Gernikako Arbola? Ikur bat gehiago
2025-10-13 12:13 KultureaGernika guztiz inspiratzailea eta berezia dan herria dogu euskaldunok.

Batzar-Etxeaz gan, sano ezaguna dan haretxa dogu, euskaldunon ikur eta ezaugarri. Haretxak zer berba egin eta idatzi emon dau mendetan, eta haren inguruan, sortzaile askok beren sentiberatasuna agertu dabe hari jakon fede eta errespetua beren obretan islatuz.
Geuk, Pello Ramirezek, txelojoleak, Gorka Larrañaga, margolariak, eta Andoni Salamerok, olerkariak, horixe egin gura dogu, hau da, begiramenduz zugatzari eta harek inspirau izan dauen guztiaren irakurketa subjektiboa egitea, samurtasunez zein baretasunez beteriko giroa sortuz.
Gure sortze-lanean galderak egiten deutsaguz Gernikako Arboleari, zer da arbola hau?, sinbolo bat, ereserki bat? Birrindu ebenko sorkaria? Bake-ezaugarri berezia? Zeozer gehiago irudikatzen dau euskaldunontzat? Memoria-gunea? Martxa bat? Luze emongo leuke hori guztia argitzea.
Iradokizun gozo eta samurrok txeloaren musikaz, alegoría bereziz eta ederrez sorturiko margolanaz, prosa-poetikoz jantzita gidoiaren bidez, Gerra Zibilak bazterrak birrintzeaz gan, Gernikako persona askoren bizitea zanpatu, kolpatu zitueneko gomuta hareek doguz, hain zuzen, jazotakoa gogotau, horreen atzean be hausnartzeko eta solasgunea be sortu nahi dogulako, hain zuzen, haretxaren atzean, gizaki askoren historiak baitagoz.
Bide batez, geugaz parte hartuko dabe herriko hainbat eragilek: Sabin Ibazeta Lertxundik, Gernika Memoriaren lekukoak eta Gernikako Lilibertso Taldea. Herritarrokaz esku hartuz saio ederra egingo dogu herritarren jakintza eta lekukotzak balioan jarriz euren herrian.
Mentura honen protagonista zuzenak guztiok garela jakinik, maitasun-ekintza hori zabaltzea da gure asmoa, batetik, giro gozo eta samurra sortuz, margolana, musikea zein poesiaz atsegin hartuz, bestetik, herri askotan memoriaren alde egiten dan jenteari errealidadea hurbiltzeko.
Sentiberatasuna, sormena, hausnarketa, alosia edo harmonia sustatzeko nahia izan beti Gernikako zuhaitzak eragiten deuskuna, beude zuztar edo errook sendotzeko borondatea eta egin nahi ona, sentiduteak, elekatzeak elika daiala bihotz guztietan loratua dogun arbolea.
Lantaldea
- Gorka Larrañaga ( Azkoitia)
Pinturea, eskulturea eta grafikea buztartzen ditu irudiaren baliabide teknologikoekin. Uriko paisaiaren hots txikiak bereganatzen ditu bere metodoak, keinu piktoriko bArriak bihurtzeko eta bere kualidade espresiboak, formalak, kontenplatiboak eta ebokatiboak esploretako.
Espainian, Mexikon, Txilen, eta Ekuadorren egin ditu bakarkako erakusketak eta proiektuak.
Hainbat sari eta errekonizimendu ditu Espainian, Mexikon, EEBB-etan eta Euskal Herrian.
Honako erakunde honeekaz egin dau lan azken urteetan: Espainiako enbaxada Mexikon, Eusko Jaurlaritzeak Mexikon dauen ordezkaritzan, Emprebask Mexiko, Etxepare Euskal Institutua, FONCA, Azkoitiko Udala edo Valladolideko Diputazinoa.
- Pello Ramirez (Ordizia)
Akordeoi eta biolontxelistea da. Euskal Herriko musika eszenan, eskari handieneko musikarietakoa da-Benito Lertxundi, Pier Paul Berzaitz, Dulce Pontes, Niko Etxart, Mikel Urdangarin, Iñaki Salvador, Olatz Zugasti, Xabier Lete eta bestelakoen konposatzailea be bada.
Umetan, akordeoia joten hasi zan. Gero, Roma Jablonsky maisuagaz egin zituan violoncelloko goi mailako ikasketak Donostiako Udal konserbatorioan, ohorezko aitamena lortuz.
Ramirezen ibilbidea interpretazino eta konposizino arloei lotua egon da beti. Nabarmentzekoa da estudioko musikari bezela egindako lana. Horrezaz gan, irakaskuntza arloan, cello, akordeoi eta armonia irakasle da Ordiziako Musika Eskolan.
Antzerki, telebista eta dokumental arloan, hainbat soinu-banda sortu ditu.
Diskogintzearen arloan, beste hainbat sortzailegaz batera kolaborazinoak egin izan ditu.
Diskografia:
- Itsasoaren emazteak.
- Haize oihalak.
- Eskuz lurrari.
- Andoni Salamero Alberdi (Zumarraga).
Euskal Filologian lizentziaduna. Olerkaria. Bioberatasun tailerretako gidari da eta agur-omenaldiak atontzen dabil, esatari lez. Bere olerkiak adierazpide askotan agertzen ditu, modea, pinturea zein abesbatzei berbak egokituz. Bioberatasunaren inguruko eretxi artikulu asko Goiberri zein Hitzan argitaratu izan ditu. Era berean, Hik Hasi pedagogia aldizkarian argitaratu izan ditu hainbat proiektu.
CD ugari atara ditu sortzaile askogaz batera: Joxan Artze, Laja eta Mikel, Juan Mari Beltran, Oskorri, Pantxoa eta Peio, Potx eta Lotx pailazoak, Josu Zubia, Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa.
Egun, ikuskizunak atontzen dabil Peio Ospital, Mixel Ducau, Caroline Phillips, Andoni Egaña, Pello Ramirez, Aitor Furundarena, David Azurza, Urbil Artola, Aitor Mendiluze, Garazi Etxaburu eta bestelako sortzaileakaz batera.
Poema-liburuak
- Zu. Ni. Bi. Bidean... (2004, Apatx).
- Bide ertzeko printzak (2006, Apatx).
- Japonia: poesiaren sumendi ezkutua (2012, Apatx).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!