Kristina Mardaras: 'euskerea bihotzaren barru-barruan daroat'.

Koldo Isusi Zuazo 2024-10-14 07:55   Barriketan

Kristina Mardaras bertsolariari autortza berezia eskainiko jako ikuskizun formatoan Euskalduna Jauregian, urriaren 19an, arratsaldeko 18:00etan. Iurretan jaioa, bera izan zan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu eban emakumea, 1986. urtean. Mardaras bertsolaria, ipuin kontalaria, irakaslea eta herrigintza eta euskerearen aldeko ekintzailea da: BEST Topaketen III. edizino honetan haren lanaren autortzea egin nahi dogu, Bizkaiko emakume sortzaile askorentzat erreferentea eta aitzindaria izan baita adierazo dau Itxaso Payak, Zelako Kultur Ideiak alkarteko kideak. 

Aurkezpenean, Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kulturea eta Kirol Saileko foru diputaduak eta Itxaso Paya Zelako Kultur Ideiak alkarteko kideak adierazo dabenez, BEST ezinbesteko espazio bihurtu da Bizkaian arte diziplina guztietako emakume sortzaileak batu, alkar ezagutu, esperientziak eta ezagutzak alkarbanatu eta euren arteko sinergiak ahalbidetzeko.

Itxaso Payak zehaztu dauenez, Euskerea, kulturea eta genero bardintasuna ardatz ditu Zelako Kultur Ideiakek eta zeregin horretan hainbat dira proiektuak. Aurten Alonsotegin martxan jarri barri dogun DANA izeneko sormen gunea, egoitza artistikoak eta bestelako sormen prozesuak lantzeko atondutako espazio multidisziplinarra. Gura izan ezkero, Zelako.eus webgunean jaso daitekez kooperatibeak martxan dituan kultur egitasmo guztiak.

1.- III. BEST, Bizkaiko Emakume Sortzaileen Topaketan autortua izango zarela esan eutsuenean, zer pentsau zenduan?

Ez sinistuteko moduko egoerea izan zan. Gustagarria da holako autortzea egitea eta, beraz, pozik hartu neban baina lotsatu be egin nintzan. Ez dozu pentsetan holako merezimenturik jagotzun, badagozala beste batzuk izaten da lehenengo hausnarketea.  

2.- Bertsolaria, ipuin kontalaria, irakaslea eta herrigintza eta euskerearen aldeko ekintzailea zaitugu; Bizkaiko emakume sortzaile askorentzat erreferente sentiduten zara?

Zeozelan bai Bizkaian eta bai Euskal Herrian be. Orain urte batzuk ez neban pentsetan holakorik baina gitxika-gitxika jaubetzen zara egin dodazala gauza batzuk, nabarmentzeko modukoak. Gogoan daukat Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu eban emakumea nazela baina ez dodaz ahaztuko Bizkaiko Txapelketak eta holakoak, Fredi Paiari Bizkaikoa irabazi eta txapela jarri neutsan momentua... 

3.- Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian lehen aldiz parte hartu eban emakumea zara. 1986. urtean izan zan. Gogoratzen dozu ha momentua?

Bai. Ederra izan zan. Txikitatik hasi nintzan bertsotan, bertsolari sentiduten naz, emakumeak bertso-plazan agertzeko lanetan be ibili naz eta Maiztegi Herri Eskolako Bertso irakaslea be izan nintzan eta ez dodaz ahaztuko Durangoko bertso-eskolea sortu zanean, Jon Lopategigaz pasautako orduak...

Bbeti ibili naz euskerearen alde eta 
herrigintzan be ibilitakoa naz, saltsa askotan nabil eta jaubetu naz baten baten idatzietan eta bertsolarien artean agertu nazela eta horrek emon deust indarra.

4.- Zeuk jarri zeuntsan txapela Fredi Paiari, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Momentu berezia segurutik...

Jakina. Ez dot ahaztuko. Oso emozionantea izan zan. Erdal guneko bertsolari euskaldun barri bat izatea, berez miraria da niretzako; ikastoletan egindako lanari esker asko berreskuratu dogu euskerea baina non eta Algortan hiru seme-alaba, Fredi, Xabi eta Itxaso bertsogintzan ibiltea sekulakoa da. Nik Frediri ipini neutsan txapela eta Xabik be irabazi eban Bizkaiko Txapelketea eta Itxaso be ez daigun ahaztu, Zelako Kultur Ideak taldeko koordinatzailea da eta hor dagoz Go!azen eta eMcumeak.

Familia berezia da, miresten ditut eta datu lez baino ez bada be, Xabik Parisera eroaten eban Itxaso hango barri, giro kulturala eta ikustera

5.- Iurretara zara eta hirugarren edizino honetako irudia Aitziber Ibarguen Zallako sortzaileak egin dau Beatriz Sierra diseinatzaile grafiko igorretarraren kolaborazinoagaz. Gustau jatzu?

Bai, jakina. Kartel hori da 84 edo 85ean Mungian egindako Taket Saria txapelketea eta ordurako diseinautakoa da. Berrogei bat urte joan dira eta asko gustetan jat Aitziber Ibarguenen lana.

6.- Edizino bakotxean, erreferente izandakoak omendu izan ditue: 2022an Maurizia Aldeiturriaga, 2023an Eulalia Abaitua eta, 2024an, aurten, Kristina Mardaras. Zure izena handi horreen ondoan ikusteak ze gogoeta eragiten deutsu?

Txindurri bat naz handi horreen ondoan [Barreka]. Lotsatuta nago, behargin apala naz eta nire mundua hizkuntzearen igurukoa da, euskerea bihotzaren barru-barruan daroat, hainbat arlotan ibili izan naz eta gure hizkuntzearen zati bat dala gogoan hartuta, oraintxe hitanoa lantzeko proiektuan nabil Durangoko Azokarako berbodromoa atontzen, Euskal Herri mailako jarduerea.  

7.- Goizeko mahai-inguruan, berbeak izango dau garrantzia eta zeuk berbea darabizu bertsolaritzan, ipuingintzan zein herrigintzan; zer da zuretzako berbea?

Duda barik, berbakaz olgetan emon dodaz urteak, nire barruko gauzak atarateko tximinia, nire barruko sentimentu eta enparauak ataraten laguntzen deust berbeak. Berbea sentimendua da, berotasuna betetan nau bertsotan, ipuingintzan zein euskerearen munduan. Ganerakoan, Leire Palacios kazetariak dinamizauko dauen lehen mahai-inguruan, kultur arloan kudeaketa lanetan dagozan emakumeak batuko dira: Ana Gutierrez Zinemakumeak Gara! jaialdiko zuzendaria, Maria Gorizelaya BBK Aretoko programatzaile artistikoa, Marta Urcelay Musekintza jaialdiko koordinatzailea eta Matxalen De Pedro sortzailea eta Dantzertiko irakaslea.

Ondoren, emakume sortzaileek dituen plazak zenbat eta zelakoak diran aztertuko dau Leire Palaciosek. Bertan hartuko dabe parte Toti Martinez de Lezea idazleak, Aranzazu Calleja musikari eta konpositoreak, Eva Guerrero koreografo eta interpreteak eta Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariak.

8.- Urriaren 19an, autortza egunean, jantzak, bertsoak, interpretazinoa eta musikea barrubatzen dituan ikuskizuna atondu deutsue. Zer espero dozu?

Gauza polita izango dalakoan nago. Itxaso Paia atzera eta aurrera ibili dala badakit eta, beraz, gustauko jatala pentsetan dot, emozionau egingo naz, negar egingo dot baina seinale ona izango da hori, bertso batzuk preparetan be banabil eskerrak emoteko eta; jantzak, bertsoak, interpretazinoa eta musikea barrubatzen dituan ikuskizuna atondu dabe hainbat sortzailek: Meñakoz Jantza Taldea, Iratxe Urkiaga aktorea, Mad Muasel raperea, Onintza Enbeita, Haizea Telleria, Enare Muniategi eta Iruri Altzerreka bertsolariak eta Irina Alvarez eta Itxaso Gomez musikariak, hain zuzen be. Danak ez dodaz ezagutzen baina jente gaztea be badago horreen artean eta oso pozagarria da hori gure herriaren proiektuetan, euskalgintzan islatuko dalako.

9.- Best topaketotan BFA da babesle nagusia. Zein da zure eretxia?

Beharrezkoa da holako laguntzinoa, eskertzen dot jarrera hori, pozik nago eta pentsetan dot babes gehiago be beharko geunkela. Herrigintzeak behar dau erakundeen babesa herria eta herritarren ekimenak oinarrizkoak baitira. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu