Bermeoko Udalak Hilario Aurtenetxe Mentxaka omendu dau

Bizkaie! 2026-07-22 12:17   Kulturea

Madalen Eguneko protokoloan 40 urtez egindako ekarpenagaitik.

Bermeok urteko egunik berezienetakoa bizi dau gaur. Herriak barriro egin dau bat bere historiagaz, itsasoagaz eta belaunaldiz belaunaldi bizirik iraun dauen tradizinoagaz, Izaro ugartea erdigune dauen Madalen Egunean.

Madalen Egunari hasierea emonez, Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk gogorarazo dau Madalen Eguna ohitura bat beteteko ospakizuna eta herri baten memoria, nortasuna eta balioak urtero barritzeko eguna be badala. Haren eretxiz, Bermeo itsasoari estu lotutako herria da, eta itsasoak emon deutsoz herriari ogibidea eta izaere: ahalegina, ausardia, duintasuna eta alkartasuna.

Esangura horretan, urtero Izarora egiten dan bidea joandako denporak gogoratzeko eta aurreko belaunaldiek itxitako ondareari eskerrak emon eta etorkizuneko belaunaldiakaz loturea barritzeko.

Aurtengo ospakizunak, beste urteetako moduan, mezu berezia dauka. Alkartasunien ospatuz leloa daroan teileak alkartasuna aldarrikatzen dau, herriaren balio nagusietakoa. Alkateak adierazo dauenez, berba bi horreek ez dira aurtengo jaiaren leloa bakarrik, belaunaldiz belaunaldi jasotako ondarea dira, eta Bermeo ulertzeko modu bat islatzen dabe: alkarregaz ospatzea, alkarri eustea eta herria guztion artean eregiten jarraitzea. Horren harian, alkateak herriaren bizitea aberasten daben persona eta eragile guztiei eskerrak emon deutsee: herri bat ez da egun bakarrean eregiten, belaunaldiz belaunaldi baino, askotan isilean lanean dabizen personen konpromisoari esker. Esangura horretan, autortza berezia egin deutse aurten urteurrena ospatzen daben herriko lau alkarteri: Alkartasuna Dantza Taldeari, Bermeoko Erraldoien Konparseari, Bermeoko Abesbatzari eta Benito Barrueta Arte Alkarteari, urte luzez Bermeoko kulturea, ondarea eta nortasunari bizirik eusteko egindako lanagaitik.

Alkateak zehaztu dauenez, bermeotarrei eta bisitariei Madalen Eguna pozez, errespetuz eta alkartasunez biziteko konbidapena egin deutse Alkartasunien ospatuz, itsasora eroan dan omenaldia Alkatearen mezua irudikatu dauen sinboloa aurtengo teilea izan baita.

Ohitureari eutsiz, Bermeoko Udalak Izaro ugartearen ipar-ekialderantz dagozan muga historikoak berretsi ditu, alkateak itsasora teilea jaurti eta belaunaldiz belaunaldi betiko berbak esanez: Honaino heltzen dira Bermeoko ituginak.

Aurten, teileak mugak gogorarazoteaz gan, omenaldi berezia eroan dau beregaz. Alkartasunien ospatuz izenburupean, Benito Barrueta Arte Alkartearen eskutik sortu da piezea, eta Rosa Mari Gabantxok pintau dau du akrilikoa erabiliz.

40 urteko keinuari autortzea

Izarora bidea hartu aurretik, Bermeoko Udalak autortza berezia egin deutso Hilario Aurtenetxe Mentxakari. Azken 40 urteotan, urtez urte, Izarora joan da Madalen Egunean, alkateak teilea itsasora jaurti aurretik, Bermeoko bandera eta ikurriña jasoteko ardura hartuz. Urte honeetan guztietan erakutsitako konpromisoa, fideltasuna eta herriaregazko maitasuna eskertzeko, udalak oroigarri bat emon deutso, izan be, herri baten tradizinoei ez jake ekitaldi handiei esker bizirik eusten; urte luzez, arduraz, beren egitekoa beteten daben personen lanari esker irauten dabe. Hilario Aurtenetxeren ibilbidea horren adibide argia dala nabarmendu nahi izan da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu