Kattin Madariaga: 'Bertsoak ez dira bertsolariak bakarrik'

Bizkaie! 2024-11-04 08:00   Barriketan

Irailaren 13an ekin eutsen2024ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoari, 13 talde eta 92 parte-hartzailegaz. 22 saioren ostean, asegoienean jokatu da finala, Garesko Zamariain pelotalekuan. Ia 100 entzule izan dira saioa bertatik bertara jarraitzen, giro ederrean. Taula gainean, hiru talde: Baztango Baztanzopak, Bortzirietako Hor gu! eta Baztan-Bortzirietako Mutilatuak. Danetara, hamaika bertsolari izan dira kantuan eta talde bakotxeko kide banak bete ditu gai-jartzaile zereginak. Azkenean, publikoko 5 lagunen eta Bardoetan parte hartu daben talde bakotxeko kide banaren puntuak zenbatuta, Bortzirietako Hor gu! taldea izentau dabe 2024ko Bardoetako txapeldun.

Hor gu! taldea ondoko honeek osotzen dabe: Ekhiñe Zapiain, Maddi Ane Txoperena, Kattin Madariaga, Estitxu Arozena, Ane Telletxea, Lide Igoa, Uxue Mesa eta Iratxe Muxika.

Euskal produktuakaz osotutako saski eder bana eta Bardoetako zapia eskuratu dabe hiru talde finalistek. Irabazleak, gainera, Iges Gela bat egiteko txartela jaso dabe.

 

1.- 2024ko Bardoak Nafarroako Taldekako Bertso Txapelketea irabazi dozue, Zorionak. Zelan sentiduten zarie?
 
Eskerrik asko. Talde bezela oso ondo sentiduten gara. Hasieratik, gure helburua zan taldearen hartu-emonak sustatzea. Holan, talde giro bikainia egon da, nahi genduana lortuz.
 
Poliki-poliki fase danak pasetan joan gara, finalera helduz eta ondo kantetan. Beti be, taldean bultzau nahi genduazen baloreak betez.

2.- 22 saioren ostean jokatu zan finala, beti be, umorea lagun. Txapelketearen helburua bete dala pentsetan dozu?

Bai, Bardoen helburua bete da. Azken finean, helburua da bertsolaritzearen alde informalena ataratea eta sustatzea, baita gai-jartzaile eta atontzaileen papela autortzea be. Nik bizi izan dodan errealidadearen menpe, erabat bete da helburua.

Ganera, lehen aitatu dodanez, danok hartzen genduzan gai-jartzaile, antolakuntza eta beharrezkoak diran hainbat gauzen ardurea. Hori da Bardoen beste helburuetako bat be.

3.- 13 talde eta ia 100 parte-hartzaile. Makinatxu bat lagun egon zarie alde batetik bestera...

Bai, egia da jente dezente egon garela aurton, oso pozgarria da. Halanda ze, Nafarroako Txapelketea izango balitz, ez eban hainbeste jentek parte hartuko edo kantauko, izan be, garrantzitsua da tokia emotea txapelketa han serioagoetan parte-hartzen ez dabenei.

Beraz, sariketea han informala danez, bildurrik bako parte-hartzaileak gagoz.

4.- Gau beltza dala eta Untxalo enpresako nagusiak langileak mozorrotuteko mezua bialdu arren, Kattin normal-normal joan da lanera, hori da zortxiko txikian egindako bertsoaren gaia, Alazne Untxalogaz batera. Ondoren, bakarka, gaia gau baltzearen inguruan be izan da. Leitekeana da halloween dalakoari kritikea izatea? Euskal Herrian gero eta zabalduago dagoan jaia da, alde batean itxita Gau Baltza...

Bai, pentsetan dot Bardoak lako ekimen han euskaldun batean zilegi edo posible dala holako gaiak jorratzea, hau da, gure euskal tradizinoei eta ohiturei eustea.

Bertsotan gai horretan posizionetea erreza egiten jat, izan be, Halloween kanpotik heldu jakun ekimen inposatzailea da eta holan pentsetan dot, bertakoa ez dala galdu behar hain zuzen be. Aldi berean, Alazneri kontrako papelean egotea tokau jakon. Bertsolarioi askotan toketan jaku pentsetan ez doguzen gaiei buruz kantetea.

5.- Zer da gehien gustetan jatzuna Bardoetan?

Ekimen bezela asko gustetan jat, izan be, tokia emoten deusku bestela kantauko ez dogunei. Horrezaz gan, bertsolaritzearen alde informalena ataraten da.

Beste txapelketetan, bertsolaritzearen alde serioa ikusten dogu, puntuak lortzera mugatuta dagozanak. Bardoak hausi egiten dabe egitura hori; txapelketa eta lehiakortsunean oinarrituta dagoan arren, alde informalena ataraten dabe.

Bertsoak ez gara bertsolariak bakarrik, izan be, atzean lan handia dago. Beraz, pentsetan dot bertsolaritzearen barruan landu beharreko gauzea dala eta hori egiten dogu egitasmo honetan. Halanda ze, horregaitik gustetan jat bardoak.

6.- Nafarroako bertso ekosistemarako hauspo eta alkargune dira Bardoak, 2012tik egiten dana. Zelan ikusten dozu Nafarroako bertsolaritzea?

Nahikoa sano. Egia da, Bizkaia eta Gipuzkoa konparaten, ez gara hainbeste. Hori bai da pixkat tristea, izan be, oraingo gazteen arteko errealidadea da.

Hori bai, gogotsu gagoz; gustetan jaku egiten doguna eta guregaitik kantetan dogu. Gitxi izateak, gertutasun puntu hori emoten deusku eta hartu-emonak oso onak dira. Hori bai, bultzatu egin behar da jente gehiago hurreratzea Nafarroa mailan.  

7.- Horreezaz gan, pare bat aldiz irabazi dozu Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapela, baita Bertsolari Aldizkariaren bertso-papel lehiketea be. Gaztea izan arren, ibilbide eta autortza ugari jaso dozuz dagoeneko...

Suberte handia izan dot azkenengo urteetako Nafarroako eskolartekoetan eta Euskal Herrikoetan kantetako. Sari ikaragarria izan da, batez be, edegi jatazan bideakaitik. Nafarroan eta Euskal Herrian irabazita, leku bietan edegi deustiez ateak.

Gustora nago eta ez deutsat aparteko garrantziariik emoten txapelari. Halanda ze, inportantzia handiagoa dauka hortik aurrera izan dodazan aukerak, esaterako, plaza gehiagotan kantetea. Nahi izan edo ez, lehiaketek eroaten deuskue bistara.

8.- Etorkizunean non ikusten dozu zure burua?

Hurrengo urte biak eskolartekoetan eta suberte jaten plazetan kantetan. Horren ostean, segiduko dot ahal dodan tokietan kantetan. Baina gehiago ikusten dot nere burua lagun arteko bertsoetan, txapelketei bizkarra emon barik.

Subertetazan jataza plaza guztiei baietz esaten saiatuko naz, izan be, ez daukat hainbeste aukerarik. Konsziente naz 16 urte dodazela eta ezin dot gehiago emon. Etorkizunean seguru urtengo dirala plazak.

Nere burua ikusten dot edo ikusi nahi dot behintzat, dabilen horretan disfrutetan.

9.- Bertsolaritzan eta txapelketetan parte-hartzen jarraituko dozu?

Intenzinoa hori da. Helduen txapelketara salto egitean, ondo egiten deustien ala ez ikusi beharko da. Hori bai, jarraituko dot, izan be, txapelketek eroaten deuskue bistara. Gustoko badaukat, nahi bezain beste jarraituko dot eta bestela lagun giroan ibiliko naz lasai asko.

Hori bai, helburu nagusia da, mundu honetan jarraitu ezkero, disfrutetea da asmoa eta segiduko dot hori ahalbideratzen deustien plazetan eta jenteakaz.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu