Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko egitarau zabala Bermeon

Bizkaie! 2025-10-24 08:11   Kulturea

Zemendiaren 8rako Halloween Metal Fest jaialdia iragarri dabe.

Herriko ohitura eta kulturearen sustapenean sakontzeko asmoz, Bermeoko Udalak Gau Beltza edo Arimen Gaua ospatzeko jarduera bereziak atondu ditu aurten. Liburutegia eta Frantziskotarren klaustroa aukeratu dira jardueretarako; liburutegian, tailerrak izango dira eta Frantziskotarren klaustroan, barriz, Euskal Herriko ohitura zaharretan oinarritutako Ohiturak mikroantzerkiaz gozetako aukera izango da. Horrezaz gan, zemendiaren 2rako gazteei zuzendutako ibilaldia atondu dabe da Bilboko Ilusinoen Museora.

Umeen liburutegia ume eta gazteen topagune izango da, kulturea eta dibersinoa eskura izan deiezan eta atxaki ederra izan da hori aurten Gau Beltza edo Arimen Gaua atontzeko: urriaren 27tik 31ra, umeen Liburutegia mozorrotu egingo da, misterio eta dibersio giroan. Horrezaz gan, Gau Beltzerako, hau da, urriaren 31rako, bi ekintza berezi bi iragarri ditue:

Mozorro tailerra: Bildurrezko makillajeak egin eta egiten ikasiko ditue. Tailer hau 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta gaurtik aurrera emon daiteke izena liburutegian. Plaza kopurua murriztua da.
Iges Gelea: 9 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendutako esperientzia berezia atondu dabe taldeka egiteko. Lau saio egingo dira (taldeak 4-6 personakoak). Izen-emotea liburutegian bertan egingo da gaurtik aurrera. Talde askok izena emon ezkero, zozketea egingo da. Plazak parte-hartzaileei urriaren 30ean jakinarazoko jakez.

Gau Beltzean ohikoa dan Ziri edo Sari ekintzak umeentzako tarte bildurgarria eta gozokiak jasoteko aukerea eskainiko dau liburutegian bertan, arratsaldean zehar. Aitatu dabenez, liburutegia ez da bakarrik liburuak gordeteko lekua, kultur espazio bizia da, edegia eta erosoa, librea, askea. Aspalditik dago liburutegiaren kontzeptua eraldatzen: gaur egun, liburuez gan, beste hainbat jarduera eskaintzen dituan kultur eragile garrantzitsua da. Gizarte osoarentzako espazio moldakorra da eta oraingo honetan, txikien eta gazteen beharretara egokitutako ekintza dibertigarria atondu dabe.

Udagoien Gaztea

Zemendiaren 2an, domekan, Bilboko Ilusinoen Museorako ibilaldia atondu dabe Udagoien Gaztearen barruan; 10 eta 14 urte bitarteko gazteentzako hitzordua da, 17:00etatik 21:00etara izango da eta autobusez joango dira Bermeotik monitoreakaz. Hainbat izango dira Ilusinoen Museoan gazteentzako jarduerak: Museoa bera bisitau, maskara tailerra, laborategi misteriotsua, photocalla, jokoak eta bestelakoak. Ume bakotxak poltsa berezi bat jasoko dau.

Joan gura dabenentzako izen-ematea zabalik dago GIZen (688 819 950 WhatsApp – 94 617 91 58 - giz@bermeo.eus), plaza kopurua bete arte. Plazak esleitzeko, izen-emotearen ordena jarraituko da. Bermeonerroldautakoek lehentasuna izango dabe. Plaza guztiak beteten badira, itxaron-zerrendea sortuko da.

Ohiturak mikroantzerkia, Frantziskotarren klaustroan

Gure herriko ohitura zaharrak berreskuratzeko asmoz dator Ohiturak mikroantzerkia: urriaren 31n eta zemendiaren 1ean, 18:00etatik 21:30era, eskainiko dira saioak ordu erdiro. Sarrerak 4 euroan eta egunean bertan, sarreran erosi daitekez.

  • Aktoreak: Zigor Bilbao, Itxass, Triz, Iñigo Cano eta Agor Guena.
  • Gidoia eta zuzendaritzea: Maria Dondiz Luzarraga.

Ikuskizun honek gure herriko Arimen Gaua eta ohitura zaharrak erakutsiko ditu, era berean, erakutsi gura da, gure herriko ohitura zaharrak ez dirala hain zaharrak, eta AEBetako Halloweena ahaztu barik, berton be Arimen Gaua ospatzen zan. Esaterako, kalabazak erabilten ziran, baina gurean, horreek hutsitu eta kandelalaz bete eta bide bazterretan jarten zituen arimek beren bidea bilatzeko. Gaur egungo Halloween jaian egiten dan modura, Arimen Gauean gazteak mozorrotu egiten ziran, baina arimek beste mundura eurekaz ez eroateko egiten eben. Mikroantzerki honek aukera parebakoa eskainiko dau gure kultura, historia eta ohitura txiki baina garrantzitsua ezagutzeko, bildurra eta dibersioa buztartuz.

Halloween Metal Fest

Spookypheria Productions elkartearen ekinbidez urteroko hitzordua atonu dau: zemendiaren 8rako, zapaturako, atondu dabee Halloween Metal Fest jaialdia. Bermeoko Kafe Antzokian izango dira Vita Imana, Killus, Kruddö eta Kudai taldeen kontzertuak.

Iluntzeko 20:00etan zabalduko ditute ateak. Sarrerak 18 euroan erosi daitekez Bermeon (Luman) eta Bilbon (Gothic-Zone), eta www.bermeokokafeantzokia.com/tiketak webgunean. Egunean bertan be salgai egongo dira leihatilan, 20 eurotan.

Gau Beltza edo Arimen Gaua Euskal Herriko ohitura aberatsa eta liluragarria da. Aurten atondutako ditugun jarduera honeek aukera parebakoa eskaintzen deuskue ume, gazte zein helduei gure kulturea gertutik ezagutarazoteko. Herritar guztiak konbidetan ditugu parte hartzeko, adierazo dabe udal arduradunek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu