Txillardegiren obra osoa, herritarren eskura

Bizkaie! 2017-05-23 12:25   Kulturea

Pentsalari eta idazle donostiarraren ia 2.000 dokumentu digitalizau eta sarean jarri ditu Jakinek, atari honetan.

Txillardegi (argazkia: Jakin) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain dala aste batzuk iragarri eban Jakinek XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa izeneko proiektuari ekin deutsala. Ganera, Elkar saria emon eutsien egitasmoari. Horren lehenengo emoitzea da Txillardegiren obra osoa batzen dauen interneteko ataria. Donostian aurkeztu dabe gaur Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazinoko lehendakariak eta Mari Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko kultura zuzendari nagusiak.

Euskal Herriko historian leku berezia dauen pentsalari, idazle eta eragilea izan zan Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi (1929-2012). Jakinek azaldu dauenez, euskal kulturearen modernizazinoan, euskerearen estandarizazinoan eta nazinoa eta hizkuntzea lotzen dituan pentsamenduan aitzindari izan zan. Euskeraz idatzi eban gehienbat.

Sortzaile oparoa izan zan Txillardegi, gaztetatik ia hil arte idatzi eban, danetarik: liburuak (fikzinoa zein saiakerea), artikuluak... Horrek guztiak topau, sailkatu eta digitalizetan hiru urte egin ditu Jakinek, Gipuzkoako diputazinoaren laguntzinoagaz. Guztira, 1.984 testu dira, 23.591 orrialde. Gehienak Txillardegik berak idatziak dira, baina badagoz hari egindako alkarrizketak, erreseinak eta antzekoak be.

Atarian batutako testurik zaharrenak 1956koak dira, Egan, Euzko Gogoa eta Euskera aldizkarietan ateratako artikuluak. Dokumentu barrienak 2011 bueltakoak dira. Jakinen arabera, Txillardegirena obra oparoa da, kopuruz zein edukiz.

Gai ugari landu zituan Txillardegik: Euskerea, soziolinguistikea, hizkuntza txikiak, sozialismoa, esistentzialismoa, nazino arazoa eta abar. Ia 2.000 dokumentu eta hainbeste gai izanik, Jakinek bilaketa tresna eraginkorra ipini deutso interneteko atariari, eduki zehatzak topau nahi dituan erabiltzaileari erraztasunak emoteko. Interesa daukan edozein herritarri zabalik dago webgunea.

Sareko atariaz gan, Txillardegiren obrea zabaltzeko liburu bildumea plazaratuko dau Jakinek laster. Ganera, ikus-entzunezko batzuk be atonduko ditu, modu dibulgatibo eta erakargarrian haren ekarpena gizarteratzeko. Helburuetako bat da Txillardegiren obrea gazteei hurreratzea.

Orain Txillardegigaz egin dauen legez, aurretik Karlos Santamaria, Luis Villasante, Martin Ugalde, Resurrección María de Azkue eta beste askoren lanak digitalizau ditu Jakinek.

Txillardegiren obrearen digitalizazinoaren eta XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa proiektuaren ganeko azalpenak emon zituan Lorea Agirrek apirilean gurean, alkarrizketa honetan.

Txillardegiren obrea sarean, datuak:

-1.634 idazlan, zazpi moltsotan:

Liburuak: 40

Liburu zatiak: 173

Artikuluak: 1.352

Itzulpenak: 46

Editore/zuzendari/zuzentzaile: 8

Berredizinoak: 10

Bereziak: 5

-Hari buruzo erreseina, alkarrizketa eta aztarlanak: 350.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu