Bisitaldi gidatua egingo dabe aurtengo Merinalde Egunean

Bizkaie! 2017-05-29 10:53   Kulturea

Durangaldeko foru erakundea gogoan hartuko dau Gerediaga alkarteak bagilaren 3ko ospakizunean.

Gerediagako zelaia | Ikusi handiago | Argazki originala

1876an foruak balio barik itxi ziran arte, Durangaldeak berezko erakundeak euki zituan. Hori gogoratzen dabe urtero Merinalde Egunean eta, ganera, aurten, bisitaldi gidatu bategaz hobeto ezagutu ahal izango da eskualdeko historia. Oinezko ibilaldia izango da eta Garai zein Abadiñoko txokoetatik pasauko dira parte-hartzaileak.

Bisitaldiak lau geraleku izango dituala azaldu dabe Gerediaga alkarteko antolatzaileek. Lehenik eta behin, Garaiko udalerrian, San Juan Momoitio eta udaletxea ikusiko ditue ibiltariek. Kofradien egiturea eta funtzinoak ezagutu ahal izango ditue lehenengo geldialdian eta eleizateen figurea bigarrenean. Txuzoa, banderea eta jezarleku zaharra ikusiko ditue udaletxean.

Beste geldialdi biak Abadiñoko lurretan izango dira: Gerediagako foru-zelaia eta Astolako auzitegi-etxea. Durangaldeko sasoi bateko antolaketa politikoaren erdigunea izan zan Gerediaga, merinaldeko herrietako ordezkariak bertan batzen ziran. Astolan, ostera, korrejidorearen egoitzea egoan eta baita kartzelea be. Bisitaldian ziegak zelakoak ziran erakutsiko dabe.

San Juan Momoition hasita, oinez egingo dabe ibilaldia, bagilaren 3an, zapatuan. Goizeko 09:00etan jarri dau hitzordua Gerediagak. Dana dala, San Juan Momoitiora autoan igon nahi dabenek ordu erdi lehenago joan behar dabe Astolara.

Gerediaga alkarteak urteak daroaz Durangaldeko sasoi bateko egitura instituzional berezia gizarteratzen. Ahalegin horren barruan dago urteroko Merinalde Eguna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu