EAEko artista gazte bik lau asteko egonaldia egingo dabe New Yorken
2026-07-29 11:10 KultureaGuggenheim Museoaren Basque Artist Program ekimenean.
Yunping Li eta Martín Del Busto hautatu ditue artista emergenteentzat Solomon R. Guggenheim Museumen egiten dan Basque Artist Program izeneko egonaldi-programearen hurrengo edizinorako. Datorren udagoienean, artista biek aukerea izango dabe beren ibilbide profesionalean aurrera egin, New Yorkeko eszena artistikoa gertutik bizi eta hainbat komisario, artista eta arteari lotutako erakunde ezagutzeko, New Yorkeko Guggenheim Museoko profesionalen eskutik.
Ekimena arrakasta handiz gauzatu da orain arteko bederatzi edizinoetan —2015 eta 2025 bitartean, danetara 22 artistaren partaidetzeagaz—, eta Guggenheim Bilbao Museoak 2014ko abenduan Solomon R. Guggenheim Foundationegaz sinatutako Kudeaketa Akordioaren barritzearen parte da. Akordioak erakunde bien arteko lankidetzan sakontzen dau proiektu barrien bitartez eta horreen artean nabarmentzekoak dira bai artista emergenteei zuzendutako programa hau, bai EAEko graduatuei zuzendutako New Yorkerako beken programea, Museoak urtero deitua.
Yunping Li (Hubei, Txina, 1998)
Argazkilaritza eta performancea lantzen dituan artista bisuala da, diziplina bi horreen arteko alkargunea ikertzen dauena. Bere lanaren oinarria queer eta BIPOC komunidadeen autoerrepresentazinoa da, irudigintzearen bidez gauzatua, eta identidadea eregitea, autoezagutzea, aldaketea, denporearen joana, desirea, sexualidadea eta deserrotzea lako gaiak jorratzen ditu. Haren trebakuntzea borobiltzeko, Argazkigintzan espezializautako Arte Plastikoetako eta Diseinuko Goi Mailako Gradua egin dau ArteDiez eskolan, eta LAVMáster LAVen, biak Madrilen.
Martín Del Busto (Bilbo, 1999)
Nahiz eta argazkilaritzea dauen abiapuntu, Del Bustok euskarri fisikoak erabilten ditu iruditan hartutako ehundurak goraipatzeko, sendoenetatik hasi eta iragankorrenetaraino. Dualtasun hori izan da beti bere lanaren bereizgarri: jaioterri dauen Bilboren historian eta geografian be hain nabarmena dan dualtasuna, hain zuzen be. Ingurunea erabilten dau introspekzino-lana egiteko. Holan, ustez protagonista dan paisaje hartzaile huts bihurtzen dau. Fine Art Photography + Creative Computing gradua eta masterra egin ditu Camberwell–University of the Arts Londonen, eta Bauhaus 100 (Dessau, Alemania) programan parte hartu dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
