Ron Lalá 'La Desconquista' lanagaz helduko da Araiara

Bizkaie! 2026-07-24 07:40   Kulturea

33. Araia-Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdiau abuztuaren 13tik 16ra egingo da

'La Desconquista', Ron Lala. | Ikusi handiago | Argazki originala

Jaialdiak, Araiatik kanpo, Arabako lurralde osora zabaltzeko zirkuitu ibiltaria eskainiko dau eta 21 herritara helduko da. Danetara, bost ikuskizun ibiliko dira abuztuaren 3tik irailaren 11ra bitartean, eta holan eroango ditue umorea eta arte eszenikoak hainbat udalerritara.

Kartelaren erakarpen handienetako bat Ron Lalá izango da. Estaduko antzerki panoraman nabarmenetakoa eta sarituenetakoa da, eta Araian La Desconquista aurkeztuko dau, umorea, satirea historikoa eta zuzeneko musikea buztartzen dituan ikuskizuna. Hitzordua abuztuaren 16an izango da, 22:30ean, Arrazpi Berri kiroldegian. La Desconquista lana XVI. mendearen amaieran girotuta dago eta mundu barriaren kostaldera heldu nahi daben hiru naufrago honeen gorabeherak kontetan ditu: loriagaz obsesionautako Hernán Galán kapitaina, aberastasunen bila dabilen Fulano marinela eta arimak salbetan tematua dagoan fray Pío misiolaria.

Las Reinas Kanpina, umorea eta gogoetea euskeraz.

Areto barruko programazinoak La Cuerda Teatroa & Ttipia Kultura konpainia gasteiztarraren Las Reinas Kanpina eskainiko dau abuztuaren 14an, barikuan, gaueko 22:30ean, Arrazpi Berrin.

Euskerazko antzezlan horrek urtero kanpin berera joaten diran hiru emakume aurkeztuko ditu, askatasun eta deskonexino lurralde txiki bihurtzen jaken eremura. Halan da be, galdera bat historiaren gainetik doa: benetan libre al gara oporretan gagozanean?

Umore baltza, zentzunbakoa eta kritika soziala buztartuz, proposamenak gogoetea egiten dau gure atsedenaldietan be erreproduziduten ditugun hierarkia, botere dinamika eta opor perfektuen bilaketa konplexuaz.

Edu Manazas artistaren eta malabaristaren Meraki lana.

Emonaldia bertan behera geratu zan igaz Araian, eguraldiagatik baina aurten ikusleek ikuskizun honen funtzino berezi bakar batez gozau ahal izango dabe: zirku garaikidea, teknologia eta eszenaratze jagona buztartzen ditu, denporearen joanari, sormenari eta egiten dogunaren gainean itxitako errastuari buruz hausnartzeko. Proposamenak bere malabareen zehaztasun teknikoa nabarmentzen dau, baita ikerketa artistiko bat be, Meraki egungo zirkuaren pieza berezienetako bat bihurtu dauena.

Era berean, konpainiak familientzako zirku tailer bat eskainiko du abuztuaren 14an, barikuan, 11:00etan. Tailer horretan, akrobazia, malabar eta dinamika parte-hartzaileen bidez, helduek eta txikiek komunikazino, konfidantzea eta dibersino modu barriak esplorau ahal izango ditue.

Kontuak kontu, Araia-Asparreneko Umorezko Antzerki Jaialdiak kaleko eta aretoko ikuskizunak izango ditu. Areto barruko proposamen guztiak Arrazpi Berri kiroldegian izango dira, aldez aurretik sarrerak erosita; kaleko ikuskizunak, barriz, zirkuitu ibiltariaren parte izango dira, eta doban gozau ahal izango dira Arabako hainbat herritan.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu