Busturialdea irabazle, Bertsolari Gazteen BBK Txapelketako lehenengo kanporaketan

Bizkaie! 2017-03-08 13:57   Bertsolaritzea

Arratzun jokatu da aurtengo edizinoko lehenengo saioa. Busturialdeko taldeak finalaurrekoetarako txartela eskuratu dau, Durangaldekoari puntu erdiagaitik irabazita.

Arratzun gazteak kantari (argazkia: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Etxean hasi dau Busturialdeko seikoteak aurtengo BBK Txapelketea eta indartsu ekin deutso lanari. Arratzuko Barrutialde BHI ikastetxean jokatu da saioa goizeon, bertako ikasleak entzule dirala. 18 urtera artekoen zein 24 urtera artekoen mailetako ariketa guztiak amaituta, puntuazinoak batu dira eta agirian geratu da talde bien artean egon dan alde txikia: Busturialdeak 371,5 puntu batu ditu eta Durangaldeak, 371, hau da, puntu erdi gitxiago.

Olatz Larrinaga gai-jartzaile dala, honakoak egon dira epaimahaian: Juanjo Respaldiza, Jurgi Fuentes eta Moises Enbeita. Ione Narbaiza izan da epaimahaiko idazkaria. Epaileen puntuazinoak ikusita, seikote biak paretsu ibili dira. Baina bakar batek baino ezin dau aurrera egin eta, beraz, Busturialdeak jokatuko dau finalaurrekoa. Igaz finalera heldu ziran eskualde horretako ordezkariak. Durangaldearen ibilbidea, ostera, gaur bertan amaitu da, aurtengo edizinoari jagokonez.

Busturialdeko taldean, honeek izan dira oholtzan gaur: Julen Carrion, Pello Gerrikaetxebarria eta Beñat Bilbao, 18 urtera arteko kategorian; nagusietan, Aitor Etxebarriazarraga, Mikel Retolaza eta Koldo Gezuraga.

Durangaldearen ordezkari seikote hau egon da Arratzuko saioan: Ander Sarriugarte, Eider Gallastegi eta Iruri Altzerreka gazteetan; eta Xabier Barreña, Peru Astigarraga eta Gorka Pagonabarraga nagusietan.

Bertsolari Gazteen XXV. BBK Txapelketako hurrengo saioa datorren asteko martitzenean, hilak 14, jokatuko da, Igorreko Arratia BHIn (11:30). Arratia eta Enkarterri/Ezkerraldea lehiatuko dira. Busturialdeak eta Igorreko saioko irabazleak martiaren 24an jokatuko dabe finalaurrekoa alkarren kontra, Zallan. Beste finalaurrekoa Durangon izango da, hilaren 28an.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu