Uribarri Konparseak Aste Nagusian 1.500 errioxar erara kozinautako patatak banatuko ditu

Bizkaie! 2026-07-30 07:55   Kulturea

Aspanovasen alde, batutako dirua Ausarta Zentroari emongo jako.

Uribarri Konpartseak, Bilboko Aste Nagusiko konparsa beteranoenetako batek, datorren abuztuaren 28an, barikuan, Bilboko jaietako egun handian, 1.500 errioxar erara kozinautako patata errazino inguru banatuko ditu. Konparsako kideek eurek egingo dabe kozineru lana Arenalean, lapiko erraldoi batean eta jasotako dirua Bizkaian biziena daben umeen familien alkarte Aspanovas-era bideratuko da.

San Nikolas eleizearen ondoan dagoen Uribarri Konparsearen txosnara hurbiltzen danak plater tradizional honen errazino bat eta sagardao basukadea eskuratu ahal izango ditu, alkartasun-ekimenagaz bat eginez. Errazinoaren prezioa 3,50 euroan egongo da salgai baina nahi dauenak kantidade handiagoa emon ahal izango dau.

Aspanovasek batutako diru guztia Ausarta Zentrora bideratuko dau, minbizia daben ume eta nerabeak laguntzeko sortutako espazio barriari, osasunaren ikuspegi integrala oinarri. Zentroak minbiziaren ondorio fisiko eta sozioemozionalei modu osoan aurre egiteko beharrezko baliabide fisikoak, asistentzialak eta emozionalak batuko ditu.

Horretarako, Uribarri Konparsako hogei bat kidek errioxar erara kozinautako patatak egingo ditue 170 zentimetroko diametroa, 50 zentimetroko sakonerea eta 160 kilo inguruko pisua dauen altzairu herdoilgatxezko lapiko erraldoi batean. Metalurgiaren sektorean lan egiten daben konparsakideek egin eben lapiko hori konparsearen 40. urteurrena ospatzeko. Ordutik, Uribarri Konparseak hainbat alkartasun-kasuetan laguntzeko erabili izan dau.

Era berean, erabiliko dituen osogaien kantidadeak be neurriz kanpokoak izango dira: hasteko, 250 kilo Eusko Label patata, UDAPA nekazarien kooperatibeak emondakoak; Makrok emondako 60 kilo txorizo, 20 kilo kipula, 12 kilo piperberde, kilo 1 berakatz, piper txorizeroaren mamina, piperrautsa, gatza eta oliba-orio birjina-estra erabiliko ditue. Eskainiko dan sagardaoa Euskal Sagardaoa Jatorri Deitura Babestuak (JDB) emongo dau.

Errioxar erara kozinautako pataten erronkea goizean goizetik hasiko da, osogaiak arreta eta dedikazino handiz prestetako. Plater sinplea da baina erabiliko ditugun kantidade handiak gogoan izanda denpora asko beharko dogu: patatak zuritu, txorizoa koipebakotu, barazkiak ondo erregosi eta dana su motelean, azaldu dau Aitor Fernández Uribarriko konparsakide, kozineru eta alkartasun-proiektuaren bultzatzaileak.

Eguerdiko 13:00ean hasiko dan banaketa solidarioaren helburuak dira biziena daben ume eta nerabeei laguntzeko ale txiki bat jartea eta, aldi berean, Uribarri konparsearen gizartearen aurreko konpromisoa agirian ixtea.

Uribarri Konparsea

1978an sortua eta oraindino bizirik dagozan hasierako zortzi konparsetako bat da Uribarri Konparsea eta helburuen artean ditu Uribarri auzoko gizarte eta kultura-bizitea sustatzea, baita beste alkarte eta kolektibo batzuekaz alkarlanean jardutea be: beti izan dogu konparsan ikuspegi solidarioa, bai Uribarri auzoan bai bestelako jardueretan be; eta Aspanovas umeek sufriduten daben minbiziaren kontrako burrukan lan ikaragarria egiten dauena da, adierazo dau Fernandezek.

Era berean, Uribarri Konparseak Arenaleko jai-giroagaz kolaboretan dau beti eta ekimen gastronomikoak sustatzen ditu, bai bere kabuz bai Bilboko Konparsakaz alkarlanean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu