XXXI. Zinemakumeak Gara! Bilbon
2026-10-02 07:37 ZinemeaUrriaren 20tik 31ra.
Zinemakumeak Gara!, emakumeek zuzendutako zine-erakustaldian, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan egingo dan sekzino ofizialaz gan, ez dira faltauko saio bereziak, tailerrak, mahai-inguruak eta galea be bai -Leticia Dolera eta Katixa de Silva Ruiz de Austri omenduko ditue.
Emakume zinemagileen begiradeak leku nabarmena izango dau barriro be Bilbon. Emakumeen ikus-entzunezko sorkuntzearen inguruko programa zabala izango da: 12 film luze eta 8 film labur emongo baitira eta, horreekaz batera, prestakuntza-tailerrak, mahai-inguruak, topaketak zinemagileakaz eta profesionalakaz, inaugurazinoko galea, sektoreko oinarrizko figurei autorpena egiteko.
Aurtengo zehetasunak prentsaurrekoan aletu ditue BBK Aretoan. Han izan dira Bilboko Udaleko Bardintasuneko eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasun; erakustaldiko zuzendari Ana Gutiérrez; Bizkaiko Foru Aldundiko Bardintasuneko zuzendari nagusi Trinidad L. Vicente; eta BBKko Kulturako arduradun Koldo Bilbao.
Programazinoa urriaren 20an, martitzenean, hasiko da Bilborocken, Klaketa. 0 topaketearen lehenenego edizinoagaz, film baten aurretik dagozan sorkuntza-prozesuei erreparetako topaketeaa.
Arratsaldeko 18:00etan, Lara Izagirre Garizurieta zuzendariak María Goiricelaya Burón dramaturgoagaz eta Oizeder Mayo kazetariagaz berba egingo dau Yerma bere hurrengo proiektuari buruz, Zelan egin pelikula bat? Zinemakumeak gara!-ko formatu barriaren lehenengo saioan. Formatu horrek film bat pantailara heldu aurretik haren sorkuntzan parte hartzen daben fase, erabagi eta zaltasunetara hurbiltzea proponiduten dau. Saioak proiektuaren garapen-prozesua bertatik bertara ezagutzeko eta ha eregiteko zelako eragina daben tresna, hautu eta egoerei buruzko alkarrizketea zabaltzeko aukerea emongo dau.
Saioa Ultramarino, Habana industrial eta El regalo film laburren proiekzinoagaz osotuko da, eta ondoren barriketaldia izango da.
Iluntzeko 20:00etan, jardunaldiak Fuera de campo / Eremuz Kanpo topaketa informalagaz jarraituko dau. Profesional eta publikoari zabalik egongo da, zinemearen inguruko eretxiak konpartiduteko eta hartu-emonak sortzeko.
Inaugurazinoa
Urriaren 23an, barikuan, 19:00retan, Sala BBKn Inaugurazino-galea egingo da, María Urcelayk gidatuta eta Eneritz Furyaken musikeagaz.
Galearen barruan, Simone de Beauvoir saria emongo jako Leticia Dolerari, zuzendari, aktore eta sortzaile lanetan egindako ibilbidearen autortza bezela; eta Bihargi Saria Katixa de Silva Ruiz de Austriri, zinemearen eta kulturearen arloan egindako lana autortzeko.
Female Rage: hamar egun baino gitxiagoan plazak agortu dituan tailerra
Urriaren 24an, zapatuan, 10:30etik 13:30era, Palacio Yohn-en egingo da Female Rage. Hasarrea, amorrua eta emakumeen indarkeriaren irudikapenak zineman eta telesailetan tailerra, Itxaso del Castillo Aira Ikus-entzunezko Komunikazinoko irakasleak emonda.
Armeniar zinemea
Egun berean, urriaren 24an, 18:00etan, La Sinsorgan egingo da Armeniar zinema saioa, Orsola Casagrande eta Mariam Ohanyanek, KINeko zuzendariak, komisariauta.
Nazinoarteko sei estreinaldi
Urriaren 26tik 31ra, Golem Alhóndiga zinema-aretoek, Azkuna Zentroan, Pantaila Handia atala hartuko dabe 19:30ean. Emakumeek zuzendutako sei pelikula estreinauko dira, nazinoarteko jaialdi nagusietako batzuetan aurkeztutakoak.
Zikloa urriaren 26an, astelehenean, hasiko da The End of It filmagaz, María Martínez Bayonarena, Rebecca Hall, Noomi Rapace eta Gael García Bernalek antzeztua. Filma Cannesko Jaialdiko Cannes Première atalean aurkeztu eben eta, Sitgesetik igaro ondoren, zuzendaria Bilbon izango da.
Martitzenean, 27an, Judith Godrèchen Memoria de chica filmaren txandea izango da, Annie Ernauxen lanean oinarritutako filma.
