Alex Txikon: 'Everesteko eguraldia ez da gure alde egon'
2017-03-17 13:33 Euskaldunak munduanEverest neguan eta oxigeno artifizial barik igoteko ahaleginean huts egin, eta etxean bueltan da Alex Txikon. Eguraldiak ez deutsela aukerarik emon azaldu dau.
Helburua lortzerik ez dau izan Alex Txikonek espedizino honetan, baina pozik bueltau da etxera. Azken finean, egunero izan daben eguraldi zantarra ikusita, onik bueltau izana be albiste ona da. Ganera, asko ikasi dauela eta Everesten edertasunaz disfrutau ahal izan dauela azpimarratu dau. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Kultura diputaduak lagunduta, agerraldia egin dau mendizaleak, Nepaletik etxera heldu eta biharamunean.
Rementeriaren eta Bilbaoren ustez, txalotzekoa da Alex Txikonek egin dauen lana, helburua lortzerik izan ez dauen arren. Lemoarraren jarrerea eta baloreak azpimarratu ditue. Lorea Bilbaoren ustez, ondo eginaren erreferente gara, eta hori marka bat edo beste hobetzea baino baliotsuagoa da. Ekintzailetzearen baloreen erakusgarri da Txikon, Kultura diputaduaren ustez.
Kontuan izan behar da, orain arte inork lortu bakoa egin nahi izan dauela Alex Txikonek. 1993tik inor ez da ahalegindu neguan Everestera joaten. Oxigeno barik, inork ez dau munduko tontorrik altuena igon neguan.
Txikonek baikortasunez gogoratu ditu Himalaian bizi izandakoak, une txar ugari izan dituan arren. Abenduaren 25ean urten eban Loiuko aireportutik, talde txiki eta gazte batek lagunduta, eta hiru hileko beharra egin dau Everesten. Tontorrera heltzeko ahalegin bi egin ditu, baina bietan eguraldiak ez deutso goraino heltzen itxi. Zezeileko ahaleginean, Laugarren Kanpalekuraino heldu ziran Txikon eta xerpak, ia 8.000 metrora.
Espedizinoaren gogortasuna datu batzuk emonaz azaldu dau Txikonek. Batetik, Nepalen egindako 82 egunetatik 31tan lan egin dabela, hau da, Oinarrizko Kanpalekutik gorako bideak ekipetan. Goi mendian, egun larregi dira. Kantsau-kantsau eginda amaitu dogu, ahalegin fisiko handia izan da, dino mendizaleak.
Bestetik, eguraldiagaz lotutako datuak emon ditu. Orduko 50 km-ko edo gehiagoko haizeteak izan ditue eten barik. Neguko hotza bete-betean igarri dabe: Haizearen erruz, sensazino termikoa -75º C-ra heldu da egun batzuetan. Everesteko eguraldia ez da gure alde egon, nabarmendu dau Txikonek.
Lemoako mendizaleak gogora ekarri dau, Everest ia 9.000 metroko mendia dala (8.848 metro, hain zuzen), eta horregaitik, baldintza metereologiko oso zehatz eta aproposak behar dirala tontorrera heltzeko. Zer esanik ez neguan. Baina aurtengo negua ez da eskuzabala izan alde horretatik: Baldintza txarrak izan doguz, espedizino guztian ez da egon gailurrera igoteko egun apropos bakar bat be, azimarratu dau Txikonek.
Igoerearen erronka gatxenetako bat Khumbuko izotz-jausia izan dala autortu dau Txikonek. Behe Kanpalekua baino goratxuago hasten da eremu hori. Leku bildurgarria da, azaldu dau mendizaleak, hor dago arrisku handienetako bat. Ia egunero pasabideak ekipetan eta bide barriak topetan ibili behar izan dabe, Khumbu inguru aldakorra dalako, eta hori desgaste handia izan dala onartu dau Txikonek.
Arazo logistikoak be izan ditu espedizinoak. Lehenengo ahaleginaren ostean, Katmandura bajatu behar izan eban Alex Txikonek, azpiegiturea emoten izan deutsan enpreseagaz desadostasun batzuk konpontzeko. Halandabe, Katmandutik Behe Kanpalekura bueltan, indartsu sentidu zan Txikon, eta, eguraldiak tarte bat emongo ebalakoan, martiaren 6an egin eban tontorrera heltzeko bigarren ahalegina.
Gogotsu urten neban martiaren 6an, baina haizea topau genduan barriro, 5.400 metrotik gora, gogoratu dau. Tontorrerako ahalegin arina egitea zan asmoa, baina ezin. Baldintzak ikusita, arrazoizkoena etxera bueltetea zan.
Ganera, azken ahalegin hori egiteko, Himalaian egoteko baimena luzatu behar izan eban Txikonek. Nepalgo Gobernuaren arabera, martiaren 7an amaitzen da negua modu ofizialean eta Everestera igoteko baimena agortu jakon taldeari. Reinhold Messner mendizale ohiaren bitartekaritzeari esker lortu eban Txikonek baimena egun batzuetarako luzatzea. Behe Kanpalekuan bisitea egin eutsan Messnerrek Txikoni: Oso pozgarria izan zan bisitea, gogoratu dau lemoarrak, une hunkigarria izan zan guretzat.
Kontuak kontu, amaitu da Alex Txikonen aurtengo neguko abenturea. Han bizi izandakoa gogorra baina ederra izan dala dino. Laugarren Kanpalekura heldu zaneko momentua dauka gogoan gordeta, orduan jaubetu zalako Everesten benetako handitasunaz. Atzera begiratu eta garbi ikusten zan zelako bide luzea egin genduan haraino heltzeko, baina tontorrerako oraindino bide luzea egoala be ikusi neban!. Aurrera begirako plangintza zehatzik ez dau egin Alex Txikonek, baina ez dau baztertu erronka honi barriro heltzea. Oraingoz, aurtengo espedizinoko irudiak gizarteratuko ditu, Atresmedia etxeagaz dokumentala aurkeztuko dau eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!