Josu Urkidi: 'Herri mailako irratiak gustetan jakuz'.
2024-09-23 07:55 BarriketanBermeoko Udalak eta Kostarri Kultur Alkarteak sinatutako hitzarmenari esker, Bermeo eta Urdaibai munduagaz Konektetan dituan Irratia. Ia 37 urteko etenik bako jarduerearen ostean, 2022. urteko urtarrilean behin betiko eten eban emisinoa Itsuki Irratiak. Orain, bueltan dator, erabarrituta. Azaldu dabenez, formatu barritzailea izango dau, baina lehengo kutsuari eutsiz; esangura horretan, bermeotar guztiei zuzendutako programazinoa zabaltzen saiatuko dira; hurbileko irratia izango da, euskalduna eta bertoko informazinoari lehentasuna emongo deutsona, bertokoei lekua emonik, kutsu herrikoiagaz, herritarrak ondo informauta egon daitezen eta herriko nortasuna sustatuta, adierazo dau Bermeoko alkate Nadia Nemeh Shomalyk.
Kostarri Kultur Alkartearen helburuak dira gure inguruan artea, tradizinoa eta kulturea sustatzea, gure sustrai euskaldunak bermatuz eta aldi berean, mundu osoko artistakaz eta kulturakaz idea eta
esperientzien trukea bultzatuz.
Azalpen guztiak Josu Urkidi Elortegik, Itsuki Irratiko zuzendariak emon deuskuz.
1.- Zelan baloretan dozu Bermeoko Udalagaz sinatutako akordioa?
Akordioa sano garrantzitsua da. Sei bat hilebete daroaguaz beharrean, egitura barria zehaztuten, alde teknikoan beharko dogun materiala eta lantaldea osotuten, egia esan, herriari eskainitako aukerea oso pozgarria da. Udalak era honetako deialdi bat baino gehiago egin arren, inork be ez deutso heldu eta geure kasuan, Kostarri Kultur Alkartearen babesa edo sentidu eta aurrera egin dogu Busturialdeko X. Enpresa Idea Lehiaketea irabazi ondoren.
2.- Zeuk zuzendari lanak egingo dozuz baina zenbat zarie lantaldean?
Kostarri Kultur Alkarteko presidentea naz eta Itsuki Irratian zuzendari lanak egingo dodaz. Hiru gara oraingoz: Jon Guarrotxena Layuno, administrazino eta egituren ardurea izango dauena; Ane Gangoiti Fradua, sare sozialak elikatzen ibiliko dana; eta neu. Aurrerantzean talde zabala izago gara, parte-hartzea izango da Itsuki Irratian nagusi eta, orain nork izango dau indarra eta zelan aurrerago zehazten joango gara. Komunikazino plataformea izango da geurea baina badogu zeregina eta bagabiz Bizkaia eta Euskadin zer dagoan aztertzen. Herri mailako irratiak gustetan jakuz, hurreko informazinoa zabaldu, geureari ekin.
3.- Herritarrakaz izandako hartu-emonetan, zelako jarrerea ikusi dozue?
Santa Eufemia egunean izan genduzan hartu-emon batzuk, herritarrei ahotsa emon eta euren ardura eta burukominak zeintzuk diran jakiteko. Badakigu orain 37 urteko irratiak bikain eusten eutsola herriaren nortasunari eta geuk be jarrera horri eutsiko deutsagu.
4.- Nortasuna eta Bermeoko euskalkia edo berbakerea erabiliko dozue emisinoetan?
Bi, edo. Zergaitik ez. Herriko gorabeherak herrian erabilten dan berbakeregaz jorratzea nahitaezkoa begitantzen jaku, berbakerea ardatz inportantea da baina gogoan izan online emitiduteko asmoa dogula, mundu mailan entzun ahal izango da Itsuki. Euskalkia da mendebaldekoa, Amurizak esaten dau sukalkia dala geuria, Bermeoko berbakerea Arratian edo Ondarroan eurena egiten dan moduan.
5.- Online emitidutea ondo dago baina edadeko herritarrak sartuko ete dira uniberso horretan?
