Elena Martinez de Madina: 'Sei mendetako 500.000 datu inguru atara doguz'
2024-08-05 08:00 BarriketanElena Martinez de Madina.
2023ko Urrezko Zeledon Saria emongo deutse Elena Martinez de Madina ikerlari eta euskaltzain urgazleari, Euskaltzaindiaren Gasteizko Toponimia egitasmoaren arduradunari, Gasteiz eta Euskal Herriko toponimia berreskuratzen Martinez de Madinak egindako lana saritu nahi izan dabe. 1962an emoten hasi zanetik, Urrezko Zeledona urtero Gasteizen emoten dan herri sari garrantzitsuenak Gasteiz uriaren alde egindako zerbitzuakaitik edo kultura, gizarte, arte edo zientzia agerpenen bidez uria goresteko, edo ospetsu nahiz eredugarri bihurtzeko egindako lanarengaitik nabarmendu diran petsona biziak zein erakundeak. Irailaren 10ean emongo deutse.
Gasteizko Toponimia VIII Dibiña I, merindadearen azterketearen lehen zatiari jagokio eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimia batzen dau; aurrerago Dibiña II osotu eta argitaratzea a asmoa.
Euskaltzaindiaren egitasmo honen datu-baseak 400.000 sarrera toponimiko ditu. Dibiña I lanerako toponimiaren ikerketea 27.000 sarrera inguruko corpus batean oinarrituta egin da eta, liburu honetan, gitxi gorabehera, 10.200 dokumentu-lekukotasun eta 1.106 sarrera toponimiko aurkeztu dira, hurrenkera egokian sailkatuak, gaineratu dau ikertzaile arabarrak.
Amaia Arrazola Otaduy gasteiztarraren Zeledonen jaitsiera da 2024ko Andre Maria Zuriaren kartel-lehiaketako irabazlea, 37 egileren artean; lehen fasean, Arabako diseinu arloko bost profesionalek osotutako epaimahaiak kartelaren proposamena egin daben 5 finalista aukeratu ditu eta bakotxak 500 € jaso ditu. Bigarren fasean, aurkeztutako 5 finalisten artean, Amaia Arrazola Otaduyrena izan da irabazlea eta 2.000 €-ko saria jaso dau.
1.- Gero eta egun gitxiago falta dira Urrezko Zeledon Saria hartzeko. Irailaren 10ean jasoko dozu, baina aurretik jaietan egingo dozu lehenengo egistamoa. Urduritasuna, tensinoa pilotuten, moltsotuten joango jatzuz. Zelan zagoz?
Bai, irailaren 10ean jasoko dot Urrezko Zeledon Saria. Hori bai, abuztuaren 6an jaietako zapia emongo deustie. Ez nago urduri, gogoz esango neuke.
2.- Gorka Ortiz de Urbinak be badauka Urrezko Zeledon Saria, 21 urte Zeledon izan danak. Ze gogoeta eragiten deutsu?
Kontu ezbardinak dirala esango nuke. Sariak, uriaren inguruan egin diran egitasmoak edo lanak autortzen ditu. Ni ez naz izan inoiz Zeledon [Barreak], baina Gasteizko toponomia historikoakaz arduratu naz, beste hainbat saltsetan sartuta egoteaz gan.
3.- Andre Maria Zuriaren ohoretan, abuztuaren 4tik 9ra izango dira Gasteizko Jaiak. Urrezko Zeledon Sariak eraginda edo plan berezirik?
Plan berezi bi dodaz: abuztuaren 6an aitatu dogun ekitaldia eta, hortaz gan, txikitan, neskatxoak eta emakumeak urtetan ez ziran garaian, nire anaia zenaren kuadrillan txistua joten neban, izan be, txistularia be naz. Aurton, 50. urteurrena beteko dabe eta eurekaz urteteko konbita egin deustie.
Irailaren 6a, Urrezko Zeledon Eguna danez, egun polita izango da, Urrezko Zeledon izan diranak autortuko doguz, bazkaria egingo da ostean eta zapia jarriko deustie. Horreezaz gan, urian pasauko dodaz jaiak, familia eta lagunekaz, betiko lez.
4.- Amaia Arrazola Otaduy gasteiztarraren Zeledonen jaitsiera da 2024ko Andre Maria Zuriaren kartel-lehiaketako irabazlea. Gustau jatzu?
Bai. Gauza asko ikusten doguz bertan, esaterako; uriko lau eleizak, San Miguel, San Vicente, San Pedro eta Santa Maria; erraldoi eta buruhandiak; eta, txistulariak.
Ganera, emakume batek egin dau, beraz, primeran.
5.- Ikerlari eta euskaltzain urgazlea zaitugu, Euskaltzaindiaren Gasteizko Toponimia egitasmoaren arduraduna. Gasteizko Toponimia VIII - Dibiña I obrea merindadearen azterketearen lehen zatiari jagoko eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimia batzen dau. Zelako corpusa erabili dozu?
Dagoeneko bigarren bildumea amaitu dogu, hori bai, oraindino ez dogu aurkeztu. Obra horrekaz, 28 urte daroadaz, izan be, 1996. urtean hasi nintzan. Henrike Knörr-en idea izan zan eta berak bultzau eban hasierean. Horren ostean, hainbat historiagileekaz batera, sei mendetako 500.000 datu inguru atera doguz.
Corpus horren ganean arduratu naz eta liburu guztiak egin dodaz. Lehenengo biak, Henriquegaz, argitaratu orduko hil da egon arren, batera egin genduzan.
Gasteizek, Euskadiko udal herri handienak, 64 herri ditu. Beraz, ikerketa filologikoa horren gainean egin genduan. Egia da, toponomia ikerketea egiteko, danetatik jakin behar dala, esaterako; historia, fauna, flora, errekak, egurra edo eleizak. Halanda ze, oso lotuta dagoz.
Poliki-poliki datu guztiak argitaratzen joan naz, sei mendetakoak hain zuzen be. Demagun, herri baten, gaur egun, gitxi gora behera 40 toponimo dagozela; beraz, sei mendetan zehar zenbat egon diran eta normalean, normatibizitatuak, hau da, 200 toponimo inguru dagoz herri bakotxeko.
Horren barruan, normalean, tomo bakotxean sei, zazpi edo zortzi herri sartzen dodaz eta horreetatik normalean, 12.000 edo 14.000 lekuko: dagoeneko desagertuak, moldatuak, itzuliak edo gaur egun eusten diranak.
6.- Benetan be, toponimo historikoak, gaur egungoak... Desbardintze eta sailkapen prozesu horretan, zoratu beharrean be ibiliko zinan...
Bai, erdi txoro nago [Barreak].
Ikertzen gagozenean, metodo zientifikoak jarraituz, hipotesi asko izaten doguz. Denporeak aurrera egin ahala, datu gehiago dagoz, gehiago dakigu eta garai batean planteau genduana, agian, barrikusi egin behar da. Lan hau, puzzle antzeko bat bezala da.
Adibidez, arkeologian harri moltsotxu topetan dabenean, lotu egin behar ditue, eraikina sortuz. Jakina, metodo zientifikoak jarraituz, ez edozein modutan. Geuk, antzerako zerbait egiten dogu. Batzutan, oso zaila izaten da; hipotesi batzuk hor geraten dira, izan be, oraindik behintzat, ez doguz lotzen.
7.- Gasteizko Toponimia I liburua Henrike Knörr Borrasen omenezkoa izan zan, onomastika lanetan sutsu ebilenaren omenezkoa. Esandakoak esanda dagoz baina euskaltzain urgazlea eta Gasteizko Toponimia egitasmoaren arduraduna izanda, zeozertxu nabarmentzekotan zeozer berezirik?
Lehen aitatu lez, berak bultzau eban egitasmoa eta bera izan zan lehen zuzendaria. Henrikeri esker jarraitzen dot, gaur egun, lan honetan. Beti be, Gasteizko Udalaren babesagaz, egon diran partidu guztien aldetik gainera. Beraz, danak babestu dabe proiektua eta hori oso garrantzitsua da.
8.- Toponimia kontuez gan, zertan zabiz orain lanean?
Une honetan obrea amaitu barri dogu eta prozesuko azken probak egiten gabiz, izan be, lan konplexua da. Horrezaz gan, eretxi artikuluak idazten dodaz. Oraintsu, sariaz eta jaietaz disfrutetako momentua da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!