Txomin Uribe: 'Digitalizazinoari esker, TU-K betirako izango da'
2024-08-26 08:10 BarriketanTxomin Uribe (TU-K taldea).
1.- 40 urteren ostean, Tuka esaten da binilo bikotxa argitarau dozue. Zergaitik?
Aspalditik gengozan pentsetan taldeak ez eukala soporte digitalik, halanda ze, galdu edo desagertu aurretik, zeozer atara behar genduan. Taldea ez zan existiduten, izan be, alde batetik, kantak ez egozan inon eta, bestetik, Kirmenen letrak be berreskuratu egin behar ziran, beraz, aparteko garrantzia emon deutsagu. Horrezaz gan, taldekide bat falta jaku eta, beraz, Justo Urkiriri be autortzea bada.
2.- Album bikotxa, hiru kantu barrigaz. Garai haretakoak? Zer eskaintzen deusku lan barriak?
Orduan joten genduzen abestiak dira, baita grabau barik geratu ziran hiru be. Beraz, Josu eta biok, abestiak eguneratu eta diskoa kaleratu dogu. Laguntzinoan, Jose Lastra izan da, teknikari eta tekladu lanetan.
Oso gustura geratu gara emoitzeagaz. Abesti barrietatik, letra bi Kirmenenak dira eta bestea, barriz, Josurena. Pentsetan dogu soinu ederra urten dala.
3.- Ez zarie sasoi haretako gazteak... Zer esango zeunskie TU-K ezagutzen ez daben 20 urteko gazteei?
TU-K taldea ezagutzen ez daben gazteei, orduan La Polla Recors, Cicatriz eta Hertzainak lako taldeekaz batera joten genduan gaztetxo batzuk ginala esango neuskie. Pop-iluna eta kontraste handiak ziran geure berezitazunak, beraz, oso ezbardinak ginan orduan eta baita orain be.
4.- Ibilbide artistikoan, musikari askogaz kolaborau dozu, baina beti be Josu Aranbarrigaz. Ondo ulerten zarien seinale...
Bai, esaterako, Negu Gorriak edo Delirium Tremens lako taldeetan parte hartu izan dot. Josu betidanik ezagutzen dot, TU-K taldeagaz ekin geuntsan baina urte batzuk aurrerago, musika rockeroagoa egin gura eta Piztiak taldea sortu edo abiarazo genduan.
5.- The sun lies down abestiaren irudi zaharrak berreskuratu dozuez... Zer sensasino emoten deutsu orain dala 40 urteko irudi horreek ikustean?
Sensasino ederrak, oso. Ez zan bakarrik TU-K taldearen soporte digitala edo biniloa kaleratzea, baita irudi horrek hartu, remasterizau, digitalizau eta jenteak ikusteko moduan jartea be. Irudi horreek berreskuratzeko lan asko egin dogu, izan be, antxinako formatuan dagoz grabauta eta berreskuratzea ez da izan ahuntzaren gauerdiko eztula.
6.- Letrei jagokonez, asko, zure anaiak, Kirmen Uriberek, idatzi zituan. Horren ostean, eutsi egin deutsazue alkarlaneari Piztiak taldean. Baita etorkizunean be?
Ondo dakizuen lez, Kirmen neure anaia da ta neu hasi nintzan bere letrak kantetan. Berak eaten dauen legez, beti sinistu izan dot haren talentuan, hasiera-hasieratik. Beti kolaborau izan dogu eta baita etorkizunean be, dagoeneko eskatu deutsodaz berbak beste abesti baterako [Barreak]. Geure arteko alkarlana beti izango da.
7.- Musikari beteranoak zarie, 40 urte daroazuez musika munduan, jakina, gauzak asko aldatu dira...
Musikari beteranoak baino, musikeroak garela esango neuke.
Gauzak asko aldatu dira, duda barik: gazteek askoz hobeto joten dabe, beste kontzeptu bat dago eta gauzatzeko, erreminta ugari ditue eskuragarri. Geuk, barriz, dana buruz egiten genduan. Baina horregaz be, gu pozik eta aurrera.
8.- Makinatxu lan hartu dozue, izan be, hainbat bideoklip martxan dozuez ezta?
Bai, behar asko hartu doguz. Gitxienez, kanta zaharretatik, hiru bideoclip izango dira: Itsuen begiradak, The sun lies down eta Pornografiaz abestienak hain zuzen be.
Barrietatik, barriz, beste hainbeste egitea atondu dogu. Dagoeneko kaleratu da lehenengoa, Argi Gorrizko Faroa; bigarrena irailaren hasieran argitaratuko dogu; eta zemenedian, hirugarrena. Lan asko hartu arren, TU-K betirako geratuko da.
9.- Zenbat denpora itxaron beharko dogu zuzenekoetaz disfrutetako?
Horrran gabiz... baina TU-Kerako ezta erraza. Pentsetan genduan segiduan hasiko ginala, baina letra konplikauak eta luzeak dira. Hori bai, espero dogu aurtengo abenduan kontzertu batzuk emotea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!