Larria da administrazino publikoan euskerearen normalizazinoaren oinarri dan lege-esparrua dudan jartea
2025-12-10 07:54 Euskerea berbagaiGaia Auzitegi Konstituzionalera eroateak sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia dudan jartea da.
Lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Ibone Bengoetxeak eta Gobernuko bozeroaile eta Gobernantza, Administrazino Digital eta Autogobernuko sailburu María Ubarretxenak ardurea agertu dabe Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak Enplegu Publikoaren Legearen 187.5 artikulua, hizkuntza-eskakizunei buruzkoa, Konstituzinoaren aurkakoa izan daitekeela planteetako izapidea hasteko hartutako erabagiaren aurrean.
Arduradun bien eretxiz, egoerea oso larria da eta, praktikan, dudan jarten dau Euskadiko hizkuntza-normalizazinoaren oinarrizko zutabea, berrogei urtez baino gehiagoz indarrean eta bermatuta dagoana. Bengoetxea lehendakariordeak azpimarratu dauenez, gai hori Auzitegi Konstituzionalera eroateak sektore publikoa euskalduntzeko sistema guztia dudan jartea da eta sistema horrek —gogorarazo dau— zerbitzu benetan elebidunerantz pixkanaka eta proportzinoan aurrera egitea ahalbidetu dau.
Bestalde, Ubarretxenak adierazo dauenez, Eusko Jaurlaritzearen eretxiz ez dago motibo juridikorik konstituzinoagazko kontrakotasun-auzi hori planteetako, abenduaren 2an aurkeztutako alegazinoetan jasoten dan bezela. Nabarmendu duenez, orain dudan jarten dan edukia ez da barria, 1982ko Euskerearen Erabilerea Normalizetako Legean eta 1989ko Funtzio Publikoaren Legean dagoeneko agertzen baita, eta “arlo hori guztia Konstituzino Auzitegiak barrikusi eta bermatu eban. Sailburu biek berretsi dabe Jaurlaritzearen uste sendoa, hau da, euskera babestea aniztasuna, bizikidetzea eta euskerea erabilten dabenen duintasuna babestea dala.
Kasuaren ibilbide prozesala
PPk eta Voxek sektore publikoan euskerearen erabilereari buruzko 19/2024 Dekretuaren kontra jarritako errekursoak 2025eko martian aurkeztu ziran. Legitimazino-auziak udabarrian ebatzi ondoren —PPren errekursoagaz jarraituta, Voxena partzialki mugatuta, eta Amaya Martínez bere legebiltzarkidearen errekursoa artxibauta— prozedureak normaltasun apur bategaz egin eban aurrera zemendira arte.
Ordutik aurrera, saleak Gobernuak zalantzagarriak joten dituan hainbat erabagi hartu zituan. Urriaren 31n, Voxen errekursoaren barri eban epaimahaiaren osaerea aldatu eban, PPren errekursoa egokon epaimahaiaren osaereagaz bat egiteko. Zemendiaren 14an errekurso biak metatu zituen, edukia eta irismena oso desbardinak izan arren, eta egun horretan bertan edegi eban konstituzinoagazko kontrakotasun-auzi baterako izapidea. Salearen argudioaren arabera, 187.5 artikulua Konstituzinoaren kontrakotzat joten bada, dekretuaren beste artikulu batzuei eta hizkuntza-eskakizunen sistemako elementuei eragin leikie. Gaur egun, auzigaia Konstituzino Auzitegiari helarazo ala ez erabagiko dauen autoaren zain gagoaz.
Jaurlaritzeak zehaztu dauenez, ez Enplegu Publikoaren Euskal Legea ez 19/2024 Dekretua ez dagoz etenda, eta biek indarrean eta aplikazino betean jarraitzen dabe.
Hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna: kontzeptu ezbardin bi
Bengoetxeak eztabaida juridikoko oinarrizko kontzeptu bi azaldu ditu, nahasteak ebitetako: hizkuntza-eskakizuna eta derrigortasuna.
Hizkuntza-eskakizuna lanpostuaren ezaugarri bat da, mailea, titulazinoa eta funtzioak diran bezela. Enplegu Publikoaren Legeak ezartzen dauenez, lanpostu guztiak profil bategaz sailkatu behar dira, baina horrek ez dau automatikoki profil hori betekizun bihurtzen. Prestakuntzako, mobikortasuneko edo herritarrei arretea emoteko beharrak planifiketako balio dauen antolaketa-tresnea da. Profil bat esleitzeak ez dau inor edo ezer behartzen azpimarratu dau.
Aldiz, derrigortasunak, hau da, profil horri derrigortasun-data bat esleitzeak lanpostu jakin batean, hizkuntza-eskakizun hori betekizun bihurtzen dau zehazten dan datatik aurrera. Derrigortasun-data hori iraungi ez dan bitartean, ezin izango da euskerearen ezagutzea eskatu. Eta kasu horreetan guztietan, euskerearen ezagutzea merezimendutzat hartzen da sarbide-probetan.
Gainera, euskal administrazinoan, hizkuntza-eskakizuna esleituta eta derrigortasun-datarik ez daben lanpostuen kopurua esanguratsua da, eta Euskadiko herri-administrazinoetan euskerearen erabilerea planifikau dan ia berrogei urteetan be ez dabe hizkuntza-eskakizunik esleituta izan. Horreetan guztietan euskerea jakitea ez da lanpostuari jagokon betekizuna; euskerea jakitea puntuau baino ez da egiten.
Bengoetxea lehendakariordeak ohartarazo dauenez, badirudi saleak interpretetan dauela sailkatzea betebehar orokor bat ezartzearen parekoa dala, eta hori ez da holan. Gogorarazo dau euskal sistemeak plano biak bereizten dituala, hain zuzen be, mailaz mailako aurrerapena, orekatua eta zerbitzu bakotxera egokitua bermatzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
