio dau

Laboral Kutxako Jokin Gorritik, barriz, ondokoa adierazo dau: Laboral Kutxako arduradunontzako kulturea eta euskerea sustatzea ez dira konpromiso txikiak: gure izaeran sakon barruratutako ezinbesteko ezaugarriak dira.

Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria

Etxepare – Laboral Kutxa Itzulpen Saria 2015ean sortu eben Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak, jatorriz euskeraz idatzi eta argitaratutako literatur lanen itzulpena autortzeko. Euskal idazleen lanak nazinoarteko publikoarengana heltzeko zubi dira itzulpenak. Sariagaz, erakunde biek itzultzaileek itzalean egindako lana azpimarrau eta balioetsi nahi dabe, baita argitaletxeek euskerazko literaturea itzultzearen alde egindakoa autortu be.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitekez sarira, beti bere, ondorengo baldintzak beteten baditue: aurkeztutako liburua jatorriz euskeraz idatzitako eta argitaratutako literatura lan baten itzulpena izatea eta itzulpena aurreko urtean zehar argitaratutakoa izatea.

4.000 euroko sari bakarra emoten da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatu deien. Irabazleak nortzuk diran erabagiteko orduan aintzat hartzen dira itzulpenaren kalidadea eta literatura-lana argitaratu dauen argitaletxearen sustapen plana. 

Sariak Etxepare Euskal Institutuak euskal kulturea sustatu eta nazinoartean ezagutzera emoteko lantzen dituan lan-ildoakaz bat egiten dau. Literaturearen arloan, literatura-lanak eta laginak beste hizkuntzetara itzultzeko dirulaguntzinoak eskaintzeaz gan, euskal idazleentzat bidaia-poltsak emoten ditu eta nazinoarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen dau.

Manel Rodríguez-Castelló

Manel Rodriguez-Castelló (Alkoi, 1958) Filologia Hispanikoan lizentziaduna da Valentziako Unibersidadean. Katalana erakusten ibili zan bigarren hezkuntzan 1983tik 2018ra, urte horretan erretiroa hartu eban arte. Hainbat poema-liburu idatzi ditu, baita eretxi-artikuluak, kritika eta saiakera be.

Itzultzaile bezela, Norman McCaig (Edinburgh, 1910-1996) poeta eskoziarraren poemak ingelesetik katalanera itzultzeaz arduratu zan, Valentziako L’Aiguadolç aldizkarian (51. zkia, 2022ko udagoiena) argitaratu ziranak. Allan Riach (Lanarkshire, 1957) eskoziarraren poemak be itzuli zituan ingelesetik eta La poesia escocesa moderna/Modern Scottish Poetry liburua koordinau eban 2022an.

Frantsesetik, 80ko hamarkadan, besteak beste, L ´assassí de papà, Un amor màgic edo Carles és un brut mentider itzuli zituan, guztiak Tàndem argitaletxean. Euskeratik egin eban lehen itzulpena Muga liburukia izan zan (Pruna-Edicions del Buc argitaletxea, 2021), lau euskal poetaren poemak batzen zituana: Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi.

Ediciones Contrabando

Ediciones Contrabando 2013aren hasieran sortu zan Valentzian, batez be, narratiban, saiakeran eta poesian ahots berezi eta kalidadekoei bide emoteko. Ohikotik kanpo kokatutako lanak dituan eta arriskuaren eta barrikuntzearen alde egiten daben Iberiar peninsulako eta Hego Amerikako egileak batzen ditu argitaletxeak. Marte bildumea, barriz, 2015ean sortu zan Contrabando argitaletxearen barruan, peninsulako hizkuntzen ahotsen arteko loturak estututeko helburuagaz. Beraz, kalidadeko lan ugari argitaratu ditue, esaterako, Tere Irastortzaren liburuki bikotxa: Glosak·Glosar el mundo gaztelania/euskera (egileak berak itzulia) eta Glosak·Glossar el món katalana/euskera (Manel Rodríguez-Castellóren itzulpena).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu