Gerediaga bere dokumentategia barritzen dabil
2025-10-10 09:00 KultureaAlkarteak espazio faltearen arazoa dauka oraindino.
Gerediaga Elkarteak 1965ean sortu zanetik ondoko helburuei eutsi deutse: Durangoko Merinaldeak mendetan zehar izandako erakunde propioen eraginez sortutako lurralde-nortasuna sendotzea eta berreskuratzea. Holan, eskualdeko nortasuna berreskuratu eta indartzeko, ha osotu eben joaneko eta egungo egitura fisiko, kultural, ekonomiko eta politikoak ikertu, jagon eta zabaltzea izan da alkartearen lana. Horretarako, Durangaldeagaz zerikusia daben gaiak eta egileen lanak batu ditu, gure historiaren eta kulturearen testigantza biziak gorde eta konpartiduteko asmoz. Esangura horretan, Gerediagaren dokumentategia jarri eben martxan, Durangaldeko gaiak batu, sailkatu, gorde eta jentartearen eskura jarteko.
Horreez gan, Durangaldeko herrietako ondare materiala zein inmateriala ezagutzera emotea eta eskualdeko ondare historiko, kultural eta sozialaren inguruko ikerketak bultzatzea da asmoa. Izan be, ondare gaietan interesa daben herritar, historialari zein ikerlarientzat iturri interesgarria da.
Azken urteetan, alkartea dokumentategia barritzen ibili da, jentartearen eskura jarteko helburuagaz. Horretarako, sistema informatiko barria erabili dau materiala katalogau eta atontzeko eta konsultarako aukera barriak ezarri ditu: webgunean materiala bistaratzeko aukerea, mailegu-sistema barria eta dokumentategian bertan konsultetako aukerea.
Gerediagak Astolan dauka biltegia eta Durangoko Larrasoloetako egoitzan dago orain dokumentategia. Halan da be, alkarteak espazio faltearen arazoa dauka oraindino: jasotako materiala behar bezala gorde, katalogau eta eskura jarteko leku handiagoa behar dau.
Espazio falta hori ikusita, azken urteetan egitasmoa sendotzeko pausoak aztertzen ibili da Gerediaga. Orain urtebete lehen Amankomunazgoagaz eta eskualdeko udalakaz hartu-emonak lantzen hasi zan, dokumentategia kokatzeko espacio barri bat bilatzeko asmoz. Interlokuzino horren barruan, Abadiñoko Udalak azaldu eban herrian aukeraren bat aztertu eikeala eta horren ondorioz 2025eko udabarrian eskari ofiziala egin genduana. Pasa dan asteko osoko bilkuran lokal batzuen lagapena onartu zanez, proiektuaren informe teknikoa landuko dau orain alkarteak, lokalaren egokitzapenen kostua beregain hartzeko.
- Dokumentategian gordetako materiala
Azken hiru hamarkadetan honako material hau batu dau Gerediagak:
- Argazkiak: 15.000 irudi digitalizauta eta beste hainbeste fitxau barik. Bilduma aitagarrien artean dagoz German Zorraquin, Ricardo Doliwa, Alejandro Landaburu, J. I. Ansorena Olazaran, Maristak eta Jesuitak ikastetxeetako artxiboak...
- Liburuak: danetara, 3.102 liburu, Durangaldeari buruzko informazinoa jasoten dabenak: gai monografikoak, toponimia edo erreferentzia onomastikoak dituenak, baita Durangaldeko idazleen lanak be.
- Aldizkariak: 1968tik aurrera batutakoak, 1.992 ale. Durangaldean argitaratutako 70 aldizkaritik gora (Eraz bilduma osoa, Ibaizabal, Txistu y Tamboliñ...).
- Eskuizkribuak: 1.764 dokumentu batzen ditu. Nabarmentzekoa da, adibidez, 1410eko Carta de tregua y perdón otorgada por Martín Sánchez de Marzana, señor del solar de Axpe de Marzana en favor del Concejo de Mondragón por la tala y quema de la torre de Marzana, ocurrida en 1387. 1410. urteko zemendiaren 28an idatzitako eskuizkribua da, Arrasateko Uribarri Atutxako Andra Marian.
Gerediagako Batzar Nagusien lehen aitamen dokumentala
- Liburu zaharrak: 1958ra arteko 260 liburu gordeten ditu.
- Postalak eta grabaduak: 615 elementu.
- Datu-baseak: Durangaldeko landa-arkitekturearen datu-basea (2002): 1.509 elementu fitxa eta argazkiakaz.
- Soinu grabaketak. 200 grabaketa dagoz, horreetako batzuk azokakoak.
Eduki hori zelan konsultau
Gerediaga Alkartearen dokumentategiko materiala hiru modutan konsultau daiteke: gerediaga.eus webgunearen bidez, maileguz edo konsulta presentzialean. Webgunean materiala bilatu eta mailegu eskaerak egin daiteke; material jakin batzuk, berriz, maileguan hartu eta etxera eraman daitezke. Euskarri bereziak edo egoera zaurgarriko materialak, hala nola argazkiak edo liburu zaharrak, bulegoan bertan konsultau behar dira hitzordua eskatuta.
Etorkizuneko espazio barrian aurreikusten dana
- Erabilera anitzeko gelea: materiala konsultetako espazioa. Bigarren funtzino bat be beteko dau: berbaldi edo aurkezpenak egiteko edo bestelako jardueretarako areto txiki baten itxurea hartu leike.
- Artxiboa: materiala gordeteko apalategi mobikorrak hartuko ditu. Espazio zarratua izan behar dau, tenperatura eta hezetasuna kontroletako tresnakaz.
- Lan-eremua: ikus-entzunezkoen digitalizazinorako eta bestelako lanetarako.
- Laborategia: argazkiak digitalizetako laboratorioa. Funts fotografikoak askotariko euskarrietan jasoten dira: kristalezko negatiboak, plastikozko negatiboak edota papela. Horreek behar bezala digitalizetako laborategia izatea behar-beharrezkoa da.
- Bestelako zerbitzuak: komunak, biltegiak eta bestelakoak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!