Hizkuntza ohituratan eragiteko alkarlaneko ekimen barria aurkeztu dabe
2017-05-12 10:13 Euskerea berbagaiHerritarren eta erakundeen erronkak izango dira ekimenaren ardatz eta hizkuntza praktika barriak eta horreek babesteko neurriak sortu nahi dira egitasmoaren bidez.
Hizkuntza-ohitura eta erabilera-praktikatan eragiteko proposamen barria aurkeztu dabe Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak eta Euskaltzaleen Topaguneak. Udaltop udaletako euskera zerbitzuen topaketatan aurkeztu dabe proiektua, euskera zerbitzuetako arduradun eta euskerearen gizarte eragileen hainbat ordezkariren aurrean.
Euskereak 365 egun dinamikearen barruan euskerearen erabilera soziala areagotzeko eta hizkuntza praktika barriak bultzatzeko ekimenak bultzatuko ditula iragarri dabe erakunde bietako ordezkariek. Herriz-herri hizkuntza ohiturak aldatzeko martxan jarritako esperientziak oinarri hartuta, hurrengo urteetan ekimenok zabaldu eta euskerearen lurralde osoan alkarregaz eragiteko proposamena da. Lan arlo barri honetan herritarren hizkuntza ohituretan eragiteaz gan, gizarteko era guztietako erakundeek hizkuntza praktika barriak bultzatzeko neurriak hartzea sustatuko dala azpimarratu da.
Udaltop topaketan hizkuntza ohiturek euskerearen erabileran daben eragina nabarmendu da, eta orain aurkeztutako egitasmoak zuzenean landu nahi ditu hizkuntza portaera eta ohiturak. Horretarako, hurrengo bi urteetarako ekimen eta erronka zehatzak iragarri ditue. Baietz 11 egun euskeraz alkarregaz! ekimena izango da lehenengoa, herritarrak beren harremanetan euskerea erabilteko hizkuntza praktika barriak proponiduko dituana. Azken urtean hainbat herritan egindako esperientziak oinarri hartuta, Euskal Herri osoan aldi berean egitea da proponidutako lehen erronkea.
Praktika sozial barriak erraztuko dituen neurri sozialak hartzera konbidauko dira era guztietako erakunde eta eragileak ondoren, bigarren erronkan.
Egitasmoaren aurkezpenean, abiatutako alkarlanaren garrantzia be azpimarratu da. Proposamen edegia dala azaldu du Estibaliz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskera Sustatzeko zuzendariak, eta Udaltop topaketek balio izan dabe bertaratuek lehen ekarpenak egin ahal izateko. Euskaltzaleen Topaguneko ordezkari Iker Martinez de Lagosek, hurrengo hileotan ekimenaren koordinatzaileek ekarpenak jasoten jarraituko dabela adierazo dau, ahalik eta eragile gehien proiektura batzeko helburuagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!