Arrazoia. Edadekoek arazoak izan leikiez online programak jarraitzeko eta baina badakizu frekuentziena zelako arloa dan, baimenak behar dozuz, kudeaketa lanak astunak izan daitekez...
Lehen gure eremua zan FM, Sollubetik Mundakara, Gernikan ez eben entzuten (uhinen arloan gauzea gatx dago) eta online emitidutea izan daiteke konponbidea, mundu mailako zabalkundea izango geunkelako.
6.- Irratiaren egoitzea edo lokala atontzen bazabize?
Bermeotarra izanda pribilegio handia izan da niretzako irratia martxan jarteko ardurea. Lokalaren harian, gorabehera asko izan ziran aurreko aldian eta orain, barriz, goitik behera garbitu eta egokitzeko lanetan gabiz. Estudioa, ekipoa gaurkotu, gaur egungo baliabideak eta gogoan izan eta, beraz, lan handia dago egiteko. Eraikina ederra da, Atalde kalean dago, torretxu bat dauka eta institutu zaharraren parte da. Gogoan izan, gaurkotzeko prozesua partekatua izango dala, herritarrek aukerea izango dabe behar egiteko. Lantaldea da garrantzitsua eta lokala atontzeaz gan, beharginak topetako prozesua be burukomin handia da, horretan gabiz.
7.- Zeintzuk dira asmoak? Zelako programak aireratzeko asmoa dozue?
Lau-sei hile edo daroaguz hori guztia pentsetan, ideak eta trukatzen gabiz eta badakigu herriko barriak eta hedabide handietan agertzen ez diranak jorratuko doguzala. Entzuleek eurek be parte izatea gura dogu eta herritarrak eurak be izatea herriaren nortasunaren esentzia.
Ganerakoan, Bermeoko gorabeherak, animazinoa, sorkuntza digitala, literaturea, musikea eta holako gaiak baina mundu zabaleko barrien bozgorailu izatea be ez dogu baztertzen.
8. Zeintzuk dira Kostarri Kultur Alkartearen zereginak?
Orain pare bat urte hasi ginan hizkuntzeari, nortasunari eta tradizinboari indarra emoteko asmoz. Helburua da gure herritik harago mundu osoko artistakaz truke kulturalari eustea. Ezagutu, partekatu eta mundu honetako sensibilidadeakaz alkarlana bultzatuz; truke horren bidez tradizionala edo garaikidea, bertokoa edo globala lotu gura doguz. Nazinoarteko ikuspegi honek gure komunidadeari perspektiba barriak ekarriko deutsoz eta, aldi berean, gure kulturearen onena mundura zabaltzeko aukerea emongo deusku. Zubiak eregitea da Koxtarriren asmoa, tradizino artistiko eta kulturalen sustapenean eta babesean erreferente bihurtuz.
9.- Busturialdeko X. Enpresa Idea Lehiaketako U-BAI saria irabazi zenduen igaz, Urdaibaiko berezitasunak eta aniztasuna zabaltzeko podkast bat egiteko ideagaz. Idea hori Bermeora ekarri eta hori oinarri hartuta, bertoko informazinoa herrian zabaltzea izango dozue helburu…
Bai. Hor tartean sartu genduzanak sano baliogarriak izango dira irratirako baina zonaldea edo eskualdea gura dogu indartu.
Gure ereduen artean, oraintxe gabiz hainbat irrati entzun eta aztertzen, Bilbo Hiria Irratia, Bizkaia Irratia, onlineko La Cafetera, Kataluniako Carne Cruda eta holakoak.
10.- Bateren batek zeuokaz berba egin eta proposamenak planteau gurako baleuz zer egin beharko leuke?
Lehen eta orain Itsuki Irratian ibilitako danak zorionduko ditut, interesa daben herritarrak be hurreratu daitezala eta zeuri be bai, eskerrik asko alkarrizketa hau egin deuskuzulako eta Itsukio Irratiaren bueltearen gaineko gorabeharak zabaltzen laguntzeagaitik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!