Lorea Agirre: 'Funtsezkoa da hemen bertan sortutako pentsamendua ezagutzea'

Dabi Piedra 2017-04-18 08:23   Barriketan

Jakineko zuzendaria

Proiektu barria martxan jarri dau Jakinek: XX. eta XXI. mendeetako euskal pentsamenduaren transmisioa. Azken hamarkadetako euskal pentsalarien lana batu eta gizarteratzea izango da helburua. Lehenengo atala atontzen dabiz dagoeneko Jakinen, Jose Antonio Alvarez Enparantzaren, Txillardegiren ingurukoa. Elkar saria irabazi barri dau proiektuak eta horrek bultzadea emongo deutso lan luze eta sakon honi. Lorea Agirre Jakineko zuzendariak emon deusku euren asmoen barri.

1.- Euskal pentsamenduaren transmisinoa landuko dau Jakinek. Hutsunea ikusi dozue alderdi horretan?

Kezka edo inpresino nagusi bat badaukagu, bai, euskal kultura modernoa deitzen dogun horretatik, 1956an hasten dan berpizkunde kultural horretatik gaur egunera arte, eten handi samar bat dagoala transmisinoan. Sasoi ha guretzat inportantea da, euskal kulturgintzan mobimenduak eta ideak sortu ziralako. Ikastolak, euskera batua, Jakin aldizkaria, euskal literaturearen modernizazinoa, euskal kantagintza barria... ordukoak dira, mobimendu oso bat sortu zan hor, eta diskurso bat be badago. Hiru idea azpimarratuko neukez diskurso haretatik: Euskerea salbatuko da kultura hizkuntza bihurtzen bada; hizkuntza batuaren beharra; eta kultura modernoa sortu beharra. Hiru idea horreek gaur egunerako balio dabela uste dogu, baina transmisinoa bidean galdu da.


2.- Transmisino hori egin ahal izateko, ze tresna erabiliko dozuez?

Hiru urrats aurreikusi doguz Txillardegiren kasuan, eta gero etorriko diran beste autoreakaz be horreek segitzea da asmoa. Lehenengo urratsa da, bere lan guztiagaz interneteko ataria sortzea. Txillardegik, esaterako, ia 24.000 orri ditu idatziak. Hori ordenatuta emongo dogu: Gaiaren eta fetxearen arabera, modu eraginkor eta erraz baten. Bigarren pausua da liburu sorta bat ateratzea, kasu honetan Txillardegik hainbat gai zelan ikusten zituan aztertzeko, bere idatzien bidez. Liburu tematikoak, edo monografikoak, izango dira: Txillardegi eta euskara, Txillardegi eta politika, eta beste hainbat. Oinarrizko biblioteka bat sortuko dogu holan. Liburu bakotxaren osogarri, ikus-entzunezko bat egingo deutsagu, hori izango da hirugarren urratsa. Liburuan kontetan dana ikus-entzunezko baten bidez kontauko dogu, pilula moduan.


3.- Pentsamenduarena gai potoloa da. Bilduma honen hartzaileak adituak izango dira, ala irakurle guztientzako aproposa izango da?

Publiko guztiarentzako moduko liburuak izango dira. Zabalpena emoten ahaleginduko gara. Egia da Txillardegiren alor batzuk konplikaduagoak edo zientifikoagoak dirala, bera injinerua eta matematikaria zan. Gu hor ez gara horrenbeste sartuko. Osterantzean, Txillardegi autore ulertzen erraza izan zan. Berak be lan handia egin eban dibulgazinoan, edonork ulertzeko moduan idazten eban. Liburuak ez dira oso lodiak izango, ez dira liburukoteak, ganera ikus-entzuezkoakaz datoz... egia da buruan badogula hartzaile gazte bat, gaztea zentzu zabalean, belaunaldi barrietakoa. Nondik gatozan eta nora heldu garen jakiteko interesa daukanarentzat da proiektu hau.


4.- Zelan sortu zan euskal pentsamenduaren transmisinorako egitasmo hau?

Jakinek egin izan ditu pentsalari handien lanen digitalizazinoak: Santamaria, Azkue, Mitxelena, Martin Ugalde eta beste hainbatena. Orain dala hiru urte abiatu genduan Txillardegiren obrea digitalizetako proiektua. Horretan genbilzala, pentsau genduan zeozer gehiago egin beharko gendula Txillardegiren obrea gizarteratzeko. Ondo dago digitalizazinoa, jenteak testu guztiak eskura euki daizan, baina gehiago behar zala ikusi genduan. Proiektu hori erdi-idatzia genduan eta Elkarrek aintzat hartu dau. Dibulgazino lan horretan arnasea emongo deusku.


5.- Txillardegiren ostean be, euskal autore gehiago ezagutarazoten segiduko dozue. Gaur egungo gizartean kanpoko erreferentziek daukien pisua ikusita, kontrapisu lana egitera dator zuen proiektua?

Bai, honen guztiaren oinarrietako bat hori da. Autoreetan ezaugarri bi bilatuko doguz: Batetik, hemengoak izatea, hemen sortutako pentsamendua erakusteko, Euskal Herria guk geuk pentsatua. Joxe Azurmendik beti esaten dau, guk munduari egin ahal deutsagun ekarpenik handiena dala mundua euskeraz pentsetea. Bigarren elementua izango da autore guztiek euskeraz pentsau eta sortu dabenak izatea, ze mordoxka bat badira. Badago aldea, euskeraz pentsetan dozun edo, Euskal Herrian egonda be, gaztelaniaz pentsetan dozun. Euskereak ikuspuntu diferentea emoten dauela uste dot, baina batzuetan ez da kontuan hartzen. Sarritan kanpoko autoreetara joten dogu, eta ez dinot inkonpatiblea danik, baina funtsezkoa da hemen bertan sortutako pentsamendua ezagutzea.


6.- Autore mordoxka dagozala aitatu dozu. Hortaz, proiektu hau luzerako doa...

Proiektuaren bokazinoa da luzea eta sakona izatea. Guk geuk ondo dakigu proiektu handia dala eta ipini deutsagun izena be handia dala: XX. eta XXI. mendeko euskal pentsamenduaren transmisinoa. Hau, seguruenez, izango da Jakinek hurrengo urte edo hamarkadetan izango dauen lanetako bat: Autore egokiak topau, berrezagutzera emon, edonoren eskura ipini... Astiro-astiro, baina abiatu gara, eta segiduko dogu.


7.- Jakinen izakereagaz bat datorren egitasmoa da, ganera.

Jakinen betidanik aldarrikatu dogu honelako gauza bat. Joan Mari Torrealdaik sarritan aitatu dau eta azken 40 urteotan egin dauen lanari balioa emoten deutso honek. Izan be, Torrealdaik beti esan dau, noz edo noz sortu beharko dogula Euskal Liburutegi Nazionala, beste herrialde guztiek daukien modura. Euskeraz sortu dan guztiaren liburutegi bat litzateke, euskarri fisikoan zein digitalean. Idea orokor horren barruan, transmisinoaren proiektu hau urrats bat dala esan geinke, goragoko asmo hori beteteko bidean.


8.- Txillardegi izango da proiektuko lehenengo autorea. Pentsalari eta idazle oparoa izan zan, ezta?

