Sergio Manuel Moreno Domínguezek eta Ane Zuazubiskar Iñarrak irabazi dabe Iruña Uria Nazinoarteko XX. Poesia Saria

Bizkaie! 2026-07-28 08:29   Kulturea

Danetara, 383 olerki-bilduma aurkeztu dira aurten, igaz baino 41 lan gehiago.

Sergio Manuel Moreno Domínguez eta Ane Zuazubiskar Iñarra. | Ikusi handiago | Argazki originala

Iruñeko Udalak Nafar Ateneoagaz lankidetzan atondutako Iruña Uria Nazinoarteko Poesia Sariak baditu irabazleak 2026ko edizinoan, lehiaketearen hogeigarren edizioan, hain zuzen be. Gaztelaniazko modalidadean Sergio Manuel Moreno Domínguezek irabazi dau, Septiembre y lunes lanagaz; euskerazkoan, barriz, Ane Zuazubiskar Iñarrak, Tigre bat azalean lanari esker. Saria eskuratu daben egile bien poema-bildumak argitaratu egingo dira eta saritzat 3.000 euro eskuratuko ditu bakotxak. Danetara, 383 olerki-bilduma (364 gaztelaniaz eta 19 euskeraz) aurkeztu dira lehiaketara, aurreko edizinoan baino 41 gehiago, igoera horrek agirian ixten dau nazinoarteko poesiaren esparruan dagoeneko sendo finkatutako lehiaketearen garrantzia.

Sergio Manuel Moreno Domínguez (Jérez de la Frontera, 1982)

Arte Ederretan lizentziaduna eta Humanidadeetan eta Arteetan masterduna da Kataluniako Universitat Oberta-n (UOC). Aurretik, XXXVIII. Joaquín Lobato Poesia Sari Nazionala (2025), LXIX. Alcaraván Nazinoarteko Poesia Saria (2022) eta XVIII. José María Valverde Nazinoarteko Poesia Saria (2014) jasotakoa da. También la sombra crece (Granada, 2026) eta 30 tweets de amor y una publicación desesperada (Sevilla, 2017) poema-bildumen egilea da.

Ane Zuazubiskar Iñarra (Arrasate, 1997)

Ikus-entzunezko Komunikazinoa ikasi eban eta, batez be, kazetari-lanak egin ditu Euskadi Irratian. Eta Zulora eta Ez hain ondo podcastak aurkeztu ditu Gaztean. Gaur egun, irakasle eta ikertzaile dabil Mondragon Unibersidadean eta bertsolaria da.

Lehiaketearen XX. urteurrena

Lehiaketearen sorreraren XX. urteurrenaren atxakian jarduera berezi bi atondu ditue: sari banaketea urriaren 30ean egingo da Kondestablearen Jauregian eta ekitaldia osotzeko, arratsalde horretan bertan, Pompelo Civivoxean Lamentos de la Gran Manzana ikuskizuna egingo dabe: Federico García Lorcaren Poeta en Nueva York lanean inspirautako musikala. Javier Asiáin Navarro poeta nafarra izango da protagonista eta bertsoen deklamazinoa eta zuzeneko jazz-musikea buztartuko ditu.

Era berean, Pedro Salaberri Zunzarren pintoreak eta Nafar Ateneoko buruak ospakizunerako beren-beregi egindako lan-piktoriko bat aurkeztuko da; asmoa lehiaketako modalidade bietako irabazleen lanak jasoko dituen argitalpenetan txertatzea da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu