Euskal pentsamenduaren transmisinoaren inguruko Jakinen proiektu batek jaso dau Elkar Saria
2017-04-06 08:10 KultureaTxillardegiren obrearen dibulgazinoari ekitea izango da egitasmoaren lehenengo pausua. Ikus-entzuenezkoak, liburuak eta webgunea plazaratuko ditu Jakinek.
2017ko Elkar Sariak bultzadea emon deutso Jakin aldizkariaren proiektu barriari. Izan be, Elkar Fundazinoak emondako laguntzinoari esker, euskal pentsamenduaren transmisinoa bultzatzeko lanari ekingo deutso Jakinek. Joxemari Sors, Elkar Fundazinoko lehendakariak, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak eta Jone Forcada, Txillardegiren alargunak emon dabe horren barri, Donostian egindako agerraldian.
XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa izeneko proiektu horren lehenengo urratsa Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegiren obran oinarrituko da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesagaz, hiru urte behar izan ditu Jakineko lantaldeak Txillardegiren obra guztia digitalizetako: Guztira, 1.984 idazlan dira, 23.591 orrialde.
Hori guztia herritarren eskura jarteko, hainbat bide erabiliko ditu Jakinek. Batetik, maiatzean, obra osoari eskainitako interneteko ataria zabalduko dau. Behin webgunea martxan dala, obra guztia liburu bilduma baten eta ikus-entzunezko euskarrian batuko dau Jakinek. Bederatzi aletan banatuko da liburuen atala. Lan hori guztia egiteko, 2017ko Elkar Sariaren 10.000 euroak erabiliko ditu Jakinek.
Jone Forcada alargunak adierazo dau omenaldi emonkorra izan dala Txillardegiren lana digitalizetea. Orain, Jakinek eta Elkarrek haren obrea zabaltzeko proiektuan sakonduko dabelako eskertuta agertu da.
Lorea Agirre Jakineko zuzendariaren ustez, euskalgintza, kulturgintza eta herrigintza eredua garatu ahal izateko ezinbestekoak izan diran autore eta ekimen barritzaileak ez doguz ezagutzen. Horreek ezagutu ezean, umezurtz gagozala ganeratu dau, eta horixe dala proiektuaren abiapuntua. 1960ko hamarkadatik hona, Euskal Herriko pentsamenduaren garapenean zeresana izan daben hainbat euskal autoreren lana berreskuratu, dibulgau eta transmitidutea da proiektuaren helburua, Agirrek zehaztu dauenez. Beraz, Txillardegiren ostean, beste autore batzuen txandea izango da.
Joxemari Sors Elkarreko lehendakariak azaldu dau, Elkar Sarirako aukeratu dabela Jakinen proiektua, transmisinoa lantzen dauelako. Belaunaldien artean transmisino faltea dago, euskal kulturan be bai, eta pentsamenduari jagokonez, zer esanik ez, ganeratu dau Sorsek.
Elkar Saria igaz sortu eban fundazinoak, eta aurten bigarrenez emon dabe. Sari-banaketa ekitaldia apirilaren 27an izango da, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!