Oinarrietara bueltau da Itziarren Semeak, 'EH Republik' diskoan

Dabi Piedra 2017-03-16 13:46   Musikea

Mungiako taldearen bosgarren lan luzea da. Hamar urteko bidea egin dau Itziarren Semeak-ek eta hasikerako ska doinuak eta freskotasuna berreskuratu nahi izan ditu.

Bilbon aurkeztu dau diskoa Itziarren Semeak taldeak | Ikusi handiago | Argazki originala

Utopia pirata bat da EH Republik (Baga Biga), amesetan agertzen jaken Euskal Herri utopikoa zelakoa izango litzatekeen erakusten ahalegindu dira disko barrian. Hamar urtean batutako bizipenak gogoan, gaur egungo gaiak landu ditu Itziarren Semeak-ek, doinu alaiak eta tonu serioa buztartuta.

2007ko apirilean lehenengo kontzertua emon ebanetik, ibilbide oparoa izan dau Itziarren Semeak-ek: Bost disko luze, maketea, EPak, ehundazak kontzertu... Orain, hasikerara, taldearen oinarrira bueltau nahi izan dabe, bai jarrerearen aldetik eta baita alderdi musikaletik be. Ibon Altuna taldekideak adierazo dauenez, hasikeran sentiduten genduana, freskotasun hori berreskuratu nahi izan dogu. Hamarkada baten asko ikasi dabela eta, bizi izandako guztia kontuan hartuta, oinarrira bueltau nahi izan dabela azaldu dau Altunak.

Alde musikalean, ska doinuak dira taldearen oinarria. EH Republik eta Itziarren Semeak-en lehenengo lanak antzekoak dira, Altunaren ustez. Ska musikea da, baina beste batzuk be sartzen doguz, esaterako rock and rolla. Latinoamerikako erritmoak alboratu egin ditue oraingoan.

Hamar abesti dakarz EH Republik diskoak. Gure EH errepublikea zelakoa litzatekeen islatzen ahalegindu gara, azaldu dau Ibon Altunak, ames utopiko hori da abiapuntua. Gaur egungo gai ugari landu ditue, esaterako Altsasuko gertakariak, Iñigo Cabacasen auzia eta abar. Protesta abestiak dira asko.

Abestietako letrak idazten kolaboratzaile ugari izan ditue, Euskal Herriko onenetako batzuk, Altunaren ustez. Jon Maiak idatzi dau diskoari izena emoten deutsan EH Republik, Oihana Bartrak Companyera, Arkaitz Estiballesek Apirilaren beltza, Fredi Paiak Zer den bizitza?... Ganera, 2017ko Ikastolen Ibilaldirako sortutako abestia, Egunero alkarregaz, diskoan dago.

Azken abesti biak bereziak dira, taldearen nortasuna batzen dabelako. Alde batetik, Mirentxu Patxaran kantearen bersino gaurkotua dago. Itziarren Semeak-en lehenengo abestia izan zan, Ibon Altunak dino oso maite dabela. Bestetik, Itziarren alaba dago, Onintza Enbeitak moldatua. Pantxoa eta Peiok ezagun egindako abestia dau oinarrian, Itziarren semea, taldeari izena emoten deutsana. Musikea eta erritmoa egokitu, ikutu femeninoa emon eta taldearen ikur bihurtu nahi dabe kanta barria.

Manex Altuna (gitarrea), Ibon Altuna (ahotsa), Jebi Ormaza (baxua), Alain Egiguren (bateria) eta Ivan Zapata (saxoa) dira Itziarren Semeak-eko gaur egungo taldekideak. John Kaimanek (bonbardinoa eta tronboi baxua) eta Mizel Zamorak (tronpetea) be ekarpena egiten dabe. Horrezaz gan, diskoan kolaboratzaile ugari izan ditue: Jon Zubiaga Osoron, Ane Martinez, Rafa Rueda eta Kepa Junkera, besteak beste.

Hurrengo zapatuan hasiko dau taldeak EH Republik aurkezteko birea, Mungian. Ondoren, herririk herri ibiliko da EH Republik utopikoaren barri emoten.

Biba gunean diskoko kanta biren aurrerapena egin dau taldeak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu