Jone Guenetxea: 'Indar txikiak batu eta alkarregaz eragitea askoz errazagoa da arlo guztietan'

Dabi Piedra 2017-03-13 08:47   Barriketan

Tokikomeko presidentea

Herri eta eskualde mailako euskerazko hedabideak batzen dituan alkartea da Tokikom. Gaur egun, 60 komunikabide inguru dira erakundeko kide: Danak dira txikiak, baina alkarregaz lan eginda sare zabala osotuten dabe. Urko Aristiren lekukoa hartuta, Jone Guenetxea Arrinda bizkaitarra da Tokikomeko presidente barria. Durangaldeko Anboto aldizkariko zuzendari izan da urte askoan eta Tokikomeko administrazino kontseiluan be ibili da kargu barria hartu aurretik.

1.- Anbototik, eskualdeko aldizkari batetik, Euskal Herri osoko erakunde bateko, Tokikomeko presidente izatera. Zer moduz doa saltoa?

Anbotok Tokikomen sorreran parte hartu eban eta ibilbide osoan zehar bertan jardun dau, beraz ez da gauza barria guretzat. Orain arte administrazino kontseiluko kide izan naz, beraz, lantzen doguzan gaiak ezagunak egiten jataz. Halandabe, egia da orain dedikazino handiagoa eskaintzen deutsadala eta gertuagotik jarraitzen dodala Tokikomen jarduna.


2.- Osasunez, zelan topau dozu Tokikom?

2017. urtea erronkaz beteta dator. Baina helburu horreek guztiak ezarri ahal izateko aurreko urteetan lan handia egin dala azpimarratuko neuke. Aurretik ereindako uztea batzeko sasoian gagoz.


3.- Urko Aristik egin dauen lanetik, zer nabarmenduko zenduke?

Urkok lan handia egin dau Tokikomen eta itxi dauen hutsunea somatuko dogu. Dana dala, badakit dagoan lekuan dagoala gugandik gertu egongo dala. Nafarroako hedabideen inguruan egin dauen lana nabarmenduko neuke. Taldearen kohesinoan be eragin dau.


4.- Aholkurik emon deutsu?

Aholkuak baino gehiago animoak eman deustaz. Goienako lankideek aholku bat emoteko eskatu eutsien eta lotsa barik jarduteko esan eustan. Lan honetan goikoen eta behekoen artean orekea topetea dala gatxena esan eustan.


5.- Errealidade ugari dagoz Euskal Herriko tokiko hedabideen artean (tamainuan, euskarrian...). Erronka gatxa da guztien interesak aintzat hartzea?

Tokikomen bakotxak bere berezitasunak dituan arren, badagoz interes komun batzuk eta horreetan eragiten saiatzen gara. Bestalde, egia da doguzan beharrizanak baliabideak baino handiagoak dirala eta ez dala erraza gauza guztietara heltzea.


6.- Ze onura edo abantaila dakarz komunikabide batentzat Tokikomeko kidea izateak?

Bakotxak bere aldetik egin ezingo geunkezan proiektuak martxan jarteko aukerea emoten dau. Indar txikiak batu eta alkarregaz eragitea askoz errazagoa da arlo guztietan. Instituzinoakaz solaskidetzan, inbersinoa egiterakoan, proiektu barriak martxan jarterakoan, publizidade salmenta bateratua eskaintzerakoan, teknologia barriak aztertzerakoan edo formazinoa eskaintzerakoan. Esate baterako, papelerako edizino sistema bateratua martxan jarriko dogu. Inbersino handia da bakotxak bere aldetik egiteko, baina danok alkarregaz lortu dogu.


7.- Krisi ekonomikoa, publizidadearen beherakadea, diru-laguntzino batzuk kolokan... euskerazko hedabide lokalen eredua arriskuan ikusten dozu, neurririk hartu ezean?

Hedabideen negozio ereduaren inguruan mundu osoko hedabideak hausnartzen dabiz, eta gurean be eragina dau. Interneten bisita kopurua hazten dago, informazinoa konsumiduteko ohiturak aldatzen dagoz, baina alde ekonomikotik errentagarritasuna ateratzea ez da hain erraza. Bestalde, esango neuke papelaren kasuan, tokikook eusten gagozala. Gure jardunari eustea irabaztea da. Halandabe, eta euste hutsa kostau arren, aurrera begira dago Tokikom. Danok batera ameslariago jardun geinke eta jardun dogu. Orain amesak gauzatzea toketan da. Tokikom sortzeko arrazoietako bat indarrak alkartzea izan zan, hain zuzen be egoera gatx barri horri danon artean erantzun eta txikitasunetik indarra ateratzeko. Aurtengo kudeaketa planak erakusten dau apustu egokia izan zala, zailtasun horreen erdian tokikook alkar hartuta puntuan gagozala jauzi kualitatiboa egiteko aurrerantz: kudeaketa profesionalizauta, baliabideak konpartiduta, produktu barriak sortuz...


8.- Diru-laguntzinoak emoteko orduan, erespide barriak ezarri ditu Jaurlaritzak, esaterako 'irismena' da zeresan handia sortu dabenetako bat. Aldaketa horrek kalte egin deutse tokiko komunikabideei?

Ez. Irismenak ez dau kalterik egiten. Kalte egitekotan, diru-poltsa hori ez handitzeak egiten dau. Irismen ezak egingo leuke kalte... Gure kazetaritza jarduna ahalik eta eraginkorren izateko burutzen dogu. Helburu hori dogu Tokikomen. Horrek esan nahi dau bezeroakana heldu behar garela bai ala bai. Eta heldu behar dogu ahalik eta bezero gehiengana. Hori edozein hedabideren nahi bat da eta gertuko hedabideotan bezeroarengana heltzeko ahaleginean asko inbertiduten dogu. Hori kontuan izatea logikoa da euskerearen sustapenaren ikuspuntutik be. Gertuko hedabideok euskaldunakana, ia euskaldunakana eta erdaldunakana be heltzen garela esaten deuskue inkestek. Oso garrantzitsua da hori. Komunidade hori jagonda zifra onak lortzen dira. Ikusten dogu, esaterako, gure Internet jardunagaz merkaduan konpetidutera heldu garela. Tokikomeko hedabideetan publizidadea jartea errentagarria jako bezero komertzialari eta errentagarritasuna emoten deusku gure irismenak. Irismenak kontuan hartzen dau, jakina, publizidadea jarten dauenak eta normala da hizkuntza politikek be aintzat hartzea.


9.- Erakunde publikoakaz zelako hartu-emona izan nahi dozue?

Solaskidetzea ezinbestekoa da. Tokikoak izanda, bakotxak bere inguruko instituzinoakaz badauka hartu-emona. TOKIKOMetik Jaurlaritzeagaz, aldundiakaz eta Nafarroako Gobernuagaz hartu-emona izaten dogu. Jaurlaritzako kide barriakaz esparru komunak landu eta aurrera egitea da asmoa, eta lurraldekako erakundeakaz be komunikazino kanalak indartzea. Gipuzkoan eta Nafarroan, adibidez, oso harreman jarraia dogu, eta eredu hori Arabako eta Bizkaiko foru aldundietara be zabaldu nahi dogu: alkar ezagutu eta alkarregaz berba egiteko kanal egonkorrak eratu.


10.- Hedabide txikiz osotutako sare handia da Tokikom, 200 behargin dagoz guztira. Indar horri zelan atera probetxua?

Hainbat esparrutan hasi gara sinergiak lantzen. Alde komertzialean, Tokikom kanala landu dogu Euskal Herri mailako publizidade bateratua kudeatzeko. Hainbat hedabidetako publizistak batu dira lan-talde hori sortzeko. Bestalde, edizino sistema barriak informazinoa trukatzeko baliabideak emongo deuskuz. Diseinu eta maketak partekatzeko proiektuak be jarri dira martxan.  


11.- Boluntarioen lana funtsezkoa da Tokikomeko hedabideen egunerokoan?

Tokiko hedabideon ezaugarrietako bat boluntarioen lana da. Anboton soilik, esate baterako, 40 eretxi-emolez osotutako sare bat dogu. TOKIKOMeko medio guztien artean, 650 boluntarioko sare bat osotuten dogu. Hor argi ikusten da gure lanak dauen babesa eta balio soziala.

12.- Herri edo eskualde batentzat inportantea da bertako komunikabide sendo bat izatea?

Euskarazko tokiko komunikabideek euskerearen transmisinoan egiten daben lana funtsezkoa da. Jente askok euskeraz irakurtzen dauen gauza bakarra horixe izaten da. Gertuko informazinoagaz lan egiten dogunez, ganera, sarritan euskeraz ondo moldatzen ez dan jentea hurreratzen da gure medioetara, bere inguru hurbilean zer pasetan dan ikusteko. Balio erantsi bat emoten deutsagu hizkuntzeari, eta hori gauza handia da. Osogarria da tokikoa ez dan prentseagaz, ganera. Konpetentziarik ez dago euskal hedabideen artean.


13.- Internet eta eskuko telefono adimendunak dira hedabideen etorkizuna, edo oraina. Alor horretan Tokikom ez dago geldirik, ezta?

Sare sozialek goitik behera aldatu dabe informazinoa konsumiduteko modua. Batez be Facebooken bidez, orain albisteak dira konsumiduten diranak, eta ez horrenbeste komunikabidea bera. Webguneetan bisita gehiago izaten doguz mugikorretatik eta tabletetatik ordenagailuetatik baino. Egoera barri honetara moldatu beharra dago. Aldaketak etenbakoak dira eta adi egon beharra dago. Aplikazinoak, sare sozialetan estrategia eragingorrak...garrantzitsuak dira.


14.- 2017ra begirako erronkak, batez be, hedabideen arteko integrazinoari begirakoak izango dira?

Hainbat arlotan eragin gura dogu. Edizino sistemeak papelean lan egiteko moduak profesionalizauko ditu. PlazanBazan proiektua be martxan da. Gatxa izaten da umeentzako erakargarria dan produktu bat eskaintzea eta denpora-pasa honeekaz lortu dogu. Era berean, plazanbazan.eus webgunean eskaintza askoz zabalagoa izango da. Formazinoari jagokonez, arlo guztietan eragin gura dogu: kudeaketan, kazetaritzan eta baita publizidadean be. Euskalitegaz batera hainbat hedabide Kudeaketa Aurreratuaren programan gagoz. Gutako asko alkartegintzatik gatozen arren, kudeaketan ikuspuntu enpresariala txertatzea interesgarria da. Lan asko eta ona egin dogu orain arte alkarte ikuspegi horretatik, eta planteetan gabizena da pixkanaka-pixkanaka enpresa ikuspegia be geureganatzen joatea, doguzan baliabide urriakaz gauza gehiago eta hobeto egin ahal izateko. Oso erronka politak doguz aurretik.


15.- Gurean atari tematikoak martxan ipintea da 2017ko asmoetako bat. Zelan funtzionauko dau horrek?

Aurrera begira dogun erronketako bat da toki komunikabideetan egiten dan lana balioan jartea. Beste era batera pentsetara ohituta bagagoz be, lan asko eta kalidadezkoa egiten dogu, eta hori bistaratzea da gure helburuetako bat. Neurri handi baten, horretara bideratuko doguz Gurean atari tematikoak. Abiapuntua sinplea da. Konturatu gara, adibidez, tokiko guztiok batera, hilabetean 1.500 eduki baino gehiago sortzen doguzala kirolari buruz. Albisteak, argazkiak, bideoak, komentarioak... hareetako gehienak, komunikabide handietan lekurik ez duten kirol edo kirolarien ingurukoak, ganera. Antzera pasetan jaku beste gai batzukaz: ekonomia, kulturea, gizartea… Informazino hori guztia gaur egun tokian tokiko logika batetik erakusten dogu: Anboton Durangaldekoa, Hirukan Uribe Kostakoa, Uriolan Bilbokoa... Gurean-en egingo doguna da informazino hori bera emon, baina lekuaren arabera baino, gaiaren arabera antolatuta. Holan izango dogu Kirola Gurean, Ekonomia Gurean, Kultura Gurean... gaikako atari batzuk. Bertan herri eta auzo mailan jazoten diran albiste horreek ikusiko dira. Horrek ganera, aukerea emongo deusku publizidade espezializadua be erakarteko. Laster hasiko gara probak egiten, uste dogu oso ondo funtzionauko dauela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu