Gerediagak Teila saria emongo deutso Jon Pertikari Merinalde Egunean
2017-06-01 08:36 KultureaDurangaldeko jantzak ezagutzera emoteko egin dauen ahaleginagaitik omenduko dabe zapatuan.
Jon Pertikak bizitza osoa egin dau jantzeari lotuta. 1937an jaio zan Bilboko Basurtu auzoan eta Dindirri taldean hasi zan jantzan, umetan. 1968an Basurtuko Beti Jai Alai sortu eban eta ordutik bertako dinamizatzailea eta zuzendaria izan da. Datorren urtean mende erdia beteko dau taldeak.
Gerediaga alkarteak azaldu dauenez, azpimarratzekoa da Jon Pertikak Bizkaiko jantzak berreskuratzen eta zabaltzen egin dauen lana. Jantzak leku bakotxean egin diran moduan jasotea gustetan jako, bestelako apaingarri eta gehigarri barik.
Durangaldeagaz hartu-emon estua izan dau Pertikak. Gerediaga alkarteagaz beragaz zein eskualdeko jantza taldeakaz alkarlanean ibili izan da eta, esate baterako, Durangoko Dantzari Dantzaren enbaxadorerik handiena da, Teila saria emoteko arrazoien artean nabarmendu dabenez. Durangaldeko folklorea Euskal Herrian eta mundu guztian zabaldu dau, nazinoarteko jaialdi askotan parte hartu dau eta.
Teila saria urte birik behin emoten deutso Gerediaga alkarteak Merinaldetik kanpokoa izan baina Durangaldearen alde lan egiten dauen persona bati. Lan hori eskertzeko eta autortzeko modua da saria.
1997an emon eben lehenengoz Teila saria eta, ordutik, saritu ugari egon dira: Gregorio Monreal, Pedro Mari Basañez, Adrian Zelaia, Karmele Goñi, Enrike Ibabe, Jose Angel Barrio Loa, Jose Luis Muñoyerro, Iñaki Garcia Camino eta Juanjo Moreno izan dira orain arteko sarituak. Aurten Jon Pertika sartuko da zerrendan. Aurreko omenduei legez, Euskal Zeramikearen Museoaren sortzaile eta zuzendari Blanca Gomez Segurak egindako teilea emongo deutsie basurtoarrari.
Bagilaren 3an, zapatuan, egingo deutsie gorazarrea Jon Pertikari, Merinalde Eguneko ospakizunen barruan. Gerediagako Foru Zelaiko Salbatore baseleizan izango da ekitaldia, 12:30ean. Pertikari teilea emon aurretik, ganera, antxinako jantzen ikus-entzunezko bat proiektauko da. 1930eko hamarkadan Zubiaurre anaiek Garain grabautako jantzak, 1920ko Berrizkoak eta 1967ko Durangaldeko Ezpadantzari Eguneko irudiak dakarz, besteak beste.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!