Itziarren Semeak taldeak egin dau Ibilaldiaren kantua

Bizkaie! 2017-02-16 12:14   Musikea

Ikastolen Ibilaldiaren aurtengo leloa Egunero alkarregaz da, eta izenburu hori daukie abestiak eta bideoklipak be.

Abestia eta bideoklipa aurkezteko ekitaldia (argazkia: Hamaika TB) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mungia eta inguruetako sortzaileen arteko alkarlaneren emoitzea da Egunero alkarregaz, 2017ko Ibilaldiaren kantua. Itziarren Semeak taldea arduratu da musikaz, baina laguntzaile ugari izan ditu, Taket Bertsolari Alkarteko kide bik, Mikel Goirienak eta Jone Larrinagak idatzi ditue berbak. Bideokliparen zuzendaria Karlos Trijueke izan da.

Alkarregaz egunero lan egiteko deia egiten dau Ibilaldiak, Egunero alkarregaz leloaren bidez. Horregaz bat egiten dau abestiak be. Gorputza aktibau eta jantzan hasteko moduko kantea dala dinoe Ibilaldiko arduradunek. Ikastolen jaiak eragin nahi dauen alaitasunaren erakusgarri ei da.

Aurten Ibilaldia antolatzeaz arduratuko dan Larramendi ikastolako ikasle ohiak dira Mikel Goiriena eta Jone Larrinaga. Ikastolara joateko ohiturea berreskuratu dabe kantua idazteko orduan. Ikastolako sasoiak gogoratu ditue idatzitako berbetan, baina Mungia guztiko lekuei be erreferentzia egin deutsie. Egunero alkarregaz, jarri bihotzak hegaz, pausuz pausu bultza alkarri, egunero alkarregaz, da kantuaren lelo nagusia.

Behin berbak idatzita, Itziarren Semeak arduratu da musikea sortzeaz. Grabazinoa Arrasateko Shot! estudioan egin da eta masterizazioa Jonan Ordorikak egin dau Azkarateko Mamia estudioan. Abestiko protagonistak, barriz, Itziarren Semeakeko ohiko taldekideak badira be, nabarmentzekoa da Rafa Ruedak be parte hartu dauela, gitarreagaz.

Bideoklipean, ganera, Larramendiko neska-mutilak agiri dira eta grabazinoa be ikastolan bertan egin zan. Karlos Trijuekek zuzendu dau bideoklipa. Ikusi hemen.

2017ko Ikastolen Ibilaldia Mungian egingo da, maiatzaren 28an, Larramendi ikastoleak antolatuta. Ikastetxe horrek 50 urte bete ditu aurten. Zazpi ikaslegaz hasi zan 1967an eta, gaur egun, mila baino gehiago ditu. Mungian ez eze, inguruko eskualdean be erreferentzia da Larramendi, hezkuntzearen zein euskerearen arloan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu