49. Euskal Zine Bilera, urriaren 14tik 18ra, Lekeition
2026-09-30 10:20 ZinemeaHerri Epaimahaia, herritarren begiradea ardatz.
EZB Euskal Herriko zinemeari begira dagoan arren, herrian eregiten da eta horregaitik, euskal zinemearen eta Lekeitio eta inguruetako herritarren arteko zubia da, belaunaldi desbardinetako herritarrei zinemea gertutik ezagutzeko eta biziteko aukerea eskainiz. Asmoa hori da.
Herri Epaimahaiak herritarrez osotutako epaimahai bi izango ditu: Gazte Epaimahaia eta Esperientziadunen epaimahaia. Talde bakotxak Sail Ofizialean lehiatuko diran filmak ikusiko ditu eta horreen inguruan hausnartu eta eretxiak konpartidu ondoren, sarituko dan filma aukeratuko dabe. Esperientzia honegaz herritarrek EZB biziteko beste modu bat proponiduten da jaialdian modu aktiboagoan parte hartzeko aukerak sortuz.
Ondokoak dira epaimahai biak eta bakotxak emongo dituan sariak:
Gazte Epaimahaian 18 eta 35 urte bitarteko gazteak izango dira eta 500€ko Benito Ansola Saria emongo dabe.
Esperientziadunen Epaimahaian, 55 urtetik gorako herritarrak izango dira eta 1.000€ko Cikautxo Saria emongo dabe.
Herri Epaimahaiaren lana, halan da be, ez da filmak ikusi eta film sariduna aukeratzea bakarrik, zinemea hurbiletik biziteko konbita be badakar, ikasi, eretxiak konpartidu, beste herritar batzuekaz batu eta jaialdia barrutik ezagutzeko aukerea eskainiz. Horretarako, jaialdiaren aurretik Herri Epaimahaiko kideek prestaera saio bat izango dabe dinamikearen nondik norakoak ezagututzeko: filmak ikusi eta horreen inguruan eztabaidatzeko hainbat argibide eta abiapuntu proponiduko dira.
Herri Epaimahain parte hartzeko izena emon beharko da hemen. Izena emoteko azken eguna: urriak 3.
Aurtengo kartela
Aurtengo jaialdiaren kartela egiteko ardurea Taxio Ardanazen esku itzi dabe. Taxio bere sorkuntza-lana margolaritzearen, argazkigintzearen eta instalazioen inguruan jorratu dau.
Artista plastikoaren eta zinearen arteko hartu-emonak hurbilekoak ditu eta berezkoa da bere sorkuntza-prozesuan. Kartelean zinearen eta ikus-arteen arteko topagune hori proponiduten dau, zinemearen memoria eta begirada piktorikoa alkarregaz jositako irudi-proposamen baten bidez.
Informazino gehiago behar badozu idatzi aisialdia-hezkuntza@lekeitio.eus helbidera edo sartu zaitez hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
