Gerra Zibilean Italiako soldaduek grabautako irudiak proiektauko ditu Zinebik

Bizkaie! 2017-04-03 09:35   Zinemea

EHUren Bizkaia Aretoan, Bilbon, izango dira saioak, gaurtik apirilaren 6ra. 15 film propagandistiko dira eta Bizkaiko hainbat herritako irudiak dagoz.

Italiarrek Bilbon grabautako irudi bat: Lehendakaritzearen egoitzea (Zinebi/CSCI) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zinebik, Bilboko Film Labur eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiak, ziklo berezia atondu dau egunotan Bizkaia Aretoan. Gerra Zibilean Italiako tropa faxistek grabautako 15 pieza labur ikusi ahal izango dira. Gerra bete-betean Bizkaia zelan egoan agiri da irudiotan. Orain arte proiektau bako filmak dira horreetako batzuk.

Zinebiren ziklorako aukeratu diran pelikula guztiak propagandarako grabau ziran. Herrialde faxistea zan Italia 1930eko hamarkadearen amaieran eta Gerra Zibilean Francoren aldekoei lagundu eutsen. Modu ofizialean, Italia herrialde neutrala zan, baina Gerra Zibilean parte hartu ebela erakusten daben froga asko dagoz (adibidez, joan dan astean Gerediaga alkarteak aurkeztutako aurkikuntzea).

Gernika, Durango eta abarretako bonbardaketen 80. urteurrena dan ezkero, zikloa oroitzapen-proiektu zabalago baten parte da. Imágenes para la memoria. Iconografía fascista y Guerra Civil Española (2016-2019) da ekimenaren izenburua. Kataluniako Zinematekan inaugurau zan zemendian, gogoeta kolektiboa bultzatzeko asmoz. Hitlerrek eta Mussolinik estadu-kolpe frankisteari emondako laguntzino materiala eta ideologikoa funtsezkoa izan zan gerran, proiektu horretan jaso danez.

Bilboko proiekzinoak egunero izango dira, apirilaren 6ra arte, Bilboko Bizkaia Aretoan. Sartzea doban da. Erakutsiko diran 15 film propagandistikoetan, gerrako irudiak eta Bizkaiko herrietan grabautako eszenak dagoz. Besteak beste, Bilbo, Durango, Bermeo, Dima, Zornotza, Gernika, Mungia eta Plentzia agiri dira. Kameralariak, ostera, Italiako soldadu anonimoak izan ziran. Gipuzkoako paraje batzu be badagoz. Zinebiko arduradunen esanetan, balio dokumental handiko grabazinoak dira eta gehienak sekula ikusi bakoak, euren sasoian be ez ziralako estreinau.

Euskal Herriko irudiez gan, balio historiko handiko beste eszena batzuk dagoz dokumentalotan. Esate baterako, Franco eta Mussoliniren arteko hartu-emon tirabiratsua agiri da. Gerrearen beste fronte batzuetako gertakariak be badagoz pelikuletan, Kataluniako batailetakoak adibidez.

Artxiboetan egindako bilaketeari esker topau dira pelikulak. Zinebigaz batera, Centro di Studi sul Cinema Italiano (CSCI) eta Bilboko Udala ibili dira zeregin horretan. Bilbon 1936an eta 1937an jazotakoen memoria historikoa gordeteko asmoz eratu dabe zikloa.

Zikloaren lehenengo egunean, gaur, proiekzinoa ez eze, mahai-ingurua antolatu dabe. Ganera, zikloaren komisario dan Daniela Arocak, idatzi barri dauen liburua aurkeztuko dau: La Guerra Civil Española en la propaganda fascista. Noticiarios y documentales italianos (1936-1943).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu