Galesko National Eisteddfod jaialdira doa Loraldia
2026-07-23 07:40 KultureaHizkuntza gitxituen arteko nazinoarteko topaketara.
Euskerazko kulturearen ordezkaria Loraldia izango da Wales Arts International erakundeak sustatutako Gwrando programearen barruan, munduko hizkuntza gitxituetako jaialdi, sortzaile eta kultur eragileakaz batera.
Loraldia Galesko National Eisteddfod jaialdian izango da uda honetan, Wales Arts International erakundeak egindako konbidapenari esker.
National Eisteddfod Galesko kultur jaialdi historiko eta garrantzitsuenetako bat da. Europako jaialdi ibiltari zaharrenetakoa izateaz gan, hizkuntza gitxitu batean, galeseraz, egiten dan munduko kultur jaialdi handienetakoa da. Urtero milaka lagun batzen ditu eta kulturearen, hizkuntzearen, sormenaren eta komunidadearen arteko hartu-emon biziak erakusten ditu.
Aurtengo edizinoak esangura berezia izango dau, jaialdiaren 850. urteurrena ospatuko baita. Testuinguru horretan, Wales Arts International erakundeak nazinoarteko ordezkaritza bat konbidau dau: hizkuntza gitxituetan eta hizkuntza indigenetan lan egiten daben jaialdi atontzaile, kultur eragile, artista eta hizkuntza transmisinoan dabizen profesionalak batuko dira Galesen.
Topaketa hau Gwrando (Listening) programearen barruan atondu da. Programa horrek Nazino Batuen Hizkuntza Indigenen Nazinoarteko Hamarkadearen markoan egiten dau lan eta helburuak dira hizkuntza gitxituen bizibarritzean arteek eta kultureak daben zeregina aztertzea, esperientziak konpartidutea eta nazinoarteko hartu-emon sare egonkorra sortzea.
Wales Arts International
Galesko Arts Council of Wales erakundearen nazinoarteko agentzia da. Bere lana Galesko arte eta kultur eragileak munduko beste testuinguru batzuekaz konektetea da, lankidetza artistikoak, proiektuak, sareak eta kultur trukeak sustatuz. Oraingoan, National Eisteddfod jaialdiaren testuingurua baliatuko du hizkuntza gutxituen inguruko elkarrizketa global bat indartzeko.
Zergaitik Loraldia
Euskeraz sortzen dan kulturearen garapena, transmisinoa, barrikuntzea, ikusgarritasuna eta profesionalizazinoa sustatzen dituan egitasmoa da. Zazpi lan-lerro ditu, eta horreetako bat Loraldia Festibala da: Bilbon, udaberriaren hasieran, hiru astez ospatzen dan diziplina anitzeko jaialdia, gaur egungo euskerazko sorkuntzearen erakusleiho nagusietako bat.
Loraldiarentzat Galesko konbidapena aukera estrategikoa da. Batetik, euskaraz sortzen dan kulturearen esperientzia nazinoarteko testuinguru batean konpartiduteko aukerea emongo dau; bestetik, beste hizkuntza gitxitu batzuetako jaialdi eta kultur eragileakaz hartu-emonal lantzeko bidea edegiko dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
