Durango eta Elorrio bonbardeau zituenetik 80 urte

Bizkaie! 2017-03-28 09:00   Kulturea

Martiaren 31n, 80 urte beteko dira Durango eta Elorrio bonbardeau zituenetik, eta ordukoak gogoratzeko egitarau zabala atondu dabe Durangon eta Elorrion apirilaren 6ra arte.



Martiaren 31n, 80 urte beteko dira Durango eta Elorrio bonbardeau zituenetik eta beharrean ibili diranen artean, Gerediaga, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformea, Durangoko Udala, Kriskitin jantza taldea, GogoraMemoriaren, Bizikidetzearen eta Giza Eskubideen Institutua eta Durango 1936 kultur alkartea nabarmendu behar dira. Erakusketak, barriketaldiak eta tailerrak egingo ditue datozen hiru asteetan.

Egunotan, Bartzelona eta Kobane uriakaz senidetu da Durangoko Udala, herrien arteko adiskidetasun eta lankidetza akordioa sinatuz. Gerraren ondorioak ezagutu ditue hiru uriek; Kurdistango Kobane goitik behera hauts eginda dago. Bartzelona, barriz, 1938ko martian bonbardeau eben.

Ganerakoan, Irudi izoztuak vs izoztutako oroimenak argazki erakusketea jarriko dau Gerediagak Andra Mari eleizearen inguruan, martiaren 30etik apirilaren 30era. Datorren astegoienean, apirilaren 1ean eta 2an, Bonbardaketearen aztarnak ibilbidea be egin dabe. Hilaren 6an egingo daben mahai-inguruagaz amaituko ditue 80. urteurreneko ekitaldiak. Oroimen historikoa berreskuratzen dagozan taldeen helburuak, ibilbidea eta egitasmoak ezagutzeko aukerea izango da, Durangoko Arte eta Historia Museoan, 18:30ean.

Halan da be, martiaren 31 izango da egunik esanguratsuena, bonbardaketea gogoratu eta biktimen aldeko ekitaldia egingo dabelako. Goizeko 08:30ean, aire erasoa iragarteko alarma hotsak hartuko dau Durango. 1936ko gerrako biktimei omenaldia egingo deutse 12:00etan, eta 17:45ean sirena hotsak entzungo dira barriro. Ekitaldi nagusia 20:00etan egingo dau Gerediagak, Andra Mariko eleizpean. Aurreko egunean, biktimak gogora ekarteko ekitaldia egingo dabe leku berean Gogora institutuak, Eusko Jaurlaritzeak eta Durangoko Udalak, 19:00etan. Eta egun berean degiko dabe Durangoko Arte eta Historia Museoan Pablo Picasso margolariaren lanakaz osotutako Durangotik Gernikara erakusketea be.

Herriko ikastetxeakaz be landu nahi dabe 80. urteurrena, eta beren-beregi eurentzat atondutako ekitaldiak egingo ditue, berbarako, Irrati tailerra (107,8 FM), Andra Mariko eleizpean.


Elorrion

Durango ez zen izan 1937ko martxoaren 31n bonbardeau eben herri bakarra. Elorrion be bonbardaketa bi izan ziran egun berean. Santa Ana komentua eta Berri Otxoa kaleko hainbat etxe lurreratu zituen hegazkin italiarrek, eta hamar persona inguru hil ziran erasoaren ondorioz.

Martiaren 31n, 80 urte beteko dira hegazkinek Elorrio airez bonbardeau ebenetik; data hori gogoan hartuta, Elorrioko Udalak, herritar talde bategaz alkarlanean, lanketa berezi bat egingo dau datozen egunetan, besteak beste, berbaldiak, bisita gidatuak edota Oroimenerako Ekitaldia antolatu ditue. Iragana ahaztu barik, etorkizunera begira izenpean, Oroimen Historikoaren kontzeptua landu nahi dabela nabarmendu dau Idoia Buruaga alkateak: Etorkizunera begiratzeko, lehenengo eta behin nondik gatozen ezagutu behar dogu, izan be, urteak aurrera joan ahala, gero eta gitxiago dira bonbardaketa hori ezagutu ebenak, eta bada garaia horreek itxi euskuen ondasun guztia gogoan hartzeko.

Egitaraua joandako martitzenean hasi zan, Aranzadi alkarteko Jimi Jimenez Sanchez kideak Iturri Kultur Etxean eskainitako Fosas del Olvido, Fosas del Silencio berbaldiagaz. Martiaren 28an, barriz, Zerutik I(z)ua dator, Durangaldea bonbapean berbaldia eskainiko dau Jon Ander Ramos Martinez EHUko irakasleak. 19:00etan hasiko da, Iturri Kultur Etxean.


Bisita Gidatuak ikastetxe zein herritarrakaz

Urteurren egunean izango dira ekitaldirik nabarmenenak, izan be, lehenengo aldiz, bonbardaketa haretako aztarnak non dagozan eta horreen ganeko azalpenak ezagutzeko aukerea izango da bisita gidatuen bitartez. Lehenengo, herriko ikastetxeetako umeakaz egingo ditue bisitak, gazteenek be jakin deien egun haretan zer jazo zan. Horrezaz gan, arratsaldean herritarrentzako hiru bisita gidatu antolatu ditue martiaren 31rako: lehenengoa, euskeraz, 17:00etan hasiko da eta ordubete ingurukoa izango da. Hurrengoa, 18:00etan, gaztelaniaz egingo da. Azkena, barriz, 19:00etan hasiko da, eta euskeraz eskainiko da.

Bisita gidatuetan izena emoteko, udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) edo 94 658 27 12 telefono zenbakira deitu beharko da. Bisita bakotxak 25 persona hartuko ditu gehienez.

Amaitzeko, martiaren 31n, arratsaldeko 20:00retan, Oroimenerako Ekitaldia egingo da plazan. Omenaldian, bonbardaketa haretako biktimak omenduko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu