68. Zinebik 'Arriagaren Monumentua' omenduko dau
2026-10-08 13:49 ZinemeaJesús Mari Lazkanok egindako kartelean.
Irudiak Francisco Durrioren eskulturea berrinterpretetan dau eta musikearen musea dan Euterperen lirearen ordez 16 mm-ko zeluloide-bobina bat dauka. Kartelaren bidez, Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko lanak eta konpositore bilbotarraren heriotzearen bigarren mendeurrena lotzen dira.
Bilboko Udalak atondutako 68. Bilboko Nazinoarteko Dokumentalen eta Film Laburren Zine Jaialdia zemendiaren 20tik 27ra egingo da eta, esandako moduan. Jesús Mari Lazkano artistearen lanak iragarriko dau Zinebi.
Omenaldia Bilboko bizitza kulturalagaz lotutako jazoera bigaz dago lotuta. Alde batetik, Bilboko Arte Ederren Museoaren (Bilbao Museoa) zabalkuntzea edegi da eta Arriagaren Monumentua atari barriaren erdian dago. Bestetik, 2026an Juan Crisóstomo Arriagaren heriotzearen bigarren mendeurrena gogoratzen da, eskulturea eskaini jakon musikari bilbotarra.
Musikatik zinemara
Kartelean, irudiak urrezko tonua hartzen dau, zazpigarren artearen trofeo ikoniko batzuk gogorarazoten dituana, eta haren siluetea zeru ilun baten kontra ebagiten da. Euterpek jatorrizko eskulturan eusten dauen lirearen ordez, 16 mm-ko zeluloide-bobina bat jarri da. Aldaketa horregaz, Durrioren lanean musikearen lekua hartzen dau zinemeak.
Osaereak figurearen protagonismoari eusten deutso eta arretea bere jarreran eta eusten dauen objektuan jarten da. Urrearen eta hondo ilunaren arteko kontrasteak handitu egiten dau haren presentzia: Euterpe harro eta sendo baina aldi berean erabat agirian dago.
Tensino horretan kokatzen da Lazkanoren proposamena. Irudiak pelikulak egiteak eskatzen dauen indarra eta ahalegina gogorarazoten ditu, obrea ikusleari eskaintzeaz eta edozein sorkuntza artistikoren berezko kalteberatasunagaz batera. Holan, konpositorearen gomutea, Durrioren eskulturea eta zinema-hizkuntzea batzen dira kartelean, ZINEBI 68rentzat egindako berrinterpretazinoan.
Jesús Mari Lazkano (Bergara, 1960)
Artisteak arkitekturearen, paisajearen eta naturearen arteko hartu-emonak esploretan ditu. Euskal Herriko Unibersidadean Arte Ederretan lizentziatua eta doktorea da, eta hango Pintura Sailean be irakasle-lana egin dau. Urdaibain bizi eta lan egiten dau eta bere lana Europako, Amerikako eta Asiako herrialdeetan aurkeztu dau. Jakiundeko (Euskal Herriko Zientzia, Arte eta Letren Akademia) akademiko osoa da.
Bilbogaz dituan hartu-emonen adierazgarri dira banakako erakusketak Bilboko Guggenheim Museoan 2007an eta Bilboko Arte Ederren Museoan 2010ean. Formatu handiko esku-hartzeak be egin ditu Euskalduna Jauregian eta Metro Bilbaon. Bergararraren lana ikus-entzunezkoen arlora zabaldu da Artiko filmagaz, paisaje artikoaren esplorazinoari lotua. 2025ean, gainera, ZINEBI Animation Lab-en lehenengo edizinoan hartu eban parte.
Jaialdiaren egoitzak
- Arriaga Antzokia.
- Guggeheim Bilbao Museoa.
- Golem Bilbao eta Azkuna Zentroa.
- BBK Sala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
