'Etxe Betea'-k emakume zinemagileentzako programen 2027ko deialdia edegi dau
2026-07-30 08:36 KultureaUna habitación propia eta Alkarregaz Sortzen programetan parte hartzeko hautagaitzak aurkeztu daitekez.
Etxe Betea egitasmoak emakumeen sorkuntza zinematografikoa babesteko 2027ko programa bietarako deialdia edegi dau. Emakume zinemagile interesdunek 2026ko irailaren 16ko 13:00ak arte (Espainiako peninsulako ordua) aurkeztu ahal izango ditue euren hautagaitzak (Formularioa). Oinarriak irakurri hemen.
Etxe Betea-k BBKren, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dau. 2027ko urtarrilean hasiko dira eta lanerako guneak, akonpainamendu profesionala, mentoriak eta sortzaileen arteko trukeak eskainiko ditue. Una Habitación Propia programeak lau proiektu hautatuko ditu eta lau hilabeteko aldi bitan garatuko da. Alkarregaz Sortzen, barriz, 2027ko urtarriletik bagilera bitartean egingo da.
Una Habitación Propia
Etxe Betea-k Una Habitación Propia egoitza artistikoaren zazpigarren edizinorako deialdia egin dau. Virginia Woolfen lan eta pentsamenduan inspirautako programeak emakume zinemagileak laguntzen ditu euren film luzeen proiektuak lantzen. Aurtengo edizinoan lau proiektu hautatuko dira: euskerazko bi eta gaztelaniazko bi. Egoitza bakoitzak lau hileko iraupena izango dau. Udabarriko modalitateak 2027ko urtarriletik apirilera egingo da, eta udagoieneko, 2027ko irailetik abendura.
Egoitza-aldi bakotxean zinemagile bik hartuko dabe parte: batek euskerazko proiektu bategaz eta besteak gaztelaniazko proiektua bategaz. Hautagaiek eskabide-orrian adierazo beharko dabe modalidade bietatik zeinetan nahi dabe hautagai izan.
Hautatutako zinemagileek nahitaez parte hartu beharko dabe aste biko aurrez aurreko lanean Etxe Betean. Udabarriko aurrez aurreko saioak zezeilaren 22tik 26ra eta apirilaren 19tik 23ra egingo dira; udagoienekoak, barriz, urriaren 25etik 29ra eta abenduaren 13tik 17ra. Datak salbuespenez aldatu ahal izango dira, parte-hartzailearen eta haren mentorearen beharren arabera.
Parte-hartzaile bakotxak gela bat norberarena izango dau Bilboko eraikinik adierazgarrienetako batean, eta 2.500 euroko garapen-bekea jasoko dau. Etxe Beteak ez ditu beregan hartuko bertaratzearen ondoriozko joan-etorri, dieta edo mantentze-gastuak.
Lau hilabeteetan zehar, zinemagile bakotxak banakako lau mentoretza-saio izango ditu: online bi eta aurrez aurre bi. Eskabidearen memorian hiru mentore proponidu beharko ditu, lehentasunaren arabera ordenauta. Etxe Beteako taldeak proposamenak balorauko ditu eta ondoren berretsiko dau zein profesionalek egingo deutson jarraipena proiektu bakotxari.
Egoitzak, gainera, jagoletzeak erdigunean jarriko dituan bide-laguntza feminista bat izango dau, eta zinemagintzea ikuspegi feministatik sortzeko zein produziduteko formulak bilatuko ditu
Deialdia edozein edade, nazionalidade zein esperientziatako emakumeei zuzenduta dago; horreek garapenaren hasierako fasean dagoan film luzeko idea bat izan behar dabe —fikzinokoa, dokumentala, animazinokoa, esperimentala zein hibridoa—. Fikzinoko edo dokumentalezko telesailak be aurkeztu daitekez, baldin eta hareen hizkuntza nagusia euskerea bada.
Ikus-entzunezkoen sektorean esperientzia zabala daben emakume profesionalek osotutako batzorde batek hautatuko ditu lau proiektuak, proposamenaren kalidadea, koherentzia, interes artistikoa eta hautagaiaren motibazinoa oinarri hartuta. Egoitzea amaitzerakoan, zinemagile bakotxak egindako aurrerapenei buruzko memoria bat aurkeztu beharko dau.
Aurreko edizinoetako parte-hartzaileen artean izan dira Naiara Carmona, Estibaliz Urresola, Ainhoa Rodríguez, Mikele Landa, María Herrera, Naia Arantzamendi, Tamara Lucarini, Alba Lozano eta Natalia Grande.
Una Habitación Propia Gariza Films-ek sortu eban eta gaur egun Basque Know How Fundazinoak sustatu eta kudeatzen dau, BBK, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzeari esker.
Alkarregaz sortzen
Etxe Beteak Alkarregaz Sortzen programearen bosgarren deialdia be edegi dau. Lanerako eta trukerako espazio kolektiboan parte-hartzaileek euren proiektuak konpartidu eta proiektuen inguruko proposamenak eta hobekuntzak alkarregaz lantzen ditue.
Edizino barria 2027ko urtarriletik bagilera landuko da, Etxe Betean egingo diran aurrez aurreko sei topaketen bidez: urtarrilaren 25ean, zezeilaren 22an, martiaren 15ean, apirilaren 19an, maiatzaren 17an eta bagilaren 21ean.
Programea proiektuen pitching saio bategaz amaituko da, euskal ikus-entzunezkoen industriako profesionalen aurrean aurkeztuko baitira. Talde independente bi osotuko dira, bata euskeraz eta bestea gaztelaniaz, bakotxak hiru eta bost proiektu artean izango ditu. Parte-hartzeak ez dau ordainsaririk izango.
Alkarregaz Sortzen Euskal Herrian (EAE, Nafarroa edo Iparraldea) bizi diran edozein edade, nazionalidade eta esperientziatako emakumeei zuzenduta dago. Proiektuak film luze, film labur, telesail edo antzezlan izaerakoak izan daitekez, garapen-fase hasibarrian zein aurreratuan, eta euskeraz nahiz gaztelaniaz.
Hautatuek bertaratzeko konpromisoa sinatu beharko dabe eta hilero Bilbon egingo diran aurrez aurreko saioetara joan. Euskerazko taldeko proiektuen dokumentazinoa osorik euskeraz aurkeztu beharko da; gaztelaniazko taldekoena, barriz, gaztelaniaz.
Egitasmoa sortu zanetik hogei bat emakume zinemagilek hartu dabe parte, besteak beste, Nerea Sciarra, Naiara Carmona, Lara Izagirre, Mikele Landa, Tamara Lucarini, Tessa Andonegi, Ainhoa Aierbe, Naia Arantzamendi, Itxaso Díaz, Maitane Carballo, Itziar Lamarka, Sara Martorana, Lucía Montero, Aizpea de Atxa, Estibaliz Maguregi, Estibaliz Curiel, María Monreal, Mònica Cambra, Soledad Santelices, Yolanda García, Sonia Estévez, Jone Arriola, Carmen Echeverria, Saioa Miguel, Itsaso Pol, Alazne Astorga, Adriana Laespada, Noelia Chañe, Ana Serna eta Zaira Zanguitu.
Hautagaiak aurkeztea
Sortzaile berak deialdi batera zein bietara aurkeztu ahal izango dau proiektua, beti be programa bakotxari jagokozan baldintzak beteten baditu. Deialdi bietara aurkeztea aukeratu ezkero, parte-hartzaileak memorian eta motibazino-gutunean justifikau beharko ditu bakotxean parte hartzeko interesa eta egokitasuna. Una habitación propia aukeratzen dabenek udabarriko edo udagoieneko modalidadea aukeratu beharko dabe.
Eskaerea online formularioaren bidez egingo da eta honako honeek jasoko ditu: datu personalak, proiektuari buruzko azalpen-memoria (gehienez 20 orri), interes-gutuna, hiru minutuko bideo-pitcha, bertaratzeko konpromisoa eta egiletzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Una habitación propia egitasmoaren kasuan, azalpen-memoriak mentore izateko hiru proposamen be jaso beharko ditu, lehentasun-ordenan. Dokumentazino guztia 2026ko irailaren 16ko 13:00ak baino lehen bialdu beharko da.
Etxe Betea
Bilboko erdigunean dagoan etxe eta sormen-gunea da, hainbat arte-arlotako emakumeen lana, euren arteko topaketa eta alkarlana sustatzeko sortua. Egitasmoa 2022an jaio zan, Lara Izagirre Garizurietak sortutako Gariza Films produktora independente eta feministako lantaldearen ekimenez. 2025etik, Basque Know How Fundazinoak kudeatzen dau irabazi-asmorik bako jarduera hau, eta Gariza Filmsegaz lankidetzan jarraitzen dau emakumeek egindako filmak babesten eta ikuspegi feministadun sare profesional nahiz artistiko barriak sustatzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
