Badator Bertsolari Gazteen BBK Txapelketearen 25. edizinoa

Dabi Piedra 2017-03-07 12:29   Bertsolaritzea

Seina bertsolariko zortzi taldetan banatuta, Bizkaiko eskualde guztietako bertsolariak egongo dira. Arratzun izango da lehenengo saioa. Finala, martiaren 31n.

Ione Narbaiza, Etxahun Lekue, Leire Aragon eta Juanjo Respaldiza | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtero antolatzen da Bertsolari Gazteen BBK Txapelketea, Bizkaiko Bertsozale Alkartearen, BBKren eta Ikastolen Alkartearen eskutik. Bertsolari gazteei plazan kantetako lekua eskaintzea eta gazteen arteko hartu-emona estutzen laguntzea dira helburu nagusiak. 25 edizino beteko dituan honetan, osasuntsu dago txapelketea, Bizkaiko eskualde guztietako parte-hartzaileak egongo dira eta.

Ohiko moduan, eskualdeen araberako taldeetan banatuko dira parte-hartzaileak. 1993an, lehenengo edizinoan, bost talde eratu ziran. Aurten zortzi izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri-Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe Butroe eta Uribe Kosta. Talde bakotxean sei kide egongo dira, hiru 18 urtera arteko mailakoak eta beste hiru 18-24 tartekoak. Guztira, beraz, 48 bertsolari eta, kanporaketek aurrera egin ahala, beste batzuk be batuko dira, taldeetan aldaketak egoten diralako.

Hasteko, lau kanporaketa egongo dira. Lehenengoa, martiaren 8an, eguaztena, Arratzun, Busturialdea Durangaldearen kontra. Martiaren 14an, Igorren, Arratiak eta Enkarterri-Ezkerraldeak neurtuko ditue indarrak. 15ean, Sopelan, Uribe Kostaren eta Hego Uriberen txandea izango da eta 21ean, Markina-Xemeinen, Lea-Artibaikoek eta Uribe Butroekoek kantauko dabe.

Kanporaketetako irabazleek finalaurrekoak jokatuko ditue, martiaren 24an Zallan eta 28an Durangon. Holan erabagiko da ze talde bik jokatuko daben martiaren 31ko finala. Aurten lekuz aldatu dabe finala, Bilboko BBK Salan izango da (19:00). Txapelketan inoz parte hartu dabenei finalean egoteko deia egin deutsie antolatzaileek, 25. urteurrenaren atxakian talde argazkia ateratzeko eta alkarren barri izateko.

Ariketak moltso bitan banatuta egingo dira saio bakotxean. Batetik, 18 urtera artekoen ariketak egongo dira. Bestetik, 18 eta 24 urte bitartekoenak. Saioko irabazlea erabagitzeko, zati bietako puntuazinoak batuko dira.

Igaz hasitako bidetik, aurten be epaile eta gai-jartzaileetako batzuk gazteak izango dira, zeregin horreetan hasi barriak. Bertsozale Alkarteko ordezkari Ione Narbaizaren ustez, gai-jartzaileak eta bertsolariak edade berekoak izateak badaukaz abantailak: Euren errealidadea ekarriko dabe gaietara. Ganera, harrobi lana egingo da gai-jartzaileen eta epaileen arloan be.

Izan be, Bizkaiko bertsolaritzearen harrobia lantzeko txapelketa aproposa da hau. Gaztetxuei plazak emoten deutsieguz, askorentzat lehenengo plazea BBK Txapelketan izaten da, azaldu dau Narbaizak. Ikastolen Alkarteko Juanjo Respaldizaren esanetan, aurtengo parte-hartzaileen arteko 16k lehenengoz kantauko dabe txapelketan. Taldekako saioak izanik, hasten dagozan neska-mutilentzat inguru egokia da lehenengo plazak egiteko, taldearen babesean dagozalako.

Era berean, Ione Narbaizak azaldu dau, gazte bertsozaleentzako alkargune be badala BBK Txapelketea: Gazteek alkar ezagutzeko aukerea daukie eta euren arteko sarea sortzen dabe. Etxahun Lekueren ustez, hasi barrientzako erraztasun handia da sare horretan sartzea eta nagusiagoen babesa sentidutea. Gaur egun Bizkaiko txapelduna da Lekue, baina gogoan hartu dau BBK Txapelketan egin ebala lehenengo plazea, 13 urtegaz.

Txapelketan dagoan giro ona azpimarratu dau Lekuek, baita txapelketea zelan joan dan zabaltzen be. Gogoratu dau bera hasi zanean bost talde baino ez egozala. Larrabetzuko bertso-eskolan gazte gitxi egozanez, talderik talde ibili zan hasikeran: Arratian, Bilboaldean, Hego Uriben... Halandabe, 25 urtean egin dan lanak frutuak emon dituala uste dau eta hori Bizkaiko bertsogintzearen gaur egungo osasun onean igarten dala.

BBK Fundazinoko Leire Aragonek txapelketearen 25 urteko ibilbidea nabarmendu dau: Mende laurena daroa bertsolaritzea bultzatzen. BBK bultzatzaile nagusia izanik, Aragonek dinoanez, gure hizkuntzea erabiltzea eta kulturea jagotea da gure eginkizuna. Juanjo Respaldizak, bestetik, adierazo dau aurten ederra datorrela BBK Txapelketea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu