Alex Txikonen espedizinoak Reinhold Messner-en bisitea jaso dau Everesteko Behe Kanpalekuan
2017-03-06 13:35 Euskaldunak munduanReinhold Messner italiarrak (Bozen-Hego Tirol, 1944), alpinismoaren munduan eredu, bere bigarren filma grabauko dau, datozen asteotan, Everest mendiaren inguruetan.
Alex Txikonen espedizinoak alpinismoaren erreferente nagusienetako baten bisitea jaso dau, izan be, Reinhold Messner italiarra ezustean agertu da Everesteko Behe Kanpalekuan, bizkaitarraren negu parteko espedizinoari babesa eskaini guran.
Reinhold Messner (Boze-Hego Tirol, 1944) helikopteroan hurreratu da Kathmandutik, Khumbuko eskualdera arte, Sherpen museoa eta Edmun Hillaryren (Everesteko gailurra zapaldu eban lehenengoa) ospitalea bisitetako asmoagaz. Bide batez, 5250 metrotara kokatuta dagoan Everesteko Behe Kanpalekura be hurreratu da, Alex Txikon (Lemoa, 1981) alpinisteari bere babesa eskaini guran.
Aurreko zapatuan heldu zan Messner Nepalera, eta Khumbu inguruetan bere hurrengo filma grabetako lokalizazinoen bila dabil, maiatzean barriro bueltau beharko dauelako Everesteko magalera.
Bstalde, pasa dan abenduaren 25tik Alex Txikonek martxan jarri eban espedizioaren zehetasun, oztopo eta ganerako gorabeherak lehen eskutik ezagutu nahi izan ditu Messnerrek, alpinismoaren aitak, eta ahal dauen neurrian, bere aletxua jarri bizkaitarrari babesa emoteko. Oro har, ordubete inguru izan dira berbetan.
Reinhold Messsner ezaguna da munduko alpinismoaren historian, azken hamarkadetako balentria handienetakoak bere eskutik baitatoz. 1978ko maiatzean, Peter Habeler austriarragaz batera, Everest mendia oxigeno artifizialik barik igoten lehenengoa izan zan. Ordutik aurrera, bestelako estilo barri hau sustatu eben, eta mendia, bera, bete-betean sentiduteko aukerea emoten dauen arren, oso arriskutsua be bada, izan bere, oxigenoak inguruan dagoan aire eta gas bakotasuna orekatu eta izozketak ebitetan lagundu leike.
1980ean, Reinhold Messnerrek Everest mendia oxigeno artifizialik barik barriro be igoteaz gain, berau bakarrik igoten lehenengoa izatearen balentria be bere egin eban, ordura arte zabaldu bako bide barri bati hasierea emonez.
Danetara, 14 zortzimilakoak oxigeno artifizialik barik igoten lehenengoa izan zan Messner. Bestalde, Everestera, ahalik eta teknologia gitxien erabiliz eta ohiko estiloan, munduko tontorrera bakarrik igoten lehenengoa be izan zan.
Ganera, alpinista italiarrak -2010ean, Urrezko Piolet sari entzutetsua jaso ebanak- Antartikako zeharkaldia errez gainditu eban, ezelako laguntzino barik, eta 100 egun baino gitxiagoko tartean; baita Gobiko desertuko zeharkaldia, eta Mongolia eta Txinaren artekoa be egin izan ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!