Markos Zapiainek irabazi dau 'Saiakera Euskeraz' saria
2025-10-13 12:59 KultureaKoldo Bigurik irabazi dau Euskarazko Literatura Itzulpena saria Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak lanagaitik.

Garazi Albizuak, Koldo Bigurik, Markos Zapiainek eta Itxaso del Castilok jasoko dabe Euskadi Literatura Saria 2025.
Gaztelaniazko Literatura, Euskerazko Literatura Itzulpena, Saiakerea Euskeraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalidadeetako irabazleak izan dira, hurranez hurran.
Termita, Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak, Txillardegi hizkuntzalari eta Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror lanakaz irabazi dabe saria.
Kultura sailburuorde Andoni Iturbek gaur goizean emon ditu ezagutzera Euskadi Literatura sarietako aurtengo azken lau irabazleen izenak. Gasteizeko Montehermoso Kulturgunean egindako aurkezpenean jakinarazo ditu sailburuordeak: Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalidadeetako 2025eko irabazleak:
- Gaztelaniazko Literatura: Garazi Albizua. Termita (Galaxia Gutenberg).
- Euskerazko Literatura Itzulpena: Koldo Biguri. Arturoren uhartea. Ume baten oroitzak (Erein eta Igela).
- Saiakera Euskaraz: Markos Zapiain. Txillardegi hizkuntzalari (Elkar)
- Saiakera Gaztelaniaz: Itxaso del Castillo. Mujeres furiosas. El monstruo femenino en el audiovisual de terror (EHU).
Gaztelaniazko Literaturako sariduna – Garazi Albizua
Epaimahaiak azpimarratu duenez, Garazi Albizua ahots barri, lotsabako eta deserosoa da, eta bere prosa bihurri eta zehatza urrundu egiten da amatasunaren eta jagoletzea lako betebeharrari buruzko irudi erabat adostuetatik. Haren metafora gogorrek leialtasunari, adiskidetasunari eta biziraupenari buruzko pertzepzino finak gorpuzten ditue. -Termita-, beraz, diskurso sozial hegemonikoei kontrajarritako kontakizunak planteetan dituen jarrera barritzailea da.
- Garazi Albizua (Santurtzi, 1985).
Diseinatzaile grafikoa, komiki-gidoilaria eta idazlea, esatari- lanetan ere aritu zen Irakurrieran literatura-saioan (Bizkaia Irratia). Gaur egun ume eta gazte literatura egiteaz gan, komunikazino-teknikari lanetan be badabil Euskal Idazleen Alkartean.
Euskerazko Literatura Itzulpena sariduna – Koldo Biguri
Aurtengo Itzulpeneko Euskadi Saria Koldo Biguriri emotea erabagi dau epaimahaiak, bikain itzuli dauelako euskerara Elsa Morante italiarraren Arturoren uhartea eleberri mardula.
Itzultzaileak oreka egokia lortu dau jatorrizko lanari zor jakon fideltasunaren eta xede-testuak helburu dauen irakurgarritasunaren artean. Ezin hobeto emon ditu euskeraz Moranteren lirikotasun eta sakontasun psikologikoaren ñabardurak eta ondo asmau du XX. mendearen lehen erdian uharte italiar batean jazotako gorabeherak deskribidu eta kontetako berbakera aproposa topetan. Azpimarratzekoak dira erabili dauen euskerearen zuzentasuna, batuari han eta hemen gehitu deutsozan ukitu dialektalak, lexikoaren hautaketa landua, irakurketea gozagarri egiten dauen sintaxi arin baina aldi berean jasoa eta alkarrizketetan lortutako erritmo bizia. Euskeraz irakurketa-ordu luze eta atseginez gozetako liburu parebakoa.
- Koldo Biguri (Gasteiz, 1962)
Itzultzaile eta EHUko irakaslea. Senez aldizkariaren zuzendari eta EIZIE-ko buru izandakoa. Autore ugari itzuli ditu, italieratik batez be: Alessandro Baricco, Norberto Bobbio, Carlo Collodi, Benedetto Croce, Paolo Giordano, Carlo Levi, Vasco Pratolini, Giuseppe Tomasi di Lampedusa, Claudio Magris, Alberto Moravia, Cesare Pavese eta Leonardo Sciacia. Ume eta Gazte literaturako lan ugari euskeratu ditu.
Saiakera Euskeraz sariduna – Markos Zapiain
Epaimahaiak nabarmendu dauenez, Markos Zapiainen lana ez da Txillardegiren inguruan kaleratutako obren artean bat gehiago, hareen neurria emon leiken testua baino. Izan be, lana eratzen daben atal nagusiek Txillardegiren pentsamenduaren oinarriak azaltzen ditue. Hau da, hizkuntzatasunaz eta euskal hizkuntzaz, eta horreen gainean ardazten diran psikologiaz, antropologiaz, soziolinguistikaz edota politikaz, Txillardegiren iturri intelektualak zeintzuk diran argitzen deusku Zapiainek. Saiakeragileak jatorrizko testuak ezagutu eta gerturatzen ditu, prosa zuzen eta didaktikoan, eta Txillardegiren idatz-esana ulertzeko gakoak eskaintzen deuskuz, atalez atal. Atal bio-bibliografikoak Txillardegiren idea eta proposamen teorikoetara hurbiltzeko saiakerea aberasten dau, eta liburu osoan barrena doan eta ha josten dauen hari eroaleari begia jarten deutso. Euskal pentsamenduan aditua izan ala ez, Txillardegik jorratutako hainbat eta hainbat arloetan jakituna izan ala ez, liburua pentsalari eta ekintzailearen obran sartzeko gida aproposa izan daiteke irakurlearentzat.
- Markos Zapiain (Irun, 1963)
Filologian lizentziaduna eta Filosofian doktorea. Batxilergoko irakaslea izan da urtetan, eta komunikabide askotako kolaboratzaile. Saiakera ugari idatzi du, literatura, filosofia eta gizarte gaiak buztartuz, besteak beste, Errua eta maitasuna (2002), Zenbait terrorista (2003), Ia guztiaren funtsaz (2006), Txillardegi eta ziminoa (2007), Talatik tiroka (2009), Saizarbitoria eta iragana (2015).
Saiakera Gaztelaniaz sariduna – Itxaso del Castillo
Epaimahaiak adierazo dauenez, lan honek gai original bat jorratzen du: bildurrezko zinema garaikidean munstro femeninoen analisia, munstroek, egilearen beraren berbetan, -feminidadearen eta gorputzagaz eta botereagaz daben hartu-emonen definizino kontraesankorrak kristalizetan- dituetela azpimarratuz. Bildurrezko filmak ez dira gizarte-eraldaketatik kanpo geratzen, izan be, aktiboki parte hartzen dabe, beren garaiko tirabira eta erronkakaz saltsan dabizen kultura-produktuak baitira. Liburu hau sormen artistikoaren, kritika kulturalaren eta aldaketa sozialaren alkargune horren isla da.
Eta emoitza lan ausart eta erakargarria da, zinema-estudioetako espezialistei ez eze gizarte-errealidade barriak eta eguneroko bizipenak irudikatzeko modu barriak ulertzeko interesa duen publiko zabalago bati be zuzenduta dagoana. Azterlanaren zorroztasun akademikoa idazkera atsegin, arin eta zehatzagaz buztartzen da, eta horrek irakurketa-esperientzia irisgarri bihurtzen dau, analisi kritikoa eta dibulgazino gogoetatsua bateratzeko kapaz dana.
Itxaso del Castillo (Bilbo, 1972)
Euskal Herriko Unibersidadeko ikus-entzunezko Komunikazino Saileko irakasle laguntzailea da. Kazetaritzan lizentziaduna da EHUn; Film and TV Studies masterra egin eban Amsterdamgo Unibersidadean eta Sorkuntzako Dokumental Masterra Pompeu i Fabran, eta doktorea da Gizarte Komunikazinoan (2020). Hogei argitalpen inguru ditu hainbat aldizkari eta argitaletxetan, eta ADI Ikus-entzunezko industria, narratibak eta generoak ikerketa-taldeko ikertzaile nagusietako bat da.
Andoni Iturbe, Kultura sailburuordeak, adierazo dauenez, kultureak, eta euskal kultura-sortzaileok, errealidadea begirada askotatik ikusteko eta ulertzeko aukerea emoten deuskuzue. Eta sari hau jasoten daben lanak, horren adierazle dira. Sortzaileok mundua ikusteko leihoak zabaltzen dozuez eta ikuspuntu eta begirada horreek dira gure gizartea aberasten dabenak.
Sariak
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Saridun bakotxk 18.000 euroko saria jasoko dau eta 4.000 euro gehiago lan saritua
beste hizkuntza batean argitaratu ezkero. Euskerazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.
Aurtengo Euskadi Literatura Sariak emoteko ekitaldia zemendiaren 26ean izango da Donostiako San Telmo Museoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!