Eguaztenean, 28an, Manuela Martelliren El deshielo proiektauko da, Cannesko Jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztua eta, ondoren, Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos atalean.
Eguenean, 29an, Fernanda Tovarren Chicas tristes Bilbora helduko da Berlinaletik, Crystal Bear eta Generation 14plus ataleko Grand Prix saria jaso baitzituan eta Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos ataletik igaro ondoren.
Hilaren 30ean, Sandra Wollnerren Everytime proiektauko da, Cannesko Jaialdiko Un Certain Regard atalean aurkeztua, eta bertan Un Certain Regard saria jaso ebana.
Urriaren 31n, Norma Vilak zuzendutako lehen filmagaz, Salitre izenekoagaz gozauko dogu, Nagore Aranburu eta Haizea Carneros protagonista dituala. Filmak Bilbon izango dan merkataritza-emonaldia baino lehenagoko ibilbidea, Sitgesko Jaialdiko Atal Ofizialean mundu mailako estreinaldia egin ondoren, eta zuzendariagaz eta taldeko hainbat kidegaz barriketaldia egingo da.
Holan, Pantaila Handiak nazinoarteko jaialdietan, Cannes, Locarno, Berlin eta Donostian, ibilitako sei film barri batuko ditu. Erakusketearen apustu nagusietakoa emakumeek zuzendutako eta urian oraindino ibilbide komertzialik izan ez dauen zinema garaikidea Bilbora ekartea.
Aurrendariak
Urriaren 28tik 30era egingo dan Atal honetan, Golem Alhóndiga zinema-aretoetan, oinarrizko zinemagileen lana ezagutzeko eta emakumeek zuzendutako zinemearen historiari lotutako filmen berreskurapenari begiratzeko ibilbidea proponiduten da.
Eguaztenean, 28an, La negra Angustias proiektauko da, Matilde Landetak 1949an zuzendutako filma, Filmoteca UNAMek itxitako kopia zaharbarrituan. Saioaren ondoren barriketaldia izango da.
Hilaren 29an, Cecilia Bartolomé: Tan lejos, tan cerca proiektatuko da, Giovanna Ribesek Cecilia Bartolomé zinemagileari buruz zuzendutako dokumentala, estreinaldia, eta zuzendaria bertan izango da.
Barikuan, 30ean, El camino izango da ikusgai, Ana Mariscalek 1964an zuzendutako klasikoa.
Indarkeria bikarioa
Urriaren 26an, BBK Aretoan indarkeria bikarioari eskainitako saio biko jardunaldia egingo da.
18:00etan, María Bestarren No estás loca. La verdad sobre la violencia vicaria dokumentala proiektauko da.
19:30ean, jardunaldiak Indarkeria bikarioa. Seme-alabak indarkeria matxistearen zerbitzura mahai-inguruagaz jarraituko dau. María Bestarrek, Rebeca Ovejero Fernández aholkulari juridikoak eta Vicenta Alonso de la Cruz psikologoak hartuko dabe parte.
La Odisea
Urriaren 27an, 18:00etan, Azkuna Zentroko Sala Bastidan -La Odisea-ren ondoren: nork inspiretan dau gaur zinema?- mahai-ingurua egingo da, Txani Rodríguez, Garazi Albizua eta Elizabeth Casillasegaz. Topaketeak gaur egungo ikuspegitik zinemagintzea inspiretan daben erreferente, genealogia eta irudiei buruzko hausnarketea proponiduten dau.
Gogokoenak...
Urrian eta zemendian, Metro Bilbaok Gogokoenak... erakusketea hartuko dau, euskal kulturako hainbat personak aukeratutako emakumeek zuzendutako filmen hautaketea. Susana Abaituak, Alaine Aguirrek, Miren Arzalluzek, Maialen Belokik, Eneritz Furyakek, Helena Tabernak eta Eider Rodríguezek emakumeek zuzendutako euren film gogokoenak konpartiduko ditue.
Erakusketea urriaren 1etik 15era Zazpikaleak/Casco Viejo geltokian (San Nikolas plazatxotik sartuta), urriaren 16etik 31ra Santimami geltokian eta zemendian Basauriko geltokian bisitau ahal izango da.
Jaialdia Basaurin eta Portugaleten
- Basauri:
Zemendiaren 4an, 19:00retan, Social Antzokian. Saioan Marta Matuteren Yo no moriré de amor filma proiektauko da, Malagako 29. Jaialdian Film Onenaren Urrezko Biznaga saria irabazi ebana.
- Portugalete:
Zemendiaren 5ean, 18:30ean, Odeon Multicines Ballontin, Maryam Touzani zuzendariaren Calle Málaga filma ikusteko aukerea egongo da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
