Ibes Mongabure: 'III' izenekoa, 'I' eta 'II' diskoen jarraipena da'

Andoni Mugica Lopez 2024-09-09 08:10   Barriketan

Kuartz taldea.

Kuartz, rockean oinarritutako talde Baxe-nafartarra da. Bluesa eta usu stonerra buztartzen dituan taldea, Ibes Mongabure (abeslaria eta gitarristea) eta Oihan Delavigne (bateria) artistek osotzen dabe.

Kuartzen ibilbidea Hazparneko Ttattola gaztetxean hasi zan 2016. urtean. Ordutik, disko bi kaleratu ditue: I izenekoa 2018an eta II diskoa, 2020an. Oraintsu, taldeak III izeneko 10 kantuko diskoa kaleratuko dau irailaren 23an.

Eñaut Gaztañagak egin ditu produkzino lanak, Zestoako Gaztain estudioetan.

Entzun hemen taldearen Alta kantua.

 

1.- I eta II lanen ostean, zer eskaintzen deusku III izeneko diskoak?

Ikusten dozuenez oso originalak gara izenak jarten [Barreak]. Halanda ze, gatx egiten jaku kantu baten izena diskoari jartea. Urte bat baino gehiago daroagu diskoagaz lanean, abesti asko dira eta gai ugari jorratzen doguz, beraz, izen egokiena III dala uste dogu.

III, I eta II diskoen jarraipen lako bat da, nahiz eta beste estilo ugari jorratzen doguzan; esaterako, abesti bitan, Galeraren ainguran bereziki, orain arte erabili ez doguzan estiloak jorratzea begitandu jaku, lasaiagoak eta akustikoak. Betiko Kuartz gara, baina gauza barriak landu ditugu.

2.- Gustora geratu zarie emoitzeagaz? Noiz kaleratuko da diskoa?

Egia esateko, lehenengo aldia da seguru gagozela emoitzeagaz. Lan asko egin dogu, hasieratik estudioan sartuta eta igarri egiten da hori diskoa entzutean. Ganera, Eñautek asko lagundu deusku.

3.- Beraz, ondo egin dozue lan Eñaut Gaztañaga produktoreagaz?

Eñautegaz lan egitea oso berezia izan da. Lehenengo, Oihan ibili zan bateria lanetan eta horren ostean, gitarrea grabau genduan.  Ahotsei jagokonez, etxean grabau dogu dana, izan be, erosoagao da.

Lehenengo egun horretan, hasieratik, zeozelako loturea sentidu genduan Eñautegaz. Oso bereziak izan dira Eñautegaz izan doguzan hartu-emonak.

4.- Azken urteotan, gitarrea eta bateriaz osotutako bikoteak gero eta gehiago dagoz. Eroso sentiduten zarie formatu horretan?

Bai, oraintsu talde asko gagoz formatu hori erabilten. Taldea murriztua danez, atontzeko errazagoa dala uste dogu; esaterako, ensaioei jagokonez. Aldi berean, talde osoaren pisua bion artean eroan behar dogu eta hori, ez da hain erraza.

Oihan eta biok sortu genduan taldea eta hasieran, bageunkazan beste ahots eta intrumentu batzuk sartzeko gogoa. Azkenean, gagozan bezela jarraitu dogu eta oso eroso gabiz.

5.- Kuartz Hazparneko Ttattola gaztetxean hasi zan 2016. urtean. Ordutik, zenbat aldatu zarie?

2016tik hiru disko eta 120 kontzertu baino gehiago emon ditugu. Hasieratik gustura egon gara, diskoak egiten eta kontzertuak emoten, hain zuzen be. Egia da, zuzenekoetan asko ikasi dogula, izan be, bertan sentiduten da zelan funtzionetan daben eta horrek asko eragin dau geure sormen prozesua.

Hori bai, bigarren diskoan, Covida zala eta, ez genduan izan aukera askorik diskoa zuzenean aurkezteko eta, esangura horretan, tarte horretan gehien aldatu dana proposamen artistikoa izan da, argiakaz eta bestelako efektu batzuekaz, hain zuzen be. 

6.- Hemengoak eta kanpokoak gogoan hartuta, ze musika entzuten dozue?

Oihanek eta biok, rocka maite dogu. Euskal Herrian suberte handia izan dogu talde askogaz izan garelako eta benetan gustoko doguzalako, esaterako: Lukiek, Liher, Ezpalak eta beste hainbeste. Euskal Herriko rock eszenea sasoitsu dago.

Euskal Herritik kanpo, barriz, kide biko taldeak entzuten doguz gehienbat eta Royal Blood nabarmenduko deutsut. Ganera, han ezagunak ez diran taldeak be entzuten doguz, inspirazinoa hartzeko eta zer egiten dabizen ikusteko.

7.- Horrezaz gan, kontzertu ugari iragarri dozuez urrian eta zemendian. Gehiago emoteko asmorik?

Bai. Egia esateko, urtebeteko atsedenaldia lako bat hartu dogu, izan be, pasa dan urteko urrian grabau genduan diskoa. Hori bai, denpora tarte hori, zuzenekoak prestetako, bideoklipa grabetako eta ensaietako erabili dogu.

Beraz, kontzertuak emoteko prest eta 2025ekoak berbatzen be hasita gagoz.

8.- Jarraitzaileentzat mezu berezirik?

Entzun deiela III diskoa, disfrutauko dabe, seguru, ia harrera ona daukan. Kontzertuetan ikusiko gara alkar!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu