Durangoko bonbardaketan parte hartu eben pilotuen eta dana plafinikau ebenen identifikazinoa dakar Gerediagak
2017-03-31 08:41 KultureaDurangoko Udalak bonbardaketen erantzuleen kontra jarriko dauen auzi-jartea babesteko Gerediaga Alkarteari ikerketa historikoa agindu deutso.
Jon Irazabal ibili da alkartearen izenean 1984. urtetik Durangoko bonbardaketeari eta Durangaldeko gerra zibilari buruz ikertzen eta bera izan da udalaren enkarguari erantzuteko egin diran lanen koordinatzailea.
Martian ikerketako daturik garrantzitsuenak jasoteko artxibo bi bisitau ditue: Archivo General e Histórico del Aire (Villaviciosa de Odon, Madrid) eta Archivio Stato Maggioren Aeronautica Militare Italiana (Erroma). Aitatutako artxibo bi horreetan Espainiako gerra zibileko abiazino-dokumentuak dagoz. 1984tik hiruzpalau aldiz bisitau ditue artxiboak ikerketarako datu interesgarriak jasota. Oraingo bidaian bere, auzi-jarteari begira garrantzia handiko dokumentazinoa topau da. Bi izan dira ikerketeari datu barriak ekarri deutsiezan artxibo multzoak: Bonbardaketan parte hartu eben eskuadrilen egunerokoak eta eskuadrila horreek egin zituen ekintzen liburu teknikoak.
Gerediagak egin dauen ikerketa historikoak hiru ekarpen nagusi egiten deutsoz auzi-jarteari: Bonbardaketan parte hartu ben pilotuen identifikazinoa, bonbardaketea plafinikau ebenen identifikazinoa eta Durangoko bonbardaketea helburu militarrakaz ez zala egin frogatzen dauen lekukotzea.
Artxiboetan topautako informazinoek, batez be Erroman, datu barriak gehitzen ditue orain arte Gerediagak egindako ikerketara, berbarako, bonbardaketen zehetasunei jagokonez: Goizeko eta arratsaldeko bonbardaketetan erabilitako materiala zein dan argitu da; horri esker, ziurtatu da Durangoko bonbardaketan be bonba su-eragileak erabili zirala.
Horrezaz gan, bonbardaketetan parte hartu eben hegazkin bonbaketariak hiru izan zirala baieztatu ahal izan da. Laugarren bat prest egoan, baina arazo mekanikoak izan zituan eta Soriako base militarrera bueltau zan.
Era berean, Durangoko bonbardaketetan parte hartu eben Italiako militarren izenak topau ditue. Espainiako gerra zibilean italiarrek ez eben parte hartu modu ofizialean. Horregaitik, beste izen bat hartzen eben. Topautako dokumentuetan, kasu gehienetan, jatorrizko izena eta Espainian erabilten ebena topau dira.
Aberatsak izan dira artxiboetara egindako bisitak; halan da be, bada topau ezin izan dan informazinoa: 213 eskuadrileari jagokon egunerokoa. 1937ko martiaren 31ko arratsaldean Durangoko tren-azpiegiturea bonbardatzeaz arduratu zan eskuadrilea da. Baina, eskuadrila honi jagokon egunerokoa ez dabe topau; beraz, ez dago jakiterik nortzuek osotua zan eta erabilitako materialaren zehetasunak.
1937ko Martiak 31 – Durangoko Bonbardaketak
1937ko martian, Madrid menpean hartzeko zailtasunak izan ostean, Franco jeneralak iparraldeko errepublikarren gotorlekua memperatzea erabagi eban, Bizkaia, Santander eta Asturias tarteko. Ofensibearen lerro nagusiak aurreko hileetan idatzi zituen eta berrabiatzea erabagi eta gero planifikazino militarra zehaztu eben. Juan Vigon teniente-koronelak eta Espainia Nazionaleko Alfredo Kindelán jeneralak egin eben. Aireko ekintzak zehazteko Hugo Sperrle Condor Legioko komandanteburua eta Wolfram von Richthofen Condor Legioko Estadu Nagusiko burua laguntzaile izan zituen. Alfredo Kindelán-en egunerokoak jasotako oharren arabera, Errepublikaren kontra altzau ziran beste buruzagi militarrek planaren barri baeben eta ados agertu ziran. Horreen artean nabarmendu ziran Franco, Mola, Solchaga eta Vicenzo Velardi jeneralak eta Aviazione Legionariako komandanteburua.
Planifikazinoaren hasieratik aireko armagintzeak protagonismo handia hartu eban eta erasoak be, 1932ko Genevako itunak esaten ebanaren kontra, populazino zibila aintzat hartu barik egingo zirala zehaztu ziran.
Bonbardaketen egileak
Eraso Nagusia martiaren 30ean egiteko asmoa izan eben hasieran, baina martiaren 31n hasi eben. Durango eta Elorrioko bonbardaketak Sorian eta Logroñon kokatutako Italiako Aviazione Legionaria kontingenteari egokitu jakezan.
1937ko martxoaren 31n Sorian kokatuta zegoen XXIV Bonbaketa Astunen (BP) Pipistrelli taldeko 214 eskuadrilak Ferdinando Raffaellik sinatutako agindua jaso eban Durango bonbardeetako. Asmo horregaz Soriako aerodromotik atera ziran Ferdinando Raffaeli bera buru zala 1, 2, 5 eta 6 zenbakidun savoia hegazkinak. Bakotxak 50 kiloko 20 bonba eta 20 kiloko lau bonba su-eragile garraiatzen zituen. Lau hegazkinak Logroñora joan ziran lehenengo eta han eskolta lanak egiteko bederatzi ehiza-hegazkin (5.eskuadrilako FIAT CR.32 La Cucaracha ezizeneko hegazkinak) batu jakezan. Logroñotik Idiazabalen barrena Durangora jo eben. Ibilbidean, baina, Savoia 81 6. Zenbakiak arazo mekanikoak izan zituan eta Soriara bueltau zan. Beraz, hiru hegazkin bonbakarik egin eben azkenean Durangoko erasoa.
Goizeko bonbardaketea
Goizeko 8:30ak inguruan Savoia 81 hegazkinek bonbardaketea hasi eben Kurutziaga kalean lehen bonbak jaurtiz, antxinako Vera Cruz ermitearen aurrean. Hurrengo zazpi minututan hiru hegazkinek 3.240 kilo lehergai jaurti eben Kurutziaga kalean hasi eta 350 metroko lerro zuzena eginez Zumalakarregi kaleko etxeetaraino. Hondatutako eraikinen artean nabarmentzekoak dira Uribarriko Andra Maria eta Jesuiten San Jose eleizak, bietan mezea emoten egozala bonbardeatuak. Andra Mariko eleizpean be hildako asko izan zan. Baserritarren azokea egin zan egun horretan, merkatu plazan euskal ejerzitoa kokatuta egoalako.
Arratsaldeko bonbardaketea
Arratsaldean, barriro, Durangok beste bonbardaketa bat hartu eban eta oraingoan bere XXIV Bonbaketa Astuna Pipistrelli taldeko 214 eskuadrilako 1,2 eta 5 hegazkinek parte hartu eben CR.32 5. Eskuadrilako – La Cucaracha zazpi ehiza-hegazkinek eskoltauta. Bonbardaketearen ardatza Zeharkalea izan zan, alde zaharra zeharkatuz.
Arratsaldeko eraso honetan, 213 eskuadrilako hiru Savoia 81 hegazkinek be parte hartu eben eta helburua Durangoko tren-azpiegiturea izan zan, tailer, nasa, biltegi eta bestelakoak.
Goizean eta arratsaldean hegazkin bonbakariak eskoltetan zituen ehiza-hegazkinek aparteko garrantzia izan eben metrailaketak eginez, momentuko legeen kontra, oso baju hegaz egin eta erraz ikusten zan populazinoaren kontra.
Biktimak
Biktimen kopurua kontau-ezina da. Zaurituak ehundaka izan ziran. Hildakoei jagokenez 300 personen izen-abizenak zehaztu dira eta horeeei identifikau bako 61 ezezagun gehitu izan jake. Posible da hildakoen artean, lehenengo zauritu eta ostean hildakoak izatea edota frontean zuzenean hildakoak. Biktima bikoiztuak be egon daitekez, familiek identifikau arren, 1937an Eusko Gobernuak egindako ezezagunen zerrendan zenbatutakoak. Holakoak kontuan hartuta, 336 biktima-kopurua ontzat emoten dogu.
Zergaitik bonbardeau eben Durango?
Durangoko banbardaketearen helburua zehazterakoan kontuan hartzekoa da, alde zaharra bonbardeauta Wolfram von Richthofen-ek idatzitako txostenean jasotako antzekotasunak. Alemania mendebaldeko herrietako eraikinak izan zituen jomugea eta ez interes militarreko lekuak. Salbuespena arratsaldean bonbardeau eben tren-azpiegiturea izan zan. Beraz, Durango bonbardeetako hiru arrazoi honeek azpimarratu daitekez:
- Eraikinetan bonbek eragiten zituen kalteak ikusi eta bonben eraginkortasuna aztertzeko.
- Populazinoa eta gudariak uzkurtzea terrorea erabilita, nazionalen kontra jotea alperrik zala erakutsi eta Euskal Gobernuak amore emoteko.
- Nazinoarteko komunidade politikoari, batez be Frantzia eta Britainia Handiari Adolf Hitler eta bere Reich-ak beharrezko izango baleu zer egiteko kapaz zan erakustea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!