Silvia Larrauri: 'euskerea berreskuratu eta artea euskeraz sortzea da asmoa'
2024-10-28 07:54 BarriketanBAD Jaialdiaren barruan, Rojo Nieve lanaren estreinaldia eskaini dau oraintsu Musaloka Kolektiboak Bilbon. Sarrerak agortuta estreinau dabe La Fundicion Aretoan.
Musaloka Kolektiboa Gasteizen egoitzea dauen talde eszeniko garaikidea da. Taldeko kideek ibilbide luzekoak dira eta hainbat aldiz ibili izan dira lankidetzan. Orain, Musaloka Kolektiboara batu dira euren lehen piezea sortzeko: Rojo Nieve.
Lanaren sorkuntzea, idea eta zuzendari lanak egin ditu Silvia Larraurik eta makinatxu bat kontu doguz bilbotarragaz jorratzeko.
1.- Zorionak sarrerak agortuta eskaini zenduen Rojo Nieve lanak izan dauen erantzun bikainagaitik. Datu horrek nahikoa adierazoten badau be, harrerea zelakoa izan zan?
Eskerrik asko. Harrerea sekulakoa izan zan, gu pozik geratu ginan eskainitakoaz eta publikoaren erantzuna be apartekoa, ikusgarria, harro gagoz.
Obrearen hasieran komedia absurdoan sartzen da ikuslea baina aurrerago bueltea dator eta ikusleak espero ez dauen kode aldaketea agertzen da. Jenteari gehien gustau jakona izan da hori, ze txalo-zaparrada handiena hortxe momentuan jaso genduan,
2.- Rojo Nieve antzezlanean zer kontetan dozue? Clownaren teknikea berbakea barriakaz buztartzea izan ei da asmoa....
Komedia bat da izatez, giza eskubideak aldarrikatzen dituana baina iluna be bada, tragikomediatzat hartu daiteke, izan be, egunotan bizi doguzan gerrak be azaltzen dira, gizakiak zelan usteltzen diran kontetan dauen antzezlana da.
3.- Musaloka Kolektiboan zabizie Iñigo Sanz, Inés Vaquero eta Silvia Larrauri. Idea eta sorkuntza artistikoa zeureak izan dira baina aktore lanak be egin dozuz. Aginduak emoten ala aginduk beteten, non gustorago?
Aginduak betetea gustetan jat, jarrera erosoagoa da, ardurea bestearena dalako. Zuzentzea eta aldi berean antzeztea prozesu gogorra da.
Aitatu dozuzan horreek danak onak dira, talentu handikoak eta Ines Vaquerok kanpoko ikuspegia zabaltzeko lana be goi mailakoa izan da. Iñigo eta biok clown funtzinoan gagozanean, hara eta hona gabizenean, Inesek egundokoak esaten deuskuz eta berehala sartzen gara geure zereginetan.
4.- Kolektiboa zarie baina zure curriculum potoloan agiri da ekialdeko arte eszenikoak eta arbasoen maskarearen dantza errituala jorratu izan dozula Indonesian. Zerk erakarri zaitu?
Urte asko daroadaz ikasten, antzerkian beharrean eta antzezlanetan gozetan. Hori da nire pasinoa, maite dot bizimodu hori.
Maskaren harian, beti gustau izan jataz, antzezlanetan sortzen dan giroa apartekoa izaten da, maskarearen jantza errituala eta holakoak, jentearen erreakzinoak aztertzea gustetan jat. Beka bati esker joan nintzan Indonesiara eta asko ikasi neban hango maskara eta erreitualen inguruan.
5.- Artista hasibarriek gidatutako proiektua da Musaloka Kolektiboa baina zeintzuk dira kolektiboaren ezaugarriak?
[Barreka], ez dakit, bateren batek bota eban eta gustau egin jakun. Zuri-baltza da baina azalpen zehatzik ezin deutsut emon ze di-da etorri jakun eta aurrera egitea pentsau genduan.
Markeari eta gure nortasunari jagokonez, bila gabiz eta prozesuan aukera batzuk sortu badira be, ez gaitue asetu; lagun talde bat, koletibo bat, familia gara eta hori da gure markea. Antzerki fisikoa maite dogu, clowna, maskarak gustetan jakuz, ikerketa eszenikoarai aparteko garrantzia emoten deutsagu. Sorkuntza kolektiboa da gure ezaugarri nagusienetakoa. Eta badakit sormen prozesua gatxagoa dala, motelagoa, neketsuagoa, izan be, danon parte hartzeak aberastu egiten gaituan arren, emoitzea aberatsagoa da.
6.- Arte bizien, dramaturgia barrien alde egiten dozue baina ondare eszeniko klasikoa ahaztu barik…
[Barreka] Bai. Batzuetan clown berbea aitatzen dogunean, jenteak Pirritx eta Porrotx izaten ditu gogoan eta hori ondo dago baina clown eszenikoaren mundua oso zabala da. Nire ibilbidean oso gustora ibili naz arlo horretan eta emoitzea espero nebana baino askoz aberatsagoa izan da, organikoa.
7.- Nortasun eszenikoaren bila dabilen taldea izan arren, han eta hemen ibilitakoak zarie, besteak beste, Madrilen eta Kantabrian. Aurrratzean non ikusiko dogu Musaloka Kolektiboa?
Jakin nahiko neuke zer datorren hemetik aurrera. Programazino eta kudeaketa kontuetan gabiz baina Mallorka, Valladolid, Madril, Gasteizen eta aukerea egongo dalakoan nago baina data zehatzik ezin deutsut emon. Rojo Nieve obrea herririk herri ibiltea pozgarria litzateke eta horren alde gogor lan egiteko prest nago.
8.- Euskeraz idatzitako gidoirik aurkezteko asmorik badozu?
Bai. Musaloka Kolektiboan bertoakoak gara batzuk baina danak ez gara hemen jaiotakoak eta hor arazoa egon daiteke. Nik neuk 12 urte daroadaz hemendik kanpo eta euskerea maite dodan arren, ez da nire ama hizkuntzea, asko galdu dot eta asmoa da euskerea berreskuratzea eta euskeraz kapaz izatea antzezlan bat euskeraz interpretetako, artea euskeraz sortzeko. Horretan nabil eta prisa barik, alkarrizketa hau euskeraz egiteak emon deustan lotsea galdu eta normaltasunez egiteko kapaz izatea da asmoa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!