90 urte joan dira Gerra Zibila hasi eta lehen Eusko Jaurlaritzea eratu zanetik

Bizkaie! 2026-07-30 07:40   Kulturea

Hermes aldizkariaren zenbaki honek argitaratze-ziklo barriari ekin deutso.

2026an laurogeita hamar urte beteko dira Euskadiren eta Estaduaren historia garaikidean eragin sakona izan eben jazoera bi izan ziranetik: batetik, Gerra Zibilaren eztandea eta, bestetik, Jose Antonio Agirre jeltzalea buru eban I. Eusko Jaurlaritzaren eraketea. Urteurren bi horreen erruz, sasoi nahasi bati buruz –gerra fratizida guztiek garai nahasiak izaten dira– hausnartzeko aukerea izango dogu; gerran astokeria ugari egin ziran baina euskaldunok itxaropen-aldi labur batez gozau ahal izan genduan autogobernuari esker. Alabaina, porrot militarrak golpetik iruntsi eusku itxaropena eta, gaiztoago, lau hamarkada iraun eban diktadureak.

Gauzak holan dirala, Sabino Arana Fundazinoak argitaratzen dauen Hermes pentsamendu eta historia-aldizkariak Euskal Herriko historia hurbileko jazoera garrantzitsu bi horreek aztertzeari eskaini deutso azken zenbakia.

84. zenbaki honetan, Josu Erkorekak (Diputaduen Kongresuko diputadua 2000-2012 aldian eta Eusko Jaurlaritzako sailburua 2012-2024 aldian) eta Eugenio Ibarzabalek (Eusko Jaurlaritzako bozeroailea 1985 eta 1987 artean, ekonomialaria eta kazetaria) alkarrizketa zorrotz eta atseginean jardun dabe aldizkarian argitaratzeko. Alkarrizketa horretan, 1936ko lehen Eusko Jaurlaritzearen eraketea eta gobernu horrek Gerra Zibilean eta erbestealdian izan zituan erronka etiko eta logistiko izugarriak aztertu ditue.

Era berean, 84. zenbaki honetan, historialariek, ikertzaileek eta memoria historikoaren gaineko adituek Euskadiko Gerreari (1936-1937) lotutako hainbat gai jorratu ditue, modu osogarrian. Horreetako batzuek historia militarra aletu dabe, beste batzuek errepresinoa, beste batzuek gizaldeko diplomazia eta zenbaitek gomutea eta erreparazinoa. Esangura horretan, Aitor Miñambres Berangoko Burdin Gerrikoaren Oroimenaren Museoko zuzendariak Euskadiren defentsak ekarri eban giza galerea eta baliabide militarren kostua azpimarratu ditu. Miñambresek autogobernuaren eta askatasunaren alde burrukan ibili ziranen memoria berreskuratzearen garrantzia aldarrikatu dau.

Fernando Mikelarena historialari eta Zaragozako Unibersidadeko irakasleak 1936ko udan eta udagoienean Nafarroan izandako errepresino politikoa ekarri dau gogora. Mikelarenaren eretxiz, Foru Erkidegoan ezarritako errepresino politikoa ez zan kontrol ezagaitik suertau, «militarrek, karlistek eta falangistek aldez aurretik diseinautako estrategiagaitik, prestautako zerrenden, atxiloketa sistematikoen eta planifikautako erailketen ondorioz baino.

Rémi Bernis Arruek, UPV/EHUko Historiako doktoreak, gerra garaian, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan izandako gizarte-moldeen eta ideologien berregituraketak aztertu ditu eta EAJk nahiz Komunidade Tradizionalistak lurralde guztietan izandako zabalkunde azkarra nabarmendu dau. Gerrak Euskal Herrian urtebete pasautxo iraun baeban be, alianza eta kontrakotasun bitxiak jazo ziran, dinamika historiko konplexuen adierazgarri, kasurako, foruen interpretazinoaren inguruan. Gobernuaren eta armadearen (Eusko Gudarostea) eraketan, EAJ alderdiak bete eban eginkizuna azpimarratu dau Bernis Arruek, baita memoria kolektiboa gorpuztu eben tirabira ideologikoak eta bizipen traumatikoak be.

Bestalde, Historia Garaikideko doktore Patxi Agirrek humanitarismoaren gaia landu dau, gatazka beliko betean dagoan printzipio politiko lez. Agirrek dino Eusko Jaurlaritzeak gerrea humanizetako politika aurrendaria bultzatu ebala, eta azpimarratu dau Manuel Irujok, Errepublikako ministro eta EAJko buruzagi zala, bizitzak salbetako lan egin ebala, ezelako bereizketa ideologiko barik, bai eta kartzeletako baldintzak hobetzeko eta presoen trukea sustatzeko be, personearen duintasuna printzipio behinen bihurtuta, gerra betean be.

Eta Teresa Usaolak, Saibigain 1937 alkarteko presidente eta EAJ alderdiaren Arana Goiri batailoiko Bediaga komandantearen ilobeak, memoriaren aurreko konpromisoa eskatu dau, gomutea, autortzea eta erreparazino bihurtzen dauen justizia demokratiko legez ulertuta.

Era berean, Sabino Arana Fundazinoaren presidente Arantxa Tapiak gogorarazo dau Gerra Zibilean eta Bigarren Mundu Gerran, EAJ-PNVk eta Jose Antonio Agirre lehendakaria buru eban Eusko Jaurlaritzeak askatasunaren, justizia sozialaren, demokraziaren eta giza eskubideen balioakaz lotutako euskal kausa nazionala defendidu ebela eta printzipio horreek guztiak, mundu-gerrea amaitu ostean, sendotu egin zirala Nazino Batuen nazinoarteko ordenaren bidez.

Hermes pentsamendu eta historia aldizkariaren argitaratze-aldi barria

Diseinu eta kolaboratzaile barriak izango ditu, besteak beste, Asier Iturralde marrazkilaria izango da kolaboratzaile, eta argitalpen bakotxean marrazki bat eskainiko deutso gaurkotasunari buruzko ikuspegi grafiko zorrotza emonda. Asier Txistu lanaren sortzaile Abdon Gonzalez de Alaizaren ondorengo zuzena da. Gerraren eta diktaduraren erasoa jasan eta gero, gaur egun bizirik dogun kultur ondare baliobakoa da Txistu.

Iturraldegaz batera, Iñaki Bermudez musikaria, nazinoarteko saxofonista eta bakarlaria, musika garaikidearen interpretazinoaren ikertzaile eta doktoregaia etorri da gure familiara, egungo soinu-egoerearen kadentziaz eta pentsamenduaz berba egitera. Eta kolaboratzaile bikain horreen artean, Joseba Lopezortega historialaria dogu hirugarrena, EHUko Geografia eta Historiako lizentziaduna eta Zinebi jaialdiaren egungo zuzendaria. Kultureari eta ikus-entzunezkoen sektoreari lotuta dagoan Josebaren ibilbide luzeari esker, ezinbesteko ikuspegia eskainiko deusku gure garaiko narratiben nondik norakoak ulertzeko.


Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu