Jone Guenetxea da Tokikom alkarteko presidente barria
2017-02-28 13:53 Euskerea berbagaiHerri eta eskualdeetako euskerazko komunikabideak batzen dira Tokikomen. Jone Guenetxea Anboto astekariko zuzendaria izango da presidentea aurrerantzean.
2014tik Urko Aristi izan da Tokikomeko presidentea. Besteak beste, Euskal Telebistan egindako lanagaitik da ezagun Aristi. Lekuko aldaketea egon da erakundean eta, aurrerantzean, bizkaitar bat, Jone Guenetxea Arrinda abadiñarra izango da alkarteko ordezkari nagusia.
Presidente aldaketea Eibarko Markeskua jauregian gauzatu da, Tokikomek bertan egin dauelako Ohiko Batzar Orokorra. Dagoeneko bost urte dira Tokiko Komunikabideen Bateraguneak izakera juridikoa hartzea erabagi ebala eta denporeak erakutsi dau erabagi zuzena izan zala, Tokikomeko kideek batzar horretan aitatu dabenez.
Gaur egun, Tokikomen barruan 68 komunikabide lokal dagoz, eta 200 behargin dagoz hor lanean. Presidentea aldatzeko ez eze, 2016an egindakoa berrikusi eta 2017ko zereginak zehazteko erabili dau Tokikomek Batzar Orokorra. Igaz, erakundeak anbizino handiko proiektuak martxan ipini zituala azpimarratu dabe batzarrean. Batez be, hedabideen arteko alkarlana eta integrazinoa bultzatzeko pausuak egin dira.
2017a, ostera, profesionalizazinoaren urtea izatea nahi dau Tokikomek. Lanaren eraginkortasunean arretea jarrita, hainbat proiektu martxan ipintea da asmoa: Edizino sistema bateratua, Gurenews plataformea, ikus-entzunezkoak...
Ganera, Batzar Orokorrean nabarmendu da Tokikomek Bizkaira begira egin dauen biraketea. Bizkaiko herri komunikabideen erreferenteetako bat da Anboto, Durangaldeko komunikabidea, eta bertako zuzendari Jone Guenetxea aukeratu dabe presidente. Bizkaiko erakunde publikoakaz hartu-emona estutzea eta Gipuzkoan dagozan moduko kanal jarraituak sortzea izango da Guenetxearen asmo nagusietako bat.
Ilusinoz eta gogotsu hartu dau kargu barria Guenetxeak. Tokikomeko ganerako kideek egindako moduan, presidente barriak be Urko Aristik egindako lana txalotu dau. Eibarko Batzar Orokorrean, ganera, erakundeko Administrazino Kontseiluko kide barriak aukeratu dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!