Pentsau behar da Txillardegik 55 urtez argitaratu ebala. Autore asko ez dira egongo horrenbeste denpora pasau dabenak argitaratzen. Lehenengo artikulua 1956an atera eban eta, azkena, 2011n. Tartean, 40 liburu idatzi zituan, era askotakoak: Literaturra, politikea, soziolinguistikea, pedagogia, filosofia... Pertsonaia singularra da Txillardegi gure ekosistema honetan. 1.500 artikulu inguru be idatzi zituan, danetik idatzi eban. Hizkuntzeari lotutako gaiak landu zituan batez be, baina beste gai asko be ikutu zituan, esaterako hezkuntzaz asko idatzi eban, euskal unibersidadeak zelakoa izan behar eban... Gero, jakina, politikaz be idatzi eban. Txillardegi politikari aktiboa izan zan, azken 60 urteotan Euskal Herrian egon diran debate guztietan parte hartu eban. Lan handia izan da hori guzta digitalizetea, hiru urte behar izan doguz. Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesagaz egin dogu, bestela ezinezkoa izango zan. Txingurri lana izan da, argitaratutako guztia bilatzen, txukundu, eskaneau, zuzendu...


9.- Zergaitik aukeratu dozue Txillardegi proiektuko lehenengo autorea izateko?

Beste batzuk be izan ahal ziran, baina Txillardegi hainbat arrazoigaitik aukeratu dogu. Alde batetik, Txillardegi euskal kulturgintzan zentzu zabalean, edo herrigintzan, oso pertsonaia singularra da, eremu asko landu zituan, diskursoan eta praktikan, aktibista handia izan zan. Euskerearen batasunaren lehenengo arauak berak emon zituan, euskera batuaren beharraz ohartarazo eban. ETAren sortzaileetako bat izan zan, ETA oraindino mobimendu sozio-kulturala zanean gehienbat, hizkuntzearen bueltakoa. Gerora euskal kulturan sortu diran egitura askoren atzean edo alboan egon da. Bai ikastolak sortzen, zein ikas-materiala, UEUren sorreran be bai... euskal hedabideen sorreran be egon zan. Bera be, persona legez, uste dot berezia zala, nortasun handikoa, polemista hutsa. Horregaitik aukeratu dogu, baina ganera, aurten bost urte bete dira Txillardegi hil zala eta atxakia txikia da hori.


10.- Txillardegi sarritan aitatzen dogu, erreferentea da euskal munduan. Baina benetan ezagutzen dogu haren pentsamendua ala azaletik baino ez?

Nik esango neuke ez dogula behar dan moduan ezagutzen, eta ni neu lehenengoa. Obra oso handia daukalako Txillardegik eta, bestetik, ez dogulako patxadarik hartzen irakurtzeko edo ezagutzeko. Batez be, egituren ganean berbetan nabil, bai unibersidadea sortzeko ideak, zein ikastolak eta halakoak. Askotan ez gara geratzen aurrekoek egindakoa begiratzeko eta horri balioa emoteko. Edo ados ez gagozala esateko, jakina. Horretan ez gara oso herri trebea: Pentsau, idatzi, aztertu, kontrastau, modu sano baten eztabaidatu... zeregin horreek kostau egiten jakuz, pentsau nahi dot hemendik aurrera gehiago egingo dogula. Egia da, bestetik, Txillardegik irudi bat itxi dauela, beharbada bere nortasunagaitik eta, azkenean, titular batzuk itxi dituanez, horregaz geratzen gara sarri. Txillardegi nor zen, Euskal Herrian, jente askok esan leike gitxi-asko, baina sakonean zer esaten eban, hori gatxagoa da, ahalegin handiagoa eskatzen dauelako.


11.- Txillardegiren ostean, nondik nora joko dau proiektuak?

Autore batzuk badaukaguz esku artean baina ez dot ezer aurreratu nahi, ze igual gero ez dot igarriko. Asmoa da Euskal Herri osoko autoreak sartzea, lurraldetasuna oso kontuan hartzea. Ganera, oinarrietako bat izango da emakumeen eta gizonen arteko orekea bilatzea. Dana dala, onartu behar dot, 1956tik aurrerako lehenengo hamarkadetan gatxa dala emakumeak topetea. Gitxi izan ziralako edo egon ziranek ez ebelako euki merezidutako konsiderazinoa. Orduan, lehenengo urteak behinik behin, maskulinoak izango dira, baina ahalegina egingo dogu. Azken urteetan egoera hobea da eta hor orekea bilatuko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu