Alatz Etxebarriarteun: 'Bizkaian kontzertuak emoteko prest gagoz'

Andoni Mugica Lopez 2024-09-02 08:00   Barriketan

Alatz Etxebarriarteun (Orhi taldea).

Orhi, Bergara eta Azpeitiko musikariek 2022an sortutako pop-rock taldea da. Ondoko honeek osotzen dabe: Xabier Payros Pay, Alatz Etxebarriarteun, Ainhoa Martin, Aitor Narbaiza Narba, Leire Ugarte eta Ion Ugarte.

Erritmo azkar eta lasaiak buztartzen dituan taldeak, aurton kaleratu dau bere lehenengo lana, Izarrek ez izenekoa.

Gogotsu dagoz lana ezagutarazoteko eta zuzenekoak emoteko.


1.- Izarrik ez zeuen lehenengo lana da. Zerk eroan eutsuen taldea sortzera?

Aspalditik ezagutzen gara, lagun taldea da gurea, batetik eta bestetik musikearen grinak alkartu gintuan eta helburu jakin barik musikearen sormen prozesuan sartu ginan. Abestiak sortzen hasi eta taldeari formea emotea erabagi genduanean, halanda ze, Orhi taldea sortu zan.

2.- Badira hilabete batzuk diskoa kaleratu dozuela (maiatzak 11), harrera ona izan dau?

Diskoaren harrerea ona izan da. Egia esan pozik gagoz jenteak emon deuskun erantzunagaz. Izarrik Ez eta Barneko Otsoa, batez be, izan dira gogokoenak. Halanda be, pixkanaka goaz eta poliki-poliki zuzeneko gehiagoren bila, geure lana aurkeztu ahal izateko.

3.- Zelakoa izan zan sortze prozesua? Estiloa bilatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula...

Estiloaren bilaketea sormen prozesuaren parte izan da. Guztira, 6 taldekide gara eta bakotxak bere ibilbide musikala izan dau, norberaren gustu pertsonalagaz. Abestien ideakaz hastean nabarmena izan da bakotxak bere ildotik egiten ebala, baina horrek be, taldea aberastu dau.

4.- Izarrik ez Florence The Machine lako artistak dakarskuz gogora. Ze beste artista izan dituzue gogoan zeuen doinuetan?

Florence & the Machine taldea gogora ekarteagatik eskerrik asko! Talde galanta da eta. Lehen aitatu dodan bezela, bakotxak bere talde gogokoenak izan ditu erreferentziatzat, halanda be, bat esateagaitik, The Cramberries taldea nabarmenduko genduan.

5.- Beraz, hemengoak eta kanpokoak gogoan hartuta, ze musika entzuten dozue?

Danetarik! Klasikotik hasita, punk eta Oi doinuak, Rocka eta popa eta elektronikea be jorratu dogu. Momentuak eskatzen dauenaren arabera! 

6.- Talde bezaela, zeintzuk izango dira Orhi-ren hurrengo pausuak? Kolaborazinorik aurreikusten dozue? Lehen diskoan, esaterako, Amorantegaz egon zarie...

Hurrengo pausuak, gustuko doguna egiten jarraitzea da, abestiak sortuz eta zuzenekoetan geure lanak aurkeztuz. Kolaborazinorik momentuz ez dogu eskuartean, baina, esan bezela, Amorantegaz alkarlanean ibili ostean, seguru etorkizunean gehiago suertatuko dirala, izan be, oso esperientzia ona izan zan.

7.- Orhi taldeaz gan, beste talde batzuetan be joten dozue. Esaterako, zeu, Alatz, Golden Blend taldeko kide be bazara. Beraz, agendea egokitzea ez da izango erraza...

Hori da, neu GoldenBlend-en, Payros-ek baxua DBQ taldean eta besteak be badabiz mila saltsatan... Halanda be, geure espazioa emoten saiatu gara Orhi proiektuari eta ensaietako adibidez beti momentu bardinean izatea erabagi genduan.

Kontzertuei jagokenez, erraz moldau gara orain arte. Beraz, erritmo onean, aurrera.

8.- Zuzenekoei jagokenez, atondu dozuez?

Asteburu honetan izan dogu zuzeneko bat eta beste batzuk oraindino zehaztu barik dagoz. Ia aukera gehiago suertatzen diran! Bizkaian kontzertuak emoteko be, prest gagoz